Tapiak Euskadi Basque Country standa inauguratu du Hannover Messe azokan
Sektore teknologikoki berritzaile guztietan soluzioak eman ditzaketen teknologia disruptiboak lantzen dituen industria-herrialde gisa aurkeztu da Euskadi.
Erakunde-agendak Alemaniarekiko eta Mexikorekiko harremanak sendotzekoa izan du ardatz.
Euskal enpresen ordezkaritza oso zabala izan da Euskadi Basque Countryren Standaren inaugurazioan.
Sailburuak Goierri Valleyren gunea bisitatuko du bertan parte hartzen duten enpresei babesa erakutsiz.
- Euskadi bere industria-indarra erakusten ari da aste honetan, Alemaniako Hannover Messe azokan. Azoka hori arlo horretako Europako garrantzitsuenetako bat da, eta, zalantzarik gabe, erakusleihorik onena da euskal enpresak munduaren aurrean agertu ahal izan daitezen, beste leku batzuetan aplikatzen ari diren teknologiak ezagut ditzaten eta negozio-bide berriak irekitzen saia daitezen.
Gaur, asteazkena, jarduera eromenezkoa da berriz ere, eta merkataritza-jardueraz gain, goi-mailako erakunde-agenda bat zehaztu da Alemaniako ordezkariekin (herrialde anfitrioia da Alemania) eta Mexikoko ordezkariekin (Hannover Messe azokaren edizio honetako herrialde gonbidatua da Mexiko).
Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia berriki izendatu duten Mexikoko Estatuko Garapeneko idazkari Alberto Curirekin bildu da gaur. Alberto Curi FIDEPARK erakunde publikoko gerentearekin batera joan da bilerara (erakunde hori SEDECOren mende dago, eta industria-parkeak garatzen ditu). Hannover Messe azokan egon ondoren, Curi Euskadira joango da, eta hainbat bilera egingo ditu SPRI Taldearekin.
Gaur egun, Mexikok 170 euskal enpresen 211 inplantazio bereganatzen ditu, eta Txinarekin batera euskal inbertsio gehien erakartzen duen herrialdea da.
Mexikoko Estatuko Garapeneko idazkariarekin ez ezik, Nuevo Leóngo Garapen Ekonomikoko idazkari Fernando Turner-ekin ere bildu da Tapia goizean, Euskadi Basque Country standean. Nuevo Leonek eta Euskadik antzekotasun asko dituzte, industriaren pisua oso handia da bietan eta etengabeko apustua egiten dute berrikuntzaren alde.
Bestalde, Alemaniako Bavaria eskualdearekiko harreman onak ere islatu dira gaurko agendan, Euskadiko ordezkaritza eskualde horretako standaren inauguraziora gonbidatu baitute. Ekitaldia Ekonomiako ministro Pschierer jaunak zuzendu du. Pschierer Bavariako Estatuko idazkari ohia da, eta Euskadi bisitatu zuen 2016. urtearen amaieran.
Euskadi Basque Country standaren inaugurazioa
Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak zuzendu du ekitaldia, eta inaugurazioko diskurtsoan, Basque Country 4.0 estrategiaren ardatza den euskal industriaren gaitasunaren balioa azpimarratu du.
Euskadi aliantza publiko-pribatu gisa aurkeztu da, honako hauek barnean hartzen dituena: industria-enpresa handiak, gorantz doazen startup txikiak, eta enpresa-sareari lotutako zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sare sendo bat, Euskadiko erakunde, zentro teknologiko eta enpresek egin dituzten eta 4.0 Pilotaje Taldeak zuzendu dituen aurrerapen nagusiak ahaztu gabe.
Beraz, ez da alderdi sektorialez hitz egin. Aitzitik, sektore teknologikoki berritzaile guztietan soluzioak eman ditzaketen teknologia disruptiboak lantzen dituen Euskadi industrial bat aurkeztu nahi izan da. Teknologia horiek honako eremu hauek hartzen dituzte barnean: energia, automozioa, aeronautika, osasuna, elikadura eta mugikortasuna.
Inaugurazio-ekitaldian, halaber, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernaez, Industriako sailburuorde Javier Zarraonandia, SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriola eta Fabrikazio Aurreratuko Pilotaje Taldeko presidente Manu Salaverria izan dira. Eta, haiekin batera, Euskadiko enpresetako ordezkari ugari ere bai.
Gaurko arratsaldeko agenda
Mexikoko Querétaro Estatua
- Agendan aurreikusitakoaren arabera, Tapia sailburuak Mexikoko Querétaroko Estatuaren gonbidapenari erantzungo dio gaur arratsaldean, eta Mexikoko standera joango da. Bertan, BIND 4.0 ekimenaren inguruan interes handia agertu duen Francisco Dominguez Servién gobernadorearekin bilduko da. Gobernadorearekin batera, Mexikoko ordezkaritza osatuko dutenak honako hauek izango dira: Marco A. Del Prete (Garapen Jasangarriko idazkaria), Rodrigo Ruíz Ballesteros (Gazteriaren idazkaria), Guillermo Lozano Lozano (Industria Sustapeneko zuzendaria), Germán Borja Garduño (Garapen Ekonomikoko zuzendaria), Paulina Villaseñor (Querétaroko Estatuko Inbertsioaren sustatzailea), Carolina Tavares (Querétaroko Estatuko Inbertsioaren sustatzailea) eta Laura Hernández (Gazteriaren idazkariaren Partaidetzako koordinatzailea Bind 4.0 ekimenarekin).
Euskadi Basque Country nazioartekotze estrategian lehentasunezko eskualdea da Querétaro, potentzial ekonomikoagatik, bertan ematen den industria motagatik, eta euskal enpresek (bereziki produktiboek eta automozio eta aeronautika alorrekoek) erakusten duten interesagatik.
Atzo, bilera teknikoago bat egin zuten Euskadiko eta Querétaroko ordezkarien artean. Bilera horretan, dagoeneko hirugarren edizioko hasierako faseak betetzen ari den BIND 4.0 StartUpen azelerazio-programaren xehetasunak azaldu ziren.
Goierri Valley
- Hannover Messe 2018 azokan, hogei euskal enpresa inguruk hartuko dute parte. Haietako batzuk ohikoak dira azoka horretan. Beste batzuentzat, ordea, parte hartzen duten lehen aldia izango da. Haien artean, Goierriko Goierri Valley izeneko industria-aliantza aipatu beharra dago. Aliantza horretan, 50 enpresa baino gehiago daude sartuta, eta batzuk oso enblematikoak dira, hala nola CAF, Orkli, Hine eta Ampo. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-ordezkaritzak Goierri Valleyren standa bisitatuko du eguna amaitu aurretik.
Informazio gehiago Irekian: http://bit.ly/2vHNBd4
Lotutako albisteak

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.