Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 27 Marzo, 2019 Berrikuntza Ekintzailetza I+G BIND Bio-osasuna Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi UP Euskadi

Naru startup-aren Step sistemak adimen artifiziala aplikatzen du minbiziaren aurkako tratamenduak hobetzeko

Sistema honek medikuei laguntzen die erabakiak hartzen

 

Sistema honek medikuei laguntzen die erabakiak hartzen

 

Naru adimen artifizialeko sistemen garapenean espezializatutako startup bat da, eta sistema horien helburua da tratamenduak, gaixoen jarraipena eta gaitzen prebentzioa hobetzea. Naruren sortzaileak Eider Sánchez eta Maider Alberich dira, telekomunikazio arloko bi ingeniari, elkarrekin uztartu dituztenak medikuntzari aplikatutako AA sistemen, bio-informatikaren eta zientzia konputazionalen ezagutzak.

 

Enpresa BIC Gipuzkoan sortu zen 2017an eta une honetan bere lehen produktua garatzen ari da: Step. “Onkologiako konplikazioak aurreikusteko sistema adimendun bat da, pazienteengan ohikoak diren patroiak detektatzen dituena eta beren eboluzioa aurreikusten duena” adierazi du Eider Sánchezek. Aplikazio honek medikuek eta pazienteek emandako datuak biltzen ditu, eta aztertu ondoren informazio baliotsua erauzten du tratamenduen eraginkortasuna ebaluatzeko.

 

Step minbizi mota desberdinei zuzentzen zaie: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa eta biriketakoa. Sistemak hainbat abantaila eskaintzen ditu hala pazienteentzat nola mediku eta osasun sistementzat. Erabiltzailearentzat gidaliburu pertsonalizatu bat da, gaixotasunari buruzko gomendioak eta informazio baliozkotua ematen diona. Kanal bat da baita ere kontsultatik kanpo medikuarekin komunikatzeko eta bere sintomen eta bizi-kalitatearen berri emateko.

 

Bestalde, medikuarentzat, informazio-iturri preziatua da pazienteen jarraipen hobea egiteko. “Step-ek erabakiak hartzen laguntzen dio medikuari ospitaleratzea eta konplikazio larriak saihesteko, horiek baitira pazientearen bizi-kalitatea gehien murrizten duten faktoreak” azaldu du Eider Sánchezek, Naru enpresako zuzendari nagusiak. Profil desberdinetako pazienteengandik jasotako datuak aztertuz, aplikazioak tratamenduen eraginkortasuna ebaluatzen du eta gai da esateko zein den pertsona bakoitzarentzako tratamendu eraginkorrena.

 

Naru enpresako lantaldea tresna berria baliozkotzen ari da, urtebeteko epean merkaturatu ahal izateko. Oraingoz minbizi mota batzuei zuzentzen bazaie ere, sistema beraizik diseinaturik dago etorkizunean beste gaixotasun kroniko batzuekin ere erabiltzeko. Funtzionaltasun berriak sartu nahi dizkiote aplikazioari, “produktua hobetu ahala, nutrizioari eta jarduera fisikoari buruzko coach funtzio osatuagoak sartuko dizkiogu, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko” azaldu du ingeniariak.

 

Bind 4.0-ren 3. edizioan parte hartzen ari diren 32 startup-etako bat da Naru. Bind 4.0 azelerazio-programa bat da, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak zuzentzen dutena Euskadiko enpresa trakziogileekin batera. Duela gutxi jakin dute baita ere MassChallenge Biscay lehiaketan parte hartuko duten 15 enpresa berrietako bat izango dela. Ekimen hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta MassChallenge azeleragailuak sinatutako akordio baten emaitza da eta helburutzat dauka euskal startup-ak harremanetan jartzea nazioarteko ekintzailetza- eta berrikuntza-sareekin.

Lotutako albisteak

28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eskualdeen lehiakortasuna sustatzeko topaketa batean parte hartu du SPRIk Belgikan
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
EMA Ergonomiak lan-inguruneetan kargak manipulatzeko irtenbideak eskaintzen ditu
Irakurri gehiago
27 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Lehendakariak Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Murori eman dizkie Joxe Mari Korta 2024 sariak
Irakurri gehiago
26 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Bizkaiak bigarren Berrikuntza Funtsa bultzatuko du, % 15eko zerga-kenkariarekin, ETEetan berrikuntza sustatzeko
Irakurri gehiago
25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Sidenorrek estrategia bat sustatu du enpresaren balio-kate osoan emakumearen presentzia handitzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak