Arantxa Tapiak eta Estatu horretako Ekonomi eta Lan Arloko idazkari Roberto Russildi-k bilera bat egin dute, elkarrekin trukatzeko teknologiari, ekintzailetzari, zibersegurtasunari eta enpresa arloko balizko inbertsioei buruzko ezagutza
Nuevo León lehentasunezko Estatuetako bat da Euskadi Mexikon nazioartekotzeko estrategiaren barruan, bai bere potentzial ekonomikoagatik eta ordezkatzen duen industria motagatik eta bai euskal enpresen interesagatik
Nuevo León Estatuak lankidetza-akordio bat du SPRI Taldearekin 2018ko azarotik
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak bilera bat egin du gaur Arabako Teknologi Parkean Roberto Russildi-rekin, Mexikoko Nuevo León Estatuko Ekonomi eta Lan Arloko idazkariarekin. Euskadik harreman ekonomiko estua du Nuevo Leónekin, zeina batez ere 4.0 Industriaren garapenean eta ekintzailetza teknologikoko programetan zentratua baitago, eta SPRI Taldeak hainbat lankidetza-akordio dauzka Estatu horrekin. Azken hilabeteetan Euskadi eta Nuevo Leóneko ordezkari instituzionalek hainbat bisita profesional egin dizkiote elkarri.
Nuevo León lehentasunezko Estatuetako bat da Euskadi Mexikon nazioartekotzeko estrategiaren barruan, bai bere potentzial ekonomiko eta teknologikoagatik eta ordezkatzen duen industria motagatik, eta bai euskal enpresen interesagatik. Nuevo León Estatuak Nuevo León 4.0 estrategia diseinatu du Basque Industry 4.0 euskal estrategia oinarri hartuta, eta 4.0 industria sustatzeko ahalegin hori egin duen Mexikoko aurreneko Estatua da. Une honetan, 170 euskal enpresak 211 ezarpen dauzkate Mexikon, euskal inbertsio gehien hartzen dituen herrialdea delarik Txinarekin batera.
Tokian bertan ezagutzea garapen ekonomikoko euskal estrategia
Nuevo Leóneko Estatu idazkariak Europara, zehazki Parisera eta Euskadira, egin duen bidaiaren barruan antolatu da gaurko topaketa. Arantxa Tapiarekin egin duen bileraren kasuan, Mexikoko ordezkaritzaren helburua izan da lehen eskutik ezagutzea Eusko Jaurlaritzak bertako industriaren eta enpresaren garapen ekonomikorako diseinatu duen estrategia.
Roberto Russildi-k estrategiari eta garapen ekonomikorako eta berrikuntzarako planei buruzko azalpen xehatua jaso du aldez aurretik Estíbaliz Hérnaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordearen eta Alex Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiaren eskutik, zeintzuek harrera egin baitiote gaur goizean Estatu Idazkariarekin batera etorri den ordezkaritza zabalari (Américo Gracia Ekonomi eta Lan Arloko idazkariordea eta Leopoldo Cedillo NL4.0, ko presidentea, Metalsako CEO).
Gero, Tapiak eta Russildi-k informazio gehiago trukatu dute Euskadik 4.0 Industriaren inguruan aplikatu dituen estrategiei buruz (Digital Innovation Hub eta industrialdeetan Banda Zabala ezartzeko plana), eta baita ere nazioartekotzeari, atzerriko inbertsioak atzemateari, ekintzailetzari, finantzaketari eta industriaren sustapenari buruz.
Mexikoko ordezkaritzak Arabako Teknologi Parkera eginiko bisita aprobetxatu du, bertatik bertara ezagutzeko Euskadiko berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoko metodologia -Arabako BIC (Business Innovation Centre) bisitatu du, zeinaren jabe gehiengoduna baita SPRI Taldea- eta euskal industriaren zibersegurtasun estrategia –Basque Cybersecurity Centre, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroan izan da, hau ere Miñaon kokatua.
Euskadira eginiko bidaia bukatzeko, ordezkaritzak Zornotzako Automotive Intelligence Centre (AIC) bisitatuko du, bilera bat izango du bihar, ostiralean, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearekin (GAIA klusterra), eta Sisteplant eta Virtualware enpresen instalazioak bisitatuko ditu.
Lankidetza-akordioa
SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriolak eta Nuevo León 4.0 Kontseiluko presidente Leopoldo Cedillok lankidetza-akordio bat sinatu zuten joan den azaroan Mexikoko Estatu horri laguntzeko (zeinetan kokatua dagoen Monterrey, Mexikoko hiri garrantzitsuenetako bat) eraldaketa digitala sustatzen eta Amerikako Ekonomia Adimentsuko erreferente bihurtzen 2025erako.
Akordio horren bertutez elkarrekin partekatuko dituzte 4.0 Industriari buruzko ezagutzak eta jardunbide egokiak, eta baita ere hemengo eta hango profesionalak, eta bi herrialdeek elkarrekin lan egingo dute ekintzailetza arloan, eredutzat hartuz Eusko Jaurlaritzaren Bind 4.0 programa arrakastatsua. Gaurko bisita da konpromiso horren erakusgarrietako bat.
Erakunde arteko harreman estua
Nuevo León Estatuak eta Euskadik erakunde arteko harreman estua izan dute azken urtebete honetan. Euskadiko eta Mexikoko 4.0 Industriako estrategiek 2018ko Hannover Messe azokan egin zuten topo lehenengoz eta, harrezkero, hainbat truke eta bilera egin dira eta gorago aipatutako lankidetza-akordioa sinatu da SPRI Taldearekin.
Hannoverreko azokaren ostean, Nuevo León 4.0 Euskadin izan zen joan den azaroan, 4.0 Industriaren arloko erreferentziazko ekitaldian (Basque Industry 4.0), eta hantxe sinatu zen lankidetza-akordioa. Baliteke berriro etortzea azaroaren 20an eta 21ean egingo den aurtengo ediziora.
Aurtengo urtarrilean Nuevo Leóneko ordezkaritza bat Euskadin izan zen BIND 4.0 programa sakonago ezagutzeko, antzeko zerbait abiarazi nahi dutelako han (MIND 4.0).
SPRI Taldea hizlari eta edukien batzordekide gisa gonbidatua izan da Monterreyko Unibertsitate Teknologikoko Berrikuntza eta Ekintzailetza Korporatiboko Zentroak antolatzen duen INC Corporate Innovation and Growth Forum ekitaldira, datorren azaroaren 9an.
Nuevo León Estatuak 5,1 milioi biztanle dauzka. Estatuko biztanleen ia %88 Monterrey inguruko metropolian bizi da. Nuevo León Estatuaren Barne Produktu Gordina (BPG) Mexikokoaren %7,6koa izan zen 2015ean, herrialdeko 3. Estatu garrantzitsuena bihurtu zelarik. Mexikoko BPGa %2 inguru hazi da azken urteotan eta Nuevo León Estatukoak ere erritmo bera darama, agian batez bestekoa baino apur bat gehiago. Industria, energia eta eraikuntza sektoreak BPGaren %38 ordezkatzen du (Euskadin %30). Euskadirekin alderatuta, hango ekonomia %7,7 handiagoa da bakarrik. Euskadiko per capita BPGa hangoaren bikoitza baino handixeagoa da. Nuevo Leónek 213 industria-talde ditu, gehienek Monterrey edo bere inguruko metropolian dutelarik egoitza.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?