Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 2 apirila, 2019 Nazioartekotzea ASEAN Asia eta Ozeania BasqueTrade & Investment India Txina

Euskal enpresentzako negozioak Asiako hego-ekialdean

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako jardunaldi batean erakutsi da nolako aukerak dauden proiektuak eskuratzeko Vietnam, Malaysia, Filipinak, Indonesia eta Thailandian
Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendaria Ainhoa Ondarzabal, jardunaldian

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako jardunaldi batean erakutsi da nolako aukerak dauden proiektuak eskuratzeko Vietnam, Malaysia, Filipinak, Indonesia eta Thailandian

 

Asiako hego-ekialdia ez da lehentasunezko negozio-gune bat euskal enpresentzat, baina potentzial handiko merkatua da bere 615 milioi biztanleekin. SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) jardunaldi bat antolatu du astearte honetan Bilbon, eta bertan izan dira bost herrialde hauetako enbaxadore eta ordezkariak: Vietnam, Malaysia, Filipinak, Indonesia eta Thailandia.

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek ireki du ekitaldia esanez erakunde publikoaren zereginetako bat dela “beren premia praktikoenei egokitutako informazio garrantzitsua ematea” nazioartekotze arloko enpresa eta profesionalei, “jardunaldi eta mintegiak” antolatuz. Esan du Agentziak urtean 23 milioi euroko aurrekontua kudeatzen duela programa eta zerbitzuetarako, 30 langile dituela Bilbon eta beste horrenbeste  atzerrian, 16 bulegoz osatutako sare batean.

 

Agentziak bulego bat dauka Singapurren, Asiako hego-ekialdean egiten duen laguntza lanetarako. Ainhoa Ondarzabalek esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren 2017/2020 Enpresa Nazioartekotzeko Planaren ikuspegitik munduko eskualde hori “esplorazio fasean dauden herrialde multzo bat” da.

 

“Horrek esan nahi du Euskadik ez duela presentzia handirik herrialde horietan,  euskal enpresa gutxi ari direlako han lanean edo ez dagoelako euskal produkzio-ezarpen edo ordezkaritza komertzial askorik herrialde horietan. Halere, gerta liteke perspektiba sektorial batzuetatik merkatu horiek  estrategikoak bihurtzea”.

 

Lizitazio plataforma

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Alberto Gavinek aurkeztu du Agentzia horretako lizitazio plataforma, bidea errazten diena euskal enpresei atzerriko proiektuak eskuratzeko. Asiaren kasuan, proiektu ugari detektatu dira. Gavinek azpimarratu du Vietnamen gurari handi bat dagoela aldaketa klimatikoaren ondorioak gutxitzeko, esaterako “ura eraginkorki erabiliz edo hondakin urak birziklatuz. Eta energiaren arloan, proiektu bat dago herrialde osoa elektrifikatzeko”.

 

Malaysian, gehitu du, badira aukerak bertako klusterrak hobetzeko eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko. “Filipinetan hiri garraioa bultzatu nahi da hiriburuan, Manilan, eta trenbidea erdialdeko Luzon eskualdean. Badira orobat nekazaritzako proiektu batzuk, zeintzuk behar dituzten azpiegiturak, teknifikazioa eta lurzoruaren erabilera onen mapeatze bat”.

 

Indonesian, berriz, hainbat proiektu interesgarri daude euskal enpresentzat, hala nola hondakinen kudeaketa, energia geotermikoa, turismoaren garapena edo lurzoruaren erabilera hobea.

 

Bost herrialde horietako enbaxadore eta teknikariek euren herrialdeetako datu ekonomikoak eta inbertsio aukerak azaldu dituzte jardunaldian. Hala, Vietnam, 95 milioi biztanlerekin eta 7.000 dolarreko per capita BPGarekin, %7 inguru hazi da azken lau urteetan, eta aukera handiak eskainiko ditu indarrean sartzen denean aurten Europar Batasunarekin sinatua duen Merkataritza Libreko Ituna. “Euskadirekin duen harreman komertziala apala da oraindik, 200 milioi dolarrekoa”.

 

Filipinetan —100 milioi biztanle eta %6 inguruko hazkundea azken bost urteotan— truke komertzial garrantzitsuenak arlo hauetan ari dira gertatzen: manufaktura industrian, azpiegituretan eta EIKTetan (informazio eta komunikazio teknologiak)”.

 

Indonesia munduko hamaseigarren ekonomia da eta %5 inguru hazi da urtero azken bost urteetan. Kokapen geografiko pribilegiatua du, 17.000tik gora uharte eta era askotako baliabide naturalak, dela  petrolioa eta gasa, dela ikatza eta mineralak.

 

Malaysiak —32 milioi biztanle eta 8.700 euroko per capita errenta—, izugarri aldatu du bere ekonomia iragan 40 urte hauetan. Gutxitu egin du lehen sektorearen pisua (%33tik horren erdia baino gutxiagora) eta handitu industriarena, zeina BPGren %12tik %18raino hazi baita. Baditu 50 herrialdetako 5.000tik gora enpresa atzerritar, eta euskal enpresen artean Idom eta Ormazabal daude kokatuta bertan.

 

Thailandiak —69 milioi biztanle eta 6.700 dolarreko per capita BPG— oso langabezia-tasa txikia du, %1 ingurukoa. 2018an 252 bilioi dolarreko esportazioak egin zituen, hau da, %7 hazi ziren, eta Espainiarekiko harreman komertzialak 1,9 bilioi ingurukoak izan ziren, 165eko hazkundea izan zutelarik.

 

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Nazioartekotzea
Irundingo botilaratzeko makinak, munduko edozein txokotan
Irakurri gehiago
Basque WomenIN 20 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
B·WOMENIN Globalen bosgarren saioak emakumeen ekintzailetza nabarmentzen du hedapen globalaren eragile gisa
Irakurri gehiago
Red Exterior Vasca 20 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Estatu Batuak, Alemaniak eta Frantziak BasqueTrade International Meetingsen jarri dute arreta euskal enpresetan
Irakurri gehiago
20 Azaroa, 2024 Nazioartekotzea
Arpisak bere nazioarteko merkatua sendotu du Hazinnovaren eskutik
Irakurri gehiago
Webinar Automoción 18 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Automobilaren sektoreko euskal enpresek Europako industria honen erronkak eta aukerak jorratu dituzte
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak