Enpresa bizkaitarrak 4.0 Industriako teknologiak darabiltza datuak atzemateko eta aztertzeko
Zeuko konpainiak 25 urte beteko ditu aurten. Zeuko tradizio industrial handiko bost enpresaz osaturik dago eta euren izenen hasierako letrekin eratzen da konpainiaren izena (Zorroza, Elyma, Urbasa, Krug eta Omega). Zeukok jasogailuak eskaintzen ditu portu, ontziola, lantegi siderurgiko edo zentral nuklearretarako. Bere azken erronka da 4.0 Industriako zerbitzu teknologikoak garatzea mantenimendu- eta monitorizazio-lanetarako. Zeuko enpresako Managing Director Ismael Bienvenidorekin hitz egin dugu.
Zer egiten duzue Zeukon?
Gure enpresak jasogailuen arloko neurriko konponbideak sortzen ditu bezeroentzat, adibidez, garabiak. Gai gara edozein garabi, jasogailu edo zamalanetarako tresna diseinatu, konpondu, egokitu, aldatu eta monitorizatzeko. Teknologia berriak sartu ditugu gure prozesuetan, gure bezeroak lehiakorrago izan daitezen.
Nolako konponbideak eskaintzen dituzue?
Makinen mantenimendua jarduera-esparru garrantzitsua da guretzat. Lehen matxuratzen zena konpontzen genuen, orain, berriz, sentsore bidez monitorizatu dezakegu gertatzen den guztia. Portuko zamalanak produkzio-lantegi bateko zereginen antzekoak dira eta oso garrantzitsua da monitorizatzea. Horri esker gai gara inbutuak detektatzeko eta lantegi bakoitzaren aktiboak non dauden jakiteko. Terminal Operating System (Terminalaren Sistema Operatiboa) edo TOS baten helburu nagusia da kontrolatuta izatea edukiontzi-terminal bateko edo portu bateko karga mota desberdinen mugimenduak eta biltegiratzea. Horrelako sistemekin posible da hobeto erabiltzea aktiboak, eskulana eta ekipoa, lan-karga planifikatzea eta informazio eguneratua eskuratzea erabaki onenak hartzeko. Monitorizazio hori ikaskuntza-algoritmoekin konbinatzen dugu portaera patroiak detektatzeko eta akatsak aurreikusteko denbora errealean.
Nolako elementuak monitorizatzen dituzue?
Sentsoreak jartzen dizkiegu makinei eta tresnei. Hemendik urte batzuetara, makina jasogailu guztiek sentsoreak izango dituzte, denbora errealeko informazioa eduki ahal izateko. Esperientzia zabala dugu horrelako makinekin eta badakigu non agertzen diren nekeak eta akatsak, badakigu zein elementu sentsorizatu informazio onena eskuratzeko. Horrek abantaila handiak ditu. Garabi bateko pieza bat hausten denean, ordezkoa fabrikatu eta muntatu behar izaten da eta hori hilabete askotako lana izan liteke. Ordea, garabia monitorizatzen badugu eta aurreikusi badezakegu noiz izango duen arazo bat, denbora hori aurrezten da eta kostuak gutxitzen dira. Hala, matxuraren inpaktua txikiagoa izango da.
Nolako sentsoreak erabiltzen dituzue garabien egoera gainbegiratzeko?
Tenperatura-, hezetasun- eta bibrazio-sentsoreak erabiltzen ditugu, informazio asko ematen digutelako errotaziozko elementuei buruz. Orobat erabiltzen ditugu zehaztasun handiko distantziako sentsoreak, gai direnak zati guztien dimentsioak neurtzeko eta lasaierak detektatzeko. Horrelako sentsoreek arazo mekaniko larriak saihesten dituzte. Hurbiltasun eta indukziozko sentsoreak, berriz, garabiaren distantziak neurtzeko eta egitura mapeatzeko erabiltzen dira. Sentsore elektrikoak ere erabiltzen ditugu energia-kontsumoa monitorizatzeko edo intentsitateak neurtzeko. Eta ultrasoinuzko sentsoreak ere bai, materialen dentsitatea ezagutzeko eta arrakalak agertzen diren ala ez ikusteko. Oso garrantzitsuak dira, adibidez, soldadura bidez lotutako eremuak monitorizatzeko.
Neurketa onak lortzeko, magnitude desberdinak neurtzen dituzten sentsoreak konbinatu behar dira. Sentsore bakar baten neurketak berez ez digu gauza handirik esaten, baina datuak konbinatzen baditugu emaitza garrantzitsuak lor daitezke.
Zuena bezalako sektore tradizional batean, nolako harrera izan dute 4.0 Industriarekin lotutako proposamen hauek?
Badakigu aplikatzen dugun teknologia oso baliagarri izan daitekeela produktibitatea, kostuak eta segurtasuna hobetzeko. Hala ere, nahiz eta gure bezeroek entzun duten 4.0 Industria oso garrantzitsua dela eta tren honetara igo beharra dagoela, oraindik ez dakite ongi zertarako den. Baina trenean egon nahi dute, badakitelako garrantzitsua dela. Teknologia aplikatuz, imajinatu ere egin ezin dituzten zerbitzuak eskain diezazkiekegu gure bezeroei.
Portuetako sektoreaz gain, esperientzia duzue zentral nuklearren arloan ere. Nolako lanak egin dituzue?
Duela gutxi bukatu dugu Almarazeko zentral nuklearra NUREG araudira egokitzeko prozesua. NUREG araudiak dio zein baldintza bete behar dituzten karga kritikoak maneiatzen dituzten garabiek, hau da, huts egiten badute erradioaktibitate isuri bat eragin dezaketenek. Arauak hainbat arlotako betebeharrak ezartzen ditu: mekanikoak, egiturazkoak eta funtzionamendukoak. Besteak beste, gai izan behar dute funtzionatzen jarraitzeko akats bakar bat gertatzen bada, eta lurrikarak jasateko, garabiaren edo kargaren integritatea arriskuan jarri gabe. Gure lantaldeak araudi hori betetzeko aldaketak egin ditu 11 zentral nuklearretan (Espainiako guztietan, Vandellósekoan izan ezik).
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?