Segurtasuna eta industria dira SPRI Taldeak antolatutako hitzaldien ardatza
Maiatzaren 6tik 16ra ArabaTIC ekitaldiaren hirugarren edizioa egingo da Gasteizen. SPRI Taldeak Enpresa Digitala ekimenaren bidez bultzatutako topaketa horien helburua da teknologia digitalak eta beren potentziala ezagutaraztea, batik bat, enpresen artean. Zortzi egunetan profil desberdinetako konferentzia eta hitzaldi irekiak egingo dira, eraldaketa digitala sustatzeko euskal enpresa-sarean.
Topaketa bakoitzak gai bat hartuko ardatz, arreta berezia eskainiz zibersegurtasunari, 4.0 Industriari eta teknologiek negozio aukera berriak irekitzeko duten potentzialari. Hala, aste horretan bertaratuek aukera izango dute hainbat ezagutza berri barneratzeko: enpresaren segurtasuna hobetzeko estrategia berriak, softwarea probatzeko tresnak edota Blockchain teknologien inpaktua ulertzeko giltzarriak, besteak beste.
Zibersegurtasunari dagokionez, Osane Consulting aholkularitzako Juan Antonio Callesek hitzaldi bat emango du maiatzaren 8an (asteazkena), non hizpide hartuko dituen Iturri Irekietako Adimena (OSINT) eta nola prebenitu enpresen esposizioa. Bestalde, maiatzaren 13an (astelehena), Derten Sistemas enpresako Íñigo Carrera antolakundeetako kate-begi ahulenez mintzatuko da, hots, langileez, eta azalduko du nola eskaini zibererasoak saihesteko prestakuntza egokia.
Maiatzaren 15ean (asteazkena) Globe Testing enpresako Eneritz Zubizarretaren txanda izango da, zeinak softwarearentzako testei buruzko hitzaldi bat eskainiko baitu, eta biharamunean, Tecnaliako Oscar Lage Blockchain teknologiaren potentzialaz mintzatuko da. Teknologia disruptibo horiek aukera ematen dute harreman eta truke seguruak sortzeko ezezagunen artean, negozio-ereduak deszentralizatzen dituztelako, eta sekulako eraldaketa eragin dezakete enpresetan.
ArabaTIC ekitaldian beste hitzaldi batzuk ere eskainiko dira, hala nola: WordPress-aren alternatibak enpresen web orriak garatzeko, datuak aztertzeko eta bistaratzeko tresnak, nola aprobetxatu onlineko publizitatearen potentziala eta informazio geografikoa lehiakortasun abantaila gisa erabiltzeko giltzarriak. Hitzaldi guztiak Arabako hiriburuan egingo dira, Artium eraikineko auditorioan. Parte-hartzea dohainik da, baina plazak mugatuak dira eta izena eman behar da aldez aurretik.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?