Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 maiatza, 2019 Nazioartekotzea BasqueTrade & Investment

Talentua nazioartekotzeko gakoak

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Intergune+2019 ekitaldian, nazioartekotzearen urteroko hitzorduan, hizpide hartu dira nazioarteko mugikortasunak enpresentzat dakartzan erronkak

 

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Intergune+2019 ekitaldian, nazioartekotzearen urteroko hitzorduan, hizpide hartu dira nazioarteko mugikortasunak enpresentzat dakartzan erronkak

“Nazioarteko mugikortasunak ez dakar beti promozio profesionala”, dio Maider Martinek, Danobat enpresako pertsona saileko zuzendariak

 

Talentuari buruzko foro bat izan da maiatzaren 6 eta 7an Barakaldoko BECen egin den Intergune+2019 ekitaldiko –nazioartekotzearen urteroko hitzorduko– aurtengo edizioko nobedadeetako bat. Talentua da Eusko Jaurlaritzak 2020ra arte indarrean daukan nazioartekotze-planeko estrategiaren zortzi bektoreetako bat, eta sakon aztertu da Intergune ekitaldian, hots, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak enpresariei beren negozioak atzerrira ateratzen laguntzeko egin duen apustuan.

 

Ekitaldi horretako paneletako batean hizpide hartu dira euskal enpresetako profesionalen nazioarteko mugikortasunak dituen arazoak eta erronkak, eztabaida moderatzen aritu delarik Iñaki Ezkurra, Euskal Agentziako Enpresen Nazioartekotze saileko zuzendaria.

 

Danobat enpresako pertsona saileko zuzendari Maider Martinek esan duenez, profil egokiak aukeratzeaz gain “erronka handienetako bat izaten da pertsonen garapena, hau da, nola lortu langileek profesionalki aurrera egiten jarraitzea”. Esan du bere enpresan atzerriratzeek  –“zazpi kasu baino ez ditugu” –  baldintza homogeneoak dituztela, eta bi profil desberdin: “batzuek erantzukizun handiagoa dute, konfiantzazko lanpostuak dira eta horietarako hautagai gehiago izaten da; besteak urtebete edo birako atzerriratzeak izaten dira, antzeko postuetarako izan arren profil teknikoagoa dute, eta zailagoa izaten da horietarako pertsona egokiak aurkitzea”.

 

Danobat-eko zuzendaritza karguak esan du filosofia bat dutela itzulerarako: “ez sortu bete ezineko espektatibarik. Nazioarteko mugikortasunak ez dakar beti promozio profesionala”.

 

Gestamp enpresako zuzendaritza-kargu Joseba Mezok esan du kasu guztiak desberdina direla. “Bi aukera ditugu: toki-aldatzeak, 6 hilabetetik beherakoak, eta atzerriratzeak, 3 urtekoak eta estandarizatuta ditugunak. Orain baditugu kasik 100 lagun,  toki-aldatuak eta atzerriratuak nahaste.”  Arazoen artean, zergak eta bisatuak azpimarratu ditu. “Baina arazo nagusia da erabakitzea nor mugitu behar duzun, eta bere familia. Goragoko postuetako langile gehienek familia izan ohi dute, eta atzerriratuz gero, bikotekidea edo familia herrialde berrira ez egokitzea izaten da itzultzeko arrazoi nagusia”.

 

Mezok uste du Euskadiko langileak atzerrira eramateko “indar handia egin behar dela, eta, batez ere, jendea animatu behar dela.  Eta askoz errazagoa izaten da, baldin kanpora irteteak promozio profesionala badakar”. Gestamp enpresako zuzendaritza-karguak esan du bere enpresan “beti bermatzen dela hiru urteren buruan itzultzea. Besterik da nola eta nora itzultzen zaren. Baina denek ez dute itzuli nahi izaten, batzuetan kanpoko baldintza ekonomikoak hemengoak baino hobeak direlako”.

 

Mugikortasunaren porrot-tasari dagokionez, Joseba Mezok esan du: “Hasi ginenean, porrot-tasa %10ekoa zen, eta orain ia ez dago.  Adibidez, saiatzen gara inor ez bidaltzen AEBetara aurretik han egona  ez bada”.

 

Nazioartekotzeko bekak

Iñaki Ezkurrak Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko beka-programak azaldu ditu. BEINT programak 32 urte bete ditu aurten eta 100 beka banatzen ditu urtero unibertsitateko titulatuentzat. Onuradunek 25 urte dituzte batez beste eta lehen esperientzia profesionala izanak izan behar dute beka eskuratzeko. “Normalean oso eboluzio azkarra izaten dute, berehala iristen dira erantzukizun handiko postuetara eta gehienek etekin interesgarria ematen diete enpresei”.

 

Beste programak Global Training du izena, 2012an sortu zen eta mugikortasun bekak eskaintzen ditu unibertsitateko eta Lanbide Heziketako titulatuentzat. “Normalean, lan-esperientziak eskaintzen ditugu atzerriko enpresetan. Nola 400 beka banatzen ditugun, enpresa kolaboratzaileak ditugu”.

 

Tknika-ko Agustin Agirrek prestakuntzan izan duen esperientzia azaldu du. Kontatu du makina-erreminta zentro bat sortu dutela Txinan, bertako sektore industrialetarako langile kualifikatuak prestatzeko. “Hiru ziklo daude eta Txinako zein Espainiako titulazioak ematen dira. Jomugan bertan sortzen dugu talentu hori”. Bigarren adibidea Mexiko da: “Nola han euskal enpresa asko dauden langile kualifikatuak behar dituztenak, programa bat diseinatu genuen prestakuntza emateko Mexikoko enpresa eta erakundeetako langileei, hala Mexikon nola Euskadin.  Proiektua ebaluatzen ari gara, eta prestakuntza jaso duten pertsona horiek guztiak jadanik lanean ari dira enpresetan”.

 

Deustuko Unibertsitateko Alex Rayonek ziurtatu duenez, “oso zaila egin zaigu atzerriko enpresei ulertaraztea zer den prestakuntza duala, munduan beste inon ez dagoen zerbait sortu nahi dugulako”. Datozen urteetarako erronkatzat jo du enpresen eta unibertsitateen arteko etengabeko elkarrizketa.

 

Rayonek iragarri du nazioarteko harreman eta diplomazioa master bat hasiko dela Deustuko Unibertsitatean, ezen, “Javier Zarranoandia Industria sailburuordeak esan bezala, beharrezkoak ditugu nazioartekotzean espezializatutako langileak”.

 

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Nazioartekotzea
Irundingo botilaratzeko makinak, munduko edozein txokotan
Irakurri gehiago
Basque WomenIN 20 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
B·WOMENIN Globalen bosgarren saioak emakumeen ekintzailetza nabarmentzen du hedapen globalaren eragile gisa
Irakurri gehiago
Red Exterior Vasca 20 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Estatu Batuak, Alemaniak eta Frantziak BasqueTrade International Meetingsen jarri dute arreta euskal enpresetan
Irakurri gehiago
20 Azaroa, 2024 Nazioartekotzea
Arpisak bere nazioarteko merkatua sendotu du Hazinnovaren eskutik
Irakurri gehiago
Webinar Automoción 18 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Automobilaren sektoreko euskal enpresek Europako industria honen erronkak eta aukerak jorratu dituzte
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak