Intergune+ ekitaldiak lehenengoz antolatu du Talentu Foroa, helburutzat hartuz euskal gazteen mugikortasun profesionala sustatzea talentua sortzeko estrategia gisa
Topaketa horretan ikasleentzako BEINT eta Global Training nazioarteko bekak aurkeztu dira. 2019an 500 plaza eskaini dira guztira
Talentu gehien sortzen duten munduko 10 eskualdeen artean dago Euskadi
Hain lehiakorra eta globalizatua den enpresa-ingurune honetan, funtsezkoa da atzerrian esperientzia profesionala izatea lanpostu bat bilatzeko orduan. Gainera, enpresek gero eta gehiago eskatzen dituzte nazioartekotzearekin lotutako profilak. Horregatik, Talent Spot foroa izan da Intergune+ 2019 Kongresuko nobedade garrantzitsuenetako bat. Espazio horrek mugikortasun profesionala sustatu du goi-mailako ikasketak egiten ari diren euskal ikasleen artean.
Talentu Foroa maiatzaren 6 eta 7an egin da Bilbao Exhibition Centre-n, SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko antolatzen duen Intergune+ ekitaldiaren barruan. Bi egun horietan, Talent Spot foroak zubiak eraiki ditu hezkuntza eta enpresa munduen artean, eta foroko parte-hartzaileei azaldu die nolako aukerak dakartzan nazioartekotzeak beren etorkizun profesionalerako.
Nazioartekotzeko Euskal Agentziak bultzatutako bi beka-programak aurkeztu dira foroan: BEINT eta Global Training. Biak zuzentzen zaizkie goi-mailako ikasketak dituzten gazteei eta bien artean 500 beka eskaini dituzte 2019ko ediziorako. Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Maite Subinasek Talent Spot foroan azaldu bezala, “programa horiek sustatzen ditugu, gaur egungo testuinguruan enpresak elkarren lehian dabiltzalako talentua lortzeko, eta ardatz oso garrantzitsuak dira gure plan estrategikoaren barruan, zeinak helburutzat baitu gaikuntza espezializatua indartzea Euskadin”.
Nazioartekotze esperientziak lehen pertsonan
Foroaren bi jardunaldietan hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin dira nazioartekotutako enpresekin eta BEINT nahiz Global Training beketan parte hartu duten gazteekin, zeintzuek lehen pertsonan azaldu baitute beren esperientzia. Aurkezpen guztietan azpimarratu da zein garrantzitsua eta aberasgarria den atzerrira irtetea, profesionalki nahiz pertsonalki. 2012an Global Training beka jaso zuen YasminaZaraudogoitiak azaldu duenez, “zeure burua gainditzeko aukera bat da zentzu guztietan, gaitasuna ematen dizu egokitzeko eta askoz proaktiboago izateko”. Bestalde, Uxua Astigarragarentzat BEINT “aukera bat izan zen nire ibilbidea berrorientatzeko”. Beka horrek aukera eman zion lehenbizi Sao Paulon eta gero New Jerseyn lan egiteko aholkulari komertzial bezala.
Nazioarteko esperientzia funtsezko elementua da enpresentzat talentu bila dabiltzanean. “Aniztasuna funtsezko balorea da gure enpresan” azaldu du Montserrat Pardok, Microsofteko Harreman Instituzionaletako zuzendariak, “atzerrian lan egin duen pertsona bat ohituta dago ingurune anitzetan mugitzen eta eremu erosotik irteten, eta horrek lotura estua du berrikuntzarekin”. Oronako Giza Baliabideen arduradun Garbiñe Berazak nabarmendu du horrelako esperientziak garrantzitsuak direla lana bilatzean: “gaur egun, merkatua globala da eta enpresa guztiek baloratzen dituzte nazioarteko esperientzia duten langileak”.
Nazioartekotzearekin lotutako gaitasunak
Talent Spot topaketan, Nazioarteko Kudeaketa eta Negoziazio arloko aditu Cristina Gonzálezek azaldu du zeintzuk diren nazioarteko esperientziarekin lotutako gaitasunak: egokitzeko erraztasuna, anbiguotasuna onartzea, trebezia sozialak, enpatia eta pertzepzio zorrotza. “Adimen kulturala deitzen diogu beste kultura batzuetako pertsonekin erlazionatzeko gaitasunari eta horrek bere baitan hartzen ditu enpresek beren langileei eskatzen dizkieten hainbat trebezia” adierazi du Gonzálezek, “beharrezkoa da horrelako gaitasunak izatea, eta ez bakarrik atzerrian lan egiteko, gutxi baitira atzerriarekin kontakturik izan gabe biziraun dezaketen enpresak”.
Azkenik, Talentu Foroan izan da Iván Jiménez ere, Bizkaia Talent ekimenaren zuzendari nagusia. Bere erakundeak dauzkan datuen arabera, Euskadi eskualde liderretako bat da talentu-sorkuntzan, munduko hamargarren eskualdea delarik ikasketa tertziarioak dituzten biztanleei dagokienez. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen horrek goi-mailako kualifikaziodun profilak erakarri eta itzularazi nahi ditu Euskadira, datozen urteetan ere hazten jarraituko duen euskal enpresen talentu premiari aurre egiteko.
Bizkaia Talent ekimenak hainbat proiektu dauzka martxan, zeintzuek elkarrekin konektatzen baitituzte euskal enpresak eta atzerrian lan egiten duten goi-mailako kualifikaziodun profesionalak. Bizkaia Talent ekimenaren zuzendariak bi proiektu aurkeztu zituen Talent Spot topaketan: lehena, Basque Talent Map, profil profesionalak eta goi-mailako kualifikaziodun langileentzako lan-eskaintzak biltzen dituen plataforma bat; eta bigarrena, Basque Talent Observatory, merkatuko eskaerak aztertuko dituen tresna bat.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?