Enpresa donostiarrak 4.0 Industriaren arloan egiten du lan eta “spin-off”ak sortzen ditu negozio berriei ekiteko
Innovae euskal enpresa erreferente bihurtu da 4.0 Industriara zuzendutako errealitate birtual eta areagotuaren erabilpenean. 2014an sortu zen Donostian eta 40 langile ditu. Bulego komertzialak ditu Madrilen eta Bartzelonan, eta spin-off berriak sortu nahi ditu datozen urteetan. Innovae-ko zuzendari nagusi Pablo Ayalarekin elkarrizketatu gara.
Zer egiten du Innovae-k?
Gure konponbide eta produktuek errealitate birtual eta areagotua erabiltzen dute eraginkortasuna eta segurtasuna sortzeko eta kostuak aurrezteko 4.0 Industriaren eremuan. Gure bezeroak dira enpresako prozesuak hobetzeko azken belaunaldiko tresnak erabili nahi dituzten enpresak. Eskaintzen dizkiegun zerbitzuei esker, berrikuntzak egin ditzakete marketin-, salmenta-, prestakuntza-, mantenimendu-, logistika-, fabrikazio- eta kontrol-arloetan.
Jarriko didazu zuen garapenen adibideren bat?
Errealitate birtualeko hainbat simulagailu garatu ditugu askotariko garabiak eta orgatila jasotzaileak kontrolatzeko. Asmoa da langileek ohiz kanpoko egoeretarako entrenamendua jaso dezatela, jakiteko nola erantzun horrelako egoeretan mundu errealean. Antzeko zerbait da egin da azken urteotan hegaldi-simulagailuekin. Entrenamendu bat da jakiteko nola jokatu larrialdiak eta matxurak gertatzen direnean. Mota horretako hainbat proiektu garatu ditugu, adibidez, Arcelor enpresarentzat edo Pasaiako Portuarentzat.
Eta errealitate areagotuari dagokionez?
Hiru kontzeptu-proba egin ditugu errealitate areagotuarekin automozioaren sektorean. Lehenengoak zerikusia du mantenimendu-lanekin. Mantenimendu prebentiboa eta zuzenketa-lanak egin behar dituzten teknikariek errealitate areagotuko bisore bat jartzen dute; gailu horrek pausoz pauso esaten die nola egin behar dituzten mantenimendu-lanak eta zein diren erabili behar dituzten tresnak. Teknologia hau espreski zuzentzen zaie mekanikari edo elektrizitateari buruzko ezagutzak dituzten baina mantenimendu zehatz bat egiteko esperientziarik ez duten profesionalei.
Errealitate areagotuaren arloarekin jarraituz, badugu kontrol-sistema bat soldaduren kalitatea ikuskatzeko behar den denbora optimizatzeko. Normalean, soldadurak ikuskatzean, 3D planoak irakurtzen dira ordenagailu-pantaila batean, eta aztertu behar da non jarri ultrasoinuen detektagailua. Errealitate areagotuko bisorea erabiliz, jakin dezakegu non kokatu sentsore hori mapa ordenagailuan kontsultatu beharrik gabe.
Errealitate areagotuaren arloko hirugarren garapenak margotze-lineetarako dira eta helburutzat dute akatsak murriztea, batere ez egiteraino. Kasu honetan, bisoreak langileari esaten dio non jarri ibilgailu modelo desberdinetako pintura kontrolatzen duten “sticker”-ak.
Zein eremutan dauzka ondorio gehien errealitate birtual eta areagotuaren erabilpenak?
Nik hiru ildo azpimarratuko nituzke: prestakuntza, mantenimendua eta digital twin edo datuen bistaratze aurreratua. Prestakuntzari dagokionez, ikaskuntza-eredu seguru eta eraginkorragoak sortzen ditugu. Nola makina baten erabilera-prozesua simulatzen duen benetako makina erabili beharrik gabe, aukera ematen du kostuak aurrezteko eta segurtasuna hobetzeko.
Mantenimendu-lanei dagokienez, bestalde, ongi-etorriak dira eraginkortasun portzentajea lantzen duten tresna guztiak. Guk SAAM izeneko produktu bat eskaintzen dugu, zeinak euskarri integrala ematen baitu mantenimendu-prozesuak digitalizatzeko, 3D edukiak eta errealitate areagotua barne. Bestalde, badugu ATR izeneko beste konponbide bat, hots, urruneko euskarri teknikoa emateko tresna kolaboratibo bat. Konponbide horrek errealitate areagotua eta bideo-konferentziak egiteko teknologia darabil, eta horri esker, berehala eta eraginkortasunez identifikatzen da intzidentzia, argibide zehatzak ematen direlarik konpontzeko.
Hirugarren ildoa digital twin edo biki digitaletan eta informazioaren bistaratze aurreratuan zentratzen da, errealitate birtual eta areagotua baliatzen duelarik horretarako. Hala, egoera monitorizatzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak hobetu daitezke.
Zergatik aukeratu zenuten 4.0 Industria zuen teknologientzako negozio-nitxo bezala?
4.0 Industria sekulakoa da paradigma bezala eta ondorioak izango ditu enpresa guztietan. Konpainia guztiek sartu beharko dute datuen tratamendu eta analitikako geruza hori, eta langileen ezagutza hobetu beharko dute errealitate birtual eta areagotua erabiliz. Halakorik egin ezean, lehiakortasun desabantaila handiak izango dituzte.
Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?
Hazkunde-ratio handiak izan ditugu, urteko %30-50 ingurukoak. Asmoa da hazten jarraitzea produktuari dagokionez. Konponbide estandarizatuak egin nahi ditugu, ikusi dugulako baliagarri izan daitezkeela beste esparru batzuetan, eta produktu berriak ere izango ditugu aurten. Gainera, enpresaren zati handi bat azterketa-lanetan jarri nahi dugu, ikertu ditzaten prestakuntza eta mantenimendu-lanen arloetarako neurrira eginiko teknologia eta produktu berriak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?