SPRI Taldeak eta Euskadira etorri den Celaya hiriko ordezkaritza batek lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute.
Celaya lehentasunezko jomugetako bat da Mexikon kokatu nahi duten euskal enpresentzat, dagoeneko badira-eta bertan 16 produkzio-lantegi.
Nazioartekotzeko Euskal Agentziako (Basque Trade & Investment) zuzendari Ainhoa Ondarzabalek Mexikoko Guanajuato eskualdeko Celaya hiriko ordezkaritza baten bisita izan du astearte honetan, euskal enpresen ezarpenak bultzatzeko Celayan. SPRI Taldeak –zeinetan integratua dagoen Nazioartekotzeko Euskal Agentzia– eta Celaya hiriak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute orain arte indarrean egon dena (2016an sinatua) berritzeko.
Hitzarmen horren bidez lortu nahi dena da euskal enpresak Celaya hirian koka daitezela, aldebiko enpresa-misioak eta misio instituzionalak sustatzea, aliantza komertzialak sortzea Euskadiko eta Mexikoko enpresen artean eta aholkularitza ematea Celayan kokatu nahi duten euskal enpresei.
Adiel Augusto Ramos Horta, Celaya hiriko ekonomi garapenerako zuzendaria, da Mexikoko ordezkaritzaren burua, eta hainbat instalazio bisitatuko ditu datozen egunotan, hala nola AIC, Tknika, Mondragon Taldea, Zuatzu enpresa-parkea, garraio eta logistikako zentro intermodala eta CTA (Aeronautika Teknologien Zentroa). Mexikoko ordezkariei bereziki interesatzen zaizkie IT sektorea eta sektore aeroespaziala, bi sektore horietan espezializatutako goi-mailako zentroak sortu nahi baitituzte Celaya hirian.
Guanajuato Estatuan badira 19 euskal enpresa, 3.000 enplegaturekin, eta ia denek dituzte automozio sektoreko produkzio-lantegiak. Celaya lehentasunezko jomugetako bat da Mexikon kokatu nahi duten euskal enpresentzat, dagoeneko badira-eta han 16 produkzio-lantegi.
Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 nazioartekotze-estrategiaren lehentasunezko sei herrialdeetako bat da Mexiko. Bederatzigarren postuan dago euskal esportazio gehien jasotzen dituzten herrialdeen artean eta bigarren postuan euskal enpresen ezarpen gehien dituztenen artean, Txinaren atzetik eta 210 ezarpenekin. 2000-2016. urtaldian Mexiko izan da Euskadiko atzerriko inbertsioaren hirugarren jomuga (AEBen eta Erresuma Batuaren atzetik) eta Euskadi izan da Mexikon gehien inbertitu duen bigarren autonomia erkidegoa.
Ikuspegi komertzialetik, Euskaditik Mexikora eginiko esportazioak Espainiako esportazio guztien %12 inguru dira, eta gure esportazioak, aldiz, Espainiako esportazio guztien %9. Bestalde, Aduana Sailak kalkulatu du 539 euskal enpresak (Espainiako enpresa guztien %11k) esportatzen dutela Mexikora eskuarki.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?