Euskal startup-aren edukiak hainbat egoitza eta laguntza-zentrotan erabiltzen dira dagoeneko
Globoan bidaiatzea, Paris bisitatzea edo haurtzaroko gure herriko kaleetan zehar ibiltzea dira, besteak beste, Oroik eskaintzen dituen esperientzietako batzuk. Plataforma horrek errealitate birtualeko edukiak eskaintzen ditu, adineko pertsonentzat bereziki pentsatuta daudenak. Enpresa gipuzkoar hau B-Venture ekitaldian izango da beste 24 startup-ekin batera. Ekintzailetzari zuzendutako ekitaldi horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta SPRI Taldearen babesa dauka.
“Bezeroek euren bizipenekin, lanbideekin eta ezagutu dituzten tokiekin lotutako edukiak dituzte gustukoen” azaldu du Jorge Maylin-ek, Iñaki Arambururekin batera Oroi enpresaren sortzailekidea denak, “baina atzerriko hiriak bisitatzeak ere ilusio handia egiten die, batez ere gaztetan bidaiatzeko aukerarik izan ez dutenei”.
Errealitate birtualeko teknologiak erabiliz, adineko pertsonei mota horretako esperientziak bizitzeko aukera ematen zaie, bereziki ,muga fisikoak edo kognitiboak dituztenei. Oroi plataformak bi eduki mota eskaintzen ditu, entretenimendurako esperientziak, ongizate emozionala sortzera zuzenduta daudenak, eta gaitasun kognitiboak lantzeko ariketa interaktiboak. Azken horiek eguneroko egoerak birsortzen dituzte: supermerkatura erosketak egitera joatea edo errezeta bat prestatzea, esate baterako. Gainera, memoria, arreta eta bizkortasun mentala estimulatzeko tresna gisa funtzionatzen dute.
Donostiako eta Santanderreko bi egoitzatan hasi ziren euren edukiak probatzen, eta oso emaitza onak izan zituzten, bai profesionalen aldetik, bai erabiltzaileen eta senideen aldetik. Horrek proiektua aurrera eramatera animatu zituen. Matia Fundazioak egin duen ikerketa baten bidez, teknologia honek eskaintzen dituen onurak balioztatu dituzte; bereziki, muga kognitiboak dituzten erabiltzaileei dagokienez. “Beren baitan bilduago dauden pertsonei emozioak aktibatzen eta memoria autobiografikoa indartzen laguntzen die, eta antsietate-uneetan edo urduri daudenean lasaitzen laguntzen die” esan du startupeko sortzailekideak.
B2B irtenbide gisa aurkezten du bere burua Oroik: egoitzei eta adineko pertsonei laguntza emateko enpresei zuzentzen zaie, plataforman izena emateko sistema gisa, gailuak alokatzeko aukera ere ematen duena. Gaur egun, estatuko hainbat egoitzatan aurki dezakegu; gainera, DomusVi, Caser Residencial eta Matia Fundazioa bezalako zentroekin batera lan egiten dute. Startup hau 2018. urtearen hasieran sortu zen Eywa Space inkubagailuan. Martxan jartzeko, Spri Taldearen babesa izan zuen BIC Gipuzkoaren bitartez eta Ekintzaile Txekintek laguntza-programaren bidez. Donostiako Sustapenaren laguntza ere jaso du.
UpEuskadi Spri Taldeak sustatutako Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren plataforma da. Sare horrek ikusgaitasuna eta euren burua sustatzeko aukerak eskaintzen dizkie euskal startup-ei; era berean, enpresa-proiektu berria hazten laguntzeko tresnak ere eskaintzen ditu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?