Plan honek efizientzia-estandarrak jaso nahi ditu, energiaren kontsumoa murrizteko asmoz
Industriaren alorreko ETE eta enpresa handiei bideratutako laguntzen artean, Euskadin inoiz kudeatu den dirulaguntza handiena da hau.
Efizientzia hobetzeari esker, industriek energiaren kontsumoa eta energia-faktura murriztuko dute, euren lehiakortasuna hobetuz.
Funtsak eskuragarri egongo dira gaurtik aurrera 2019ko eta 2020ko ekitaldietan.
Euskal industriak 15 milioi euroko dirulaguntza-programa berri bat dauka, bi urtean energia-efizientzia hobetzeko denetariko jarduketak eta proiektuak babesteko erabiliko dena, industriaren energia-kontsumoa, haren energia-faktura eta karbono-emisioak murrizteko xedearekin.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak kudeatzen duen dirulaguntza-programa honek apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren babesa dauka, eta guztira 15 milioi euroko zenbatekoa emango du 2019. eta 2020. urteetan zehar, Euskadin kokatutako industria-enpresa guztientzako eskura izango dena.
Onuradunak ETEak edo industria-sektoreko enpresa handiak izan daitezke, baldin eta energia-hobekuntzarako euren proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badago. Sektore honetan diharduten energia-zerbitzuen enpresak ere onuradun izan ahalko dira. Inbertsioaren % 30eraino iritsi daitezke dirulaguntzak, baina muga batzuk daude; ekipamendu eta prozesuetako hobekuntza teknologikoen jarduketetarako gehienez milioi bat emango da eta ISO sistemen ezarpenerako gehienez 30.000€.
Eskaeren epea gaur zabalduko da, 2019ko irailaren 30ean, eta indarrean egongo da 2020ko abenduaren 31ra arte edo ezarritako aurrekontua agortu arte. Eskaerak Irekia atariaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak kudeatzeko plataformaren bidez egin ahalko dira.
Diruz lagunduko diren jarduerak
Euskadiko industria-sektorearen testuinguruan, energiaren amaierako kontsumoa eta harekin lotutako emisioak murrizteko xedea duten energia-efizientzia jarduketa mota guztiak babesteko aukera aurreikusten du dirulaguntza-programa honek. Ildo horretatik, europar zuzentarauetan (2019/27/EB Zuzentaraua) ezarritako energiaren amaierako kontsumoa murrizteko helburua eta Eusko Jaurlaritzaren 2030rako Estrategia Energetikoaren helburua lortzen lagundu nahi da. Era berean, dirulaguntza horiek euskal enpresen lehiakortasunarengan garrantzi handia duen osagai baten gain jardungo dute: energia-fakturaren gain.
Alde batetik, diruz lagunduak izan ahalko dira energia kontsumitzen duten ekipamendu, industria-prozesu eta sistema osagarriei hobekuntza teknologikoak ezartzen dizkieten proiektuak, betiere elementu horien ordez energia-efizientzia handiko edo eskuragai dagoen teknologia onenaz baliatutako beste batzuk ezarriz gero. Bestalde, UNE-EN ISO 50001 Araua betetzen duten energia-kudeaketaren sistema ziurtatuak ezarri nahi dituzten enpresek ere dirulaguntzak jaso ahalko dituzte, baldin eta energia kontsumitzaile handiak ez badira.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?