Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 27 iraila, 2019 I+G

Composite Patch enpresak “seguraski” munduko soluziorik onena dena garatu du ontziak konpontzeko

ETE donostiarraren erretxina iraultzailea nazioarteko erreferentzia bilakatu da ontzigintza arloan, aeronautikara jauzi egiteko prest

Álvaro Pipó bela maite duen ingeniari donostiarra da, ikusnahia eta tematia. Frantzian eta Danimarkan unibertsitate-ikasketak egin ondoren, Valentzia aukeratu zuen karrera amaierako proiektua lantzeko. Hartara, ontziola batean, Belako Amerikako Kopan eta ozeanoaz gaindiko bestelako norgehiagoketan parte hartu ohi duten itsasoko Ferrari horietatik hurbil lan egiteko aukera izan zuen.

 

Nabigatzaile batentzako inguru idiliko horrexetan ernatu zen Álvaroren proiektu enpresariala, esperientziaz eta talentuz betetako ingeniaritza lana, hil ala biziko helburu bati begira: bizitzak salbatzea.

 

Horrelako itsas probak jokatu ohi diren muturreko baldintza klimatologiko gogorrek ontzi horien kroskoetan eragiten dituzten pitzadura eta hausturei aurre egiteko, patroiek konpositea edo karbono-zuntza eskatu ohi zioten itsasoratu baino lehen, ezbeharrik gertatuz gero adabaki bezala erabili ahal izateko. Alabaina, premiazko konponbide horrek deus gutxirako balio zuen, izan ere, ohiko karbono-zuntza ez dator bat Atlantikoan nagusi diren hezetasunarekin eta tenperatura hotzekin.

 

Hortik sortu zitzaion ideia. Arazo hori modu erraz eta eraginkorrean konponduko zuen erretxina berri bat sortzea zen erronka, erronka handia, benetan. “Inflexio-puntu” hartatik hiru urte igaro direlarik, Composite Patch nautikaren arloan nazioarteko arrakasta lortu duen errealitate distiratsua da egun, eta Gipuzkoako Teknologia Parkean dituen instalazioak handitzeko luze gabe gauzatuko duten jarduketaren bitartez, hurrengo faserako prestatuko dira, sortzaileen esanetan: adabaki iraultzaile horiek beste merkatu-nitxo batzuetara zabaltzea; hala nola, sektore aeronautikoa eta petrokimikoa.

 

Zein testuingurutan sortu zen Composite Patch?

2011 aldera, Ocean Race mundu-biran lehiatzen diren ontzien fabrikazioan Valentzian antzeman nuen premia baten ondorioz. Une horretan lanean nenbilen ontziolara, nabigatzaile asko etortzen ziren zuntz-arrastoen bila konponketa-lanetarako erabili ahal izateko… Ia-ia bizitzak salba zitzaketen adabaki haiek hotz edo hezetasun handiko egoeretan erabiltzen zituzten nabigatzaileek, eta horrek porrot bat bestearen ondoren ekartzen zien. Egoera horietan erretxina mota hura erabiltzeak ez zuen ezertarako balio.

 

Eta orduan…?

Orduan, bi lagun eta euskal nabigatzaile olinpiarrek aurre egin behar izan zioten egoera konplikatu haietako bati, eta une hartan erabaki genuen zeozer egin behar genuela. Konponbide eraginkorra bilatzea, aplikatzen erraza. Lanari ekin eta hiru urte geroago lortu egin genuen.

 

Zenbateko pisua izan dute zoriak edo kasualitateak zuen proiektuan?

Beti esan ohi dut kasualitatea eta zoria bilatu egiten direla, ez direla berez etortzen. Gure kasuan, bi urteko, ia hiru urteko lan gogorra izan zen, ikertzen eta garatzen, eta gauza askok huts egin zuten, zenbait momentutan erabat etsita egon arte, baina azkenean, ekinaren ekinez, nahi genuena aurkitu, garatu eta merkaturatu ahal izan genuen, modu erraz eta zuzenean. Alabaina, ez dago kasualitaterik; kasualitateak bilatu egiten dira.

 

Modu erraz eta zuzenean garatutako sistema …

Bai, hala izan zen, ezin bestela. Proiektu honen hasierako asmoa ez zen izan patente bat garatzea, bizitzak salbatzea baizik, nire lagun eta lankideen bizitzak, alegia. Hori zen eta horixe da Composite Patchen helburua.

 

Zure ustez, zein da erretxina honen balio bereizgarria?

Nik esango nuke tirita teknologiko honen giltzarrizko abantaila, mota horretako egituren konponketak edozein egoera kritikotan egiteko ematen duen aukera dela, uraren gainetik eta azpitik, beroa zein hotza dagoenean, eta gainera, oso modu errazean. Plastiko batzuk kenduz eta kaltetutako egituraren gainean jarriz, besterik ez. Ez da beharrezkoa konpositeei buruzko ezaguera espezifikorik izatea, eta horixe da arrakastaren arrazoietako bat. Hain da sinplea, ezen, ez dago huts egiterik.

 

Erretxina konpontzeko baino ezin da erabili, ala ontziak edo bestelako garraiobideak erabiltzeko aukera dago?

Gehienbat konponketei zuzenduta dago, baina kroskoak eta egitura ere fabrika litezke material honen bidez. Dena den, forman eta kontzeptuan, konponketa azkarrak egiteko diseinatuta dago, ontzietan, karbonozko bizikletetan, piraguetan edota aerosorgailuen paletan. Horrelako egituretan, konposite bidezko konponketa oso eraginkorra eta praktikoa da.

 

Zein fasetan dago orain proiektua?

Une honetan oso harro eta pozik gabiltza, hilabetero fakturazioa bi digitutan handitzen eta hainbat sektoretan espero ez genuen arrakastarekin.

 

Nautikatik eta sektore eolikotik harantzago, zein beste merkatu-nitxotan izan dezake harrera ona ‘tirita’ berri honek?

Une honetan, zenbait proiektu lantzen ari gara sektore aeronautikorako (egungo hegazkin ia guztiak karbono-zuntzez fabrikatzen ari dira) eta sektore petrokimikorako, hodiak konpontzeko.

 

Eta zeintzuk dira zuen aurreikuspenak epe labur eta ertainean?

Enpresa eoliko guztien nahiz konponketa-enpresen balizko hornitzaile bihurtu eta epe labur-laburrean aeronautikarako adabakiak garatzea. Eta aldi berean, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dugun lantegia handitzeko lanetan pentsatzen hastea, izan ere, arras txikia gelditu zaigu dagoeneko. Hazten jarraitu nahi badugu, eta mundu osoan zehar hedatuta gaude, handitze hori behar dugu.

Lotutako albisteak

6 Azaroa, 2024 I+G
Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Irakurri gehiago
30 iraila, 2024 I+G
Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Irakurri gehiago
26 ekaina, 2024 I+G
HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa
Irakurri gehiago
19 ekaina, 2024 I+G
Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera
Irakurri gehiago
17 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak