Cecilia Malmström Merkataritza komisarioak “bi aldeetako industria aeronautikoentzat bidezkoa eta orekatua den konponbidea” bilatzeko eskaera luzatu die Estatu Batuei
Cecilia Malmström Europar Batasuneko Merkataritza komisarioak aeronautika sektoreko enpresak babesteko eskatu du Estatu Batuek ezarritako muga-zergen harira sortutako ikamikaren ondoren. “Sektore aeronautikoa munduko industriarik konplexuenetakoa da garapenaren, ekoizpenaren zein finantzaketaren ikuspegitik. Sektorearen espezifikotasuna kontuan hartuta, dirulaguntza-politika globalak behar ditu, eragile guztiek baldintza berdinetan lehiatzeko aukera izan dezaten”, adierazpen baten bidez jakinarazi duenez.
Munduko Merkataritza Erakundeak (WTO) argi utzi zuen asteartean, Europar Batasunak Airbusi emandako dirulaguntzen ildotik, baimena emango diela Estatu Batuei EBetik igorritako produktuei muga-zergak ezar diezaizkien, urteko 7.500 milioi dolarretaraino (6.841 milioi euro). Urriaren 14an, WTOko Desadostasunak Konpontzeko Organoa bilduko da arbitraje bidezko azken erabakia hartzeko.
Robert Lighthizer Estatu Batuen merkataritza arloko ordezkariak iragarri zuenez, “Estatu Batuek urriaren 18an ekingo dio EBeko zenbait ondasunetan WTOk onartutako muga-zergak aplikatzeari”, eta argi utzi du “muga-zergarik gehienak Frantziatik, Alemaniatik, Espainiatik eta Erresuma Batutik etorritako inportazioei ezarriko zaizkiela, horiexek baitira legez kanpoko subsidioen lau herrialde arduradunak”. Muga-zergak % 10ekoak izango dira Europan fabrikatutako Airbus hegazkinetarako eta % 25ekoak nekazaritzako produktuetarako (olioa, gaztak ardoak eta likoreak) eta inportatutako beste ondasun batzuetarako. Hauxe da Estatu Batuen muga-zergak jasango dituzten produktuen zerrenda.
Merkataritza komisarioaren iritziz, AEBek WTOko Desadostasunak Konpontzeko Organoaren baimena lortzen badu, “une honetan kontraneurriak aplikatzeko aukerak etorkizuneko ikuspegi eskasa izango luke eta kalterako baino ez litzateke izango”. Horren harira gogoratu du, EB nahiz AEB, “beren aireontzi-fabrikatzaileei legez kanpoko dirulaguntza jakin batzuk ematen jarraitzearen erantzule” aitortu dituztela.
Gainera, zenbait hilabete barru, EBk ere Boeing konpainiari muga-zergak ezartzeko aukera aitortua izango duela gaineratu du, “WTOren arauak behin eta berriz hautsi izanaren ondorioz. Joan den apirilean, kontraneurriak jasan litzaketen Estatu Batuetako produktuen aldez aurreko zerrenda argitaratu zen”.
Alabaina, komisarioaren hitzetan, “elkarri kontraneurriak jartzeak Atlantikoaren bi aldeetako enpresak eta herritarrak baizik ez lituzke kaltetuko eta gaitz egingo lieke munduko merkataritzari eta oso une delikatuan dagoen industria aeronautiko osoari”.
Gaineratu duenez, Europako Batzordeak Estatu Batuei “modu sistematikoan” lankidetzan jarduteko prest dagoela jakinarazi die, “bi aldeetako industria aeronautikoentzat bidezkoa eta orekatua den konponbidea aurkitzeko”. Hala ere, argi utzi du, Estatu Batuek muga-zergak ezartzen badituzte, EB “gauza bera egitera behartuko duen egoera batera” bultzatuko dutela.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?