Industriari zuzendutako biltzar hau azaroaren 22an egingo da Hernani
IDeO Orona Fundazioaren Eraikinean egingo da industria-enpresetarako marketin digitalari buruzko Indusmedia urteko topaketaren IX. edizioa. Ingurune hurbilean ideien, ezagueren zein arrakasta-kasuen trukea erraztea da biltzarraren helburua, marketin digitalak eskaintzen dituen aukerak industria-sareari ezagutzera emateko asmoz.
Indusmedia Eusko Jaurlaritzak antolatzen du Spri Taldearen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Topaketan aurreikusitako jarduera-programa zabalaren barruan, marketin arloko berrikuntza eta estrategia berriei buruzko hitzaldiak, konpainia industrialen kasu praktikoak eta digitalizazioari buruzko tailerrak antolatuko dira. Networking guneak ere prestatuko dira sektoreko profesionalen arteko harremanak sustatzeko.
Biltzarrari hasiera emateaz arduratuko da Aitor Cobanera, Spri Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria . Ondoren, Enrique Dans berrikuntza arloko aholkulari eta adituak marketinak ingurune industrialetan duen balio berriaz hitz egingo du, eta Álvaro Peña isocialweb-eko SEO zuzendariak Adi penalizazioa!! Zer egin alerta bat jasotzean? izenburua daraman hitzaldia emango du.
Enpresa industrialen arrakasta-kasuen artean, honako hauen esperientziak izango dituzte aztergai: CMZ makina-erremintako fabrikatzailea; Clickindustrial.es, IK4-Teknikerren e-commerceko plataforma, eta Medop, banakako babes-produktuen fabrikatzailea. Hiru konpainia hauen ordezkariek bertaratutakoekin partekatuko dute nola bideratzen ari diren marketin digitaleko estrategiak.
Azkenik, aldi bereko bi tailer praktiko egingo dira: UX da marketin berria, Iñaki Lecue antolakuntza-psikologiako adituaren eskutik, eta Marketineko aginte panelak Power BI-rekin, Inés Pascual ingeniari eta big data eta business intelligenceko adituari esker .
Indusmedia marketin, komunikazio zein merkataritza arloetako arduradunei eta enpresa industrialen kudeatzaileei zuzendutako ekitaldia da. Parte-hartzea doakoa da, baina aurretik izena eman behar da biltzarraren webgunean.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?