Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 urria, 2019 Berrikuntza Eraldaketa digitala Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa

3Da industriaren bazkide estrategikoa bihurtzen denekoa

Tumaker enpresak CAFi hornitzen dizkion hiru dimentsiotako inprimagailuek kostuak % 80 merketu eta entregatzeko epeak murriztea ahalbidetzen du
Iñigo Ibiriku, konpainiaren Negozio Berrien arduraduna.

Tumaker enpresak CAFi hornitzen dizkion hiru dimentsiotako inprimagailuek kostuak % 80 merketu eta entregatzeko epeak murriztea ahalbidetzen du

Tumaker konpainia da 4.0 Industria deritzon iraultza berriaren funtsezko osagai bihurtu den 3D fabrikazioaren arloan ibilbiderik luzeena egina duten euskal enpresetako bat. 2013an egoitza Oiartzunen finkatu zuenez geroztik, ETE gipuzkoar honek Estatuan nahieran ekoiztutako 3D inprimagailuen garapen eta fabrikazioaren erritmoa markatu du une oro, baina bere horretan gelditu beharrean, etengabeko berrikuntzaren alde lan egiten jardun du, konpainiaren Negozio Berrien arduradun Iñigo Ibirikuren esanetan, izan ere, konpainiak iaz milioi bat euroko fakturazioa izan zuen eta une honetan 17 langile ditu.

 

Duela bost bat urte ohartu zineten 4.0 Industriak, eta bereziki fabrikazio aurreratuak izango duten garrantziaz… Zerk bultzatu zintuzten noranzko horretara jotzera?

Zerk baino, nork bultzatu gintuen esango nuke nik, izan ere, egungo CEO Jon Bengoetxea izan zen duela bost urte teknologia honen alde apustu egin eta Euskadiko eta Estatuko aitzindariak izateko unean geundela ulertu zuen lehena. Orduan ez zegoen horri buruzko ezaguera handirik eta oso jende gutxik ulertzen zituen teknologia honen nondik norakoak, erabileratik kanpo. Baina kanpora zein barrura begira ikasi dugun guztiari esker iritsi gara orain gauden egoeraraino.

 

Zuek izan zineten 3D inprimagailua merkaturatu zenuten lehenak…

Euskadi ziur, eta seguraski Estatuan ere bai. Baliteke antzeko beste ekimenen bat abian egotea, baina gu jarri ginen buru, hori seguru. Hiru urte geroago aurkeztu genuen BigFoot modeloak metro erdiko altuera eta metro erdiko zabalera dituzten piezak urrutitik fabrikatzeko aukera ematen zuen, sektorean mugarri bihurtu zelarik, eta 2017aren bukaeran, Voladd merkaturatu genuen, hodeiari lotutako munduko lehen 3D inprimagailua.

 

Zein zen lehen garapen haien balio bereizgarria?

Garai hartan, maker munduaren olatua zabaltzen hasia zen, Do it yourself (zuk zeuk egin) delako kultura, eta mundu guztiak eskuratzeko moduko kostu txikiko lehen inprimagailuak iristen hasi ziren. Orduantxe ulertu genuen sekulako etena zegoela Espainian saltzen hasi ziren oinarrizko makina haien eta industriara zuzendutako makinen artean. Eta azken hauen alde apustua egitea erabaki genuen, enpresei industria arloko produktuak eta prototipoak garatzen lagunduko zieten makina sendoagoak eta fidagarriagoak eskaintzeko.

 

Zer dio zuen enpresaren filosofiak?

Hauxe da abiapuntuko ideia: zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto. 3D inprimagailuak erabilera eskaseko edo ezdeusaren pareko funtzionaltasunez beteta dauden egungo merkatuan, kalitatea, segurtasuna eta funtzionamendu bikainaren bermea dira gure apustuaren ardatzak.

 

Portfolioan ziurtatzen duzuenez, zuenak makina sendoak dira, milaka ordutan eta ia mantentze-lanik gabe hainbat materialetan inprimatzeko gai direnak. Emaiguzu adibideren bat inprimagailu erraldoi hauek egin dezaketenari buruz.

Egia esanda, makina erraldoiak dira, izan ere, urtez urte produktuak aldatuz joan dira, baita inprimaketen tamainak eta bolumenak ere, enpresa industrialen behar zehatzei erantzun ahal izateko. CAF konpainia industrialak, adibidez, hainbat Tumaker inprimagailu erabiltzen ditu trenetan zuzen-zuzenean instalatzeko moduko ordezko piezak eta amaierako piezak gauzatzeko. Denboraren poderioz lortu dugu gure makinak trenbide-erabileretarako homologatuta dauden materialetan inprimatzeko gauza izatea, eta hori aparteko abantaila da CAFentzat.

 

Zergatik?

Lehiakortasun hutsagatik, besteak beste. CAFen kasuan nabaria da denboran lortzen ari den aurrezpena. Lehen 12-14 egunetan entregatzen ziren piezak orain hiru egunetan hornitzen dira, gutxi gora-behera. Gauza bera geratu da kostuen murrizketarekin, % 80ko aurrezkiak ere lortu dituelarik. Horren harira, zure lantegian zuzen-zuzenean eta hirugarrenen menpe egon gabe fabrikatzeko aukera izateak ematen duen arintasuna lehia-abantaila handia da.

 

Zuen makinak inprima ditzaketen piezei dagokienez, prototipoetarako piezak dira edo amaierako produkturako?

CAFen kasuan, piezak gure makinen laguntzaz lantzen dituzte trenetan zuzen-zuzenean instalatzeko. Su eta keei buruzko arauak betetzen dituzten materialak erabiltzen dira pieza horiek lantzeko eta trenbide-erabileretarako homologatuta daude.

 

Euskal konpainia honez gain, nola bezeroak dituzue zuen zorroan une honetan?

Bereziki, bezero industrialak; adibidez, Ferrovial eta Mercedes. Horiez gain, sektore mediko-zientifikoarekin eta I+G sektorearekin lan egiten dugu, baita zenbait ikerketa-zentrorekin (CIC nanoGUNE, Tecnalia edo Leartiker) eta Euskal Herriko unibertsitate gehienekin ere. Horiekin guztiekin, berrikitan sortutako nanozuntzak eta polimeroak esperimentatu eta sakonean ikertzen ari gara material bakoitzaren mugak tamainari eta erresistentzia mekanikoari dagokienez, industrian aplikatu ahal izateko.

 

Teknologia honek eskaintzen dituen aukerak kontuan harturik, zure ustez, beharrezkoa al da oraindik zure enpresak eta antzekoek 3D inprimaketak dakartzan onuren aldeko ebanjelizazio lana egitea?

Bai, zalantzarik gabe. Nire ustez, horixe da aurrerantzean ditugun eginkizun eta erronka garrantzitsuenetako bat. Ebanjelizatzea eta, batez ere, makinek eta teknologiak kostuak merketu, denborak murriztu eta bezeroentzako piezak arintzea lortzea.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Berrikuntza
RK Informatikak laneko bajak murrizteko Crossfita eskaintzen du
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
24 iraila, 2024 Berrikuntza
Gesklima: “Hazinnovak gure barne baliabideak hobeto optimizatzen eta eraginkortasuna hobetzen lagundu digu”
Irakurri gehiago
18 iraila, 2024 Berrikuntza
Álvaro Martínez de Lagos (Ulma Handling Systems): “Intralogistika robotizatuaren sektorea hazkunde handiko momentu paregabean dago”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak