Enpresa gipuzkoarrak, sektorean hiru urtetik gorako esperientzia duela, prozesuak birtualizatzeko, testatzeko eta baliozkotzeko bi plataforma merkaturatu ditu
4.0 industriak automatizazio maila altua eskatzen du, eta horren eraginez, ekoizpen-prozesuak kontrolatzen dituen softwarea gero eta konplexuagoa da. Biki digitalei esker, prozesu horiek modu digitalean erreplika daitezke, arazoak aldez aurretik detektatu eta konponbideak azkarrago eta ekoizpena gelditu gabe bideratu ahal izateko. Ezagutza esparru honetan mugitzen da Arrasateko Oretek konpainia, biki digitalen Estatu mailako erreferentzia bihurtzeko xedez. Hizketan izan gara Elisa Canas Oretekeko CTOarekin.
Nolako jardueretan lan egiten du Oretek konpainiak?
Abiarazte birtualak eta biki digitalak egiteko simulazio-soluzioak eskaintzen ditugu. 4.0 Industriarako soluzio teknologikoak garatzen ditugu eta simulazio-teknologietan espezializatuta gaude. Enpresei abiarazteko fasea optimizatzen laguntzea da gure helburua, ekoizpenean dagoen sistema batean aldaketak egiteak dakarren inpaktua minimizatuz, arriskuak murriztuz, denbora eta dirua aurreztuz eta sistemen kalitatea hobetuz.
Zein da Oreteken jatorria?
Oretek, konpainiaren bazkide sortzaileek proiektu berean izandako parte-hartzearen harira sortu zen. Automatizazio-maila altuko proiektua zen eta guk lantegia kontrolatzeko softwarearen garapenean lan egiten genuen. Gertu-gertutik sufritu genituen proiektuaren abiaraztea eta integrazio-fasearen aurretik softwarea probatzeko aukera emango zigun tresna bat ez izatearen ondoriozko zailtasunak. Horrela, 2016aren erdialdean, enpresa txiki bat eratzea erabaki genuen, une hartan izan nahi genukeen tresna garatu ahal izateko plataforma.
4.0 Industriari eta eraldaketa digitalari lotutako zuen zerbitzuen adibide edo arrakasta-kasu batzuk emango dizkiguzu?
Egun, hainbat bezerorekin lan egiten ari gara Euskadin; esaterako, Ulma Handling System konpainiarekin. Kasu honetan, VCSim plataforma erabiltzen dute logistika-barneko soluzioak probatzeko.
Estatu mailan, garbiketa industrialean diharduen empresa batekin lan egiten dugu. Gure zerbitzuei esker, abiarazteen inpaktua minimizatzen dute, Experior plataformarekin haren ildoen 3Dko biki digitalak sortuz.
Zuek garatutako bi plataforma aipatu dizkiguzu. Zer dira eta zeintzuk dira haien arteko bereizgarriak?
Merkatuan ditugun bi plataformen bitartez, biki digitalak sor daitezke askotariko automatizazio-proiektuak testatu eta baliozkotzeko, software arloko akatsak fase goiztiarrean antzemanez eta abian jartzeko denbora zein kostuak murriztuz, amaierako proiektuaren kalitatearen mesedetan.
Hartara, Oretekek garatutako VCSim deritzon plataformak abiarazte birtualak egitea du xede, prozesu automatizatu baten maila altuko kontrola eta ikuskaritza bermatuko duen softwarea testatuz.
Bestetik, Experior deritzona, Danimarkako Xcelgo enpresarentzat garatu dugun produktua da, estatu mailako banaketa egiteko sinatua dugun akordioaren harira. Plataforma honen bitartez, 3Dko eredu birtualak egin daitezke, automatizazio-sistema baten bizitza-zikloaren fase guztiak barne dituzten biki digitalak sortzeko.
Gailu fisikoak erabiltzeko premiarik eza da plataforma hauek erabiltzeak dakarren abantailarik handiena, gailu horien portaera simulatzeaz arduratzen baitira.
Zeintzuk dira biki digitalen abantaila nagusiak?
Gartnerren estimazioen arabera, 2021ean, industria arloko enpresa handien erdiek biki digitalak erabiliko dituzte beren eraginkortasun globala areagotzeko.
Adibidez, bezeroen eskakizun espezifikoak betetzen dituzten pieza pertsonalizatuen ekoizpenak automatizazio-maila altuagoa eskatzen dio industriari, eta ondorioz, prozesu horiek kontrolatzen dituen softwarea gero eta konplexuagoa izango da. Biki digitalei esker, prozesua digitalki erreplikatu eta arazoak aldez aurretik antzeman ditzakegu, konponbidea azkarrago eta ekoizpena gelditu gabe bideratu ahal izateko.
Nolako lan-metodologia erabiltzen duzue biki digitaletan oinarritutako soluzio bat inplementatzerakoan?
Lehenengo fasean, bezeroak lortu nahi dituen helburuak aztertzen ditugu, biki digitalak enpresa arloan dituen aplikazioen artean helburu horietara ongien egokitzen dena aukeratu ahal izateko. Honelako proiektuak aurrera ateratzeko, diziplina anitzeko taldea behar da, eta horren harira, garrantzi handikoa da beharrezko profilak zehaztea eta enpresa proiektuari profil horiek gehitzeko prest ote dagoen jakitea. Enpresan dauden gabeziak zehaztu ondoren, proiektuaren lantaldeari gaineratu ohi zaizkio Oreteken baliabideak edota gurekin lan egiten duten beste enpresa batzuen baliabideak. Hortik aurrera, eredu birtualak sortzen eta abian jartzen has gaitezke.
Nolako jarrera dute ETEek eta enpresek oro har, biki digitalekin lotutako tresnak inplementatzerakoan?
Biki Digitalei buruzko jakinmin handia antzeman dugu ETEetan eta enpresetan, oro har, baina hainbat esparru eta sektoretan erabiltzen den kontzeptu zabal-zabala denez gero, nahasmendua da nagusi interesdunen artean. Hori dela eta, dibulgazio-jardunaldiak antolatzen hasi gara Gipuzkoako erakundeekin batera, biki digitalari buruzko gure ikuspegia ezagutzera emateko. Erakunde horien artean daude Saiolan edo Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargoa, Euskadiko eraldaketa digitalaren aldeko bulego lana eginez. Hartara, gonbidapena luzatu nahi diegu biki digitalari buruzko interesa duten guztiei jardunaldi hauetan parte har dezaten.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?