Euskal ordezkaritzak harreman instituzionalak bultzatu, Txekiar Errepublikako garapen-agentziarekin lankidetza-akordioa sinatu eta Euskadi enpresen inbertsiorako helmugatzat aurkeztuko du
Javier Zarraonandia Industria sailburuordea buru, Ekonomiaren Garapen Sailak bidaia instituzionala egingo du aste honetan Txekia eta Eslovakiara, herrialde horietan finkatuta dauden euskal enpresei sostengua emateko eta Euskadira herrialde horietako inbertsioak erakartzeko. Bidaia hilaren 26tik 29ra bitartean egingo da, eta horren aurretik, gaur, astelehena, Alemanian finkatutako euskal enpresekiko topaketa izango dute, lan-gosari baten bitartez. Bisita eta bilera guzti-guztiak SPRI Taldeak antolatu ditu Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez.
Zarronandiak helburu hirukoitza darama azken hamabost urteotan euskal ETEen lehentasunezko helmugatzat jo diren herrialde horietarako bidaian. Lehenik eta behin, Txekian eta Eslovakian finkatuta dauden euskal enpresen errealitateari gertuko sostengua agertu eta haien eskakizunen berri jakitea, euskal administrazioak nola lagundu ahal dien ezagutzeko asmoz. Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek programatua duten lehenengo ekitaldia han finkatutako enpresekin antolatutako bilera izango da.
Bigarrenik, Industria sailburuordeak eta Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek zenbait bilera aurreikusiak dituzte agendan, enpresei eremu geografiko honetarako bidea erraztu eta proiektuei dagokien tramitazio eta kudeaketa administratiboa arintzeko. Hartara, Zarraonandiak CZECHINVEST Txekiar Errepublikako Garapen Agentziarekin bildu eta akordio bat sinatuko du, “euskal zein txekiar enpresen mesedeko negozio-aukerak identifikatu eta arlo instituzionaleko lankidetza eta trukerako ekintzak sustatzeko konpromisoa” aintzakotzat hartuz.
Azaroaren 26ko lan-agenda osatzeko, Txekiar Errepublikako Industria eta Merkataritza Ministerioarekin bildu eta Euskadi inbertsioetarako helmuga erakargarritzat aurkeztuko du. Merkataritza-ekintza honi dagokio sailburuordearen agendan zehaztutako hirugarren helburua: Euskadik helmuga erakargarritzat duen potentzialtasuna bistaratzea.
Hilaren 27an, Erdialdeko Bohemiari eta Hego Moraviari arreta emanez, teknologia bultzatzeko eta eskualde horien eta Euskadiren arteko harremanak indartzeko hainbat jarduera izango dira. Erdialdeko Bohemian, euskal ordezkaritzak bisita egingo dio ELI Beamline Laser Zentro Zientifikoari, izan ere, hor kokatutako munduko laser-sistemarik handienak medikuntza, optika, elektronika zein material berrien ikerketan izan ditzakeen aplikazioak bat datoz Euskadiko RIS3 estrategian zehaztutako ildoetako batekin. Hego Moraviari dagokionez, munduko mikroskopio elektronikoen % 30 baino gehiago txekiar eskualde honetan fabrikatzen dira.
Bidaiari buruzko lehenengo balantzea Txekiar Errepublikako ekialdean finkatuta dauden euskal enpresekin partekatuko dute, SPRI Txekiak antolatutako afari baten bitartez, eta han ezarritako konpainia guztiekiko topaketa honek amaiera emango dio eguneko agendari.
Hilaren 28an, misioa Eslovakiara abiatuko da, euskal industria sailburuordeak hasitako jarduera instituzionalari jarraipena emateko, izan ere, SARIO Eslovakiako Garapen Agentziarekin biltzeko asmoa du. Bukatzeko Cikautxo Eslovakia bisitatuko dute.
Agendan aurreikusitako jarduera gehienak, hilaren 26tik 28ra bitartekoak, Txekian eta Eslovakian egingo diren arren, euskal ordezkaritzak Alemanian presentzia komertzial edo produktiboa duten euskal enpresekiko topaketa antolatu du azaroaren 25erako, Munichen.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?