Industria sailburuordeak Basque Cluster Day 2019 jardunaldia inauguratu eta erronka globaletan lan egiten jarraitzera animatu ditu
Javier Zarraonadia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak “Basque Cluster Day 2019” deritzon Euskadiko klusterren urteko bilkuran parte hartu zuen ostiralean, azaroak 22, eta bertan adierazi zuenez, oraingoa garrantzi handiko unea da euskal industriarentzat Europako testuinguruan, eraldaketa sakonak eragiten ari diren bi mugimendu geldiezinen ondorioz: teknologia disruptiboen eta hauei atxikitako negozio-eredu berrien iritsiera, eta bestetik, klima-aldaketaren aurkako borroka, deskarbonizazioa eta honen inpaktua.
Jendaurreko agerraldian, sailburuordeak argi utzi zuen “bi aldaketa horiek guztiz bideragarriak direla merkatuari balioa eta teknologia gehitu eta nazioartekotzean izugarri aurrera egin duen euskal industria-sarearentzat, izan ere, honen giltzarrizko sektoreak mundu osoan saltzen ari dira, beste enpresa txikiago batzuen gaineko trakzioa egiten duten bitartean”.
Haren hitzetan, klusterrak funtsezko tresna dira eraldaketa digitala gauzatzeko eta Jaurlaritza estrategiak berrikusten ari da bidea errazteko. Horren harira, “ZTBP berriari ekin eta kluster programa berrikusteko asmoa dugu eta Europa ere esparru programa birdiseinatzen ari da”, sailburuordeak argitu duenez. Klusterrek aldaketei adi egon eta sektore zein klusterren arteko lankidetza sendotu behar dute lehiakorragoak izateko.
EBari Europako Industria Estrategiari buruzko aholkularitza ematen dion Cristina Oyón SPRIko ekimen estrategikoen arduradunak ezagutzera eman du nola diseinatzen ari den Horizon Europe berria aipatutako bi bektoreen arabera: iraunkortasuna eta eraldaketa. Lehenengo ardatzean, Horizon Europek ehun mila milioi euroko kopuruaren % 35 klima-aldaketara eta garapen iraunkorrera bideratuko du, oinarrizko bost gai hauen arabera: isurpenak, zoruak berreskuratzea, ura, itsasoa eta ozeanoa. Klusterren jarduerak aukera horiek guztiak profitatu behar ditu. Eraldaketa digitalaren ardatzari dagokionez, UNIDOk eraldaketa digitalari buruz egin duen Europa mailako inkesta baten arabera, “kluster bateko kideak diren enpresak hobeto posizionatuta daude elkarteetatik kanpokoak baino”.
Europako Industria Estrategiaren inguruko ekintzei dagokienez, SPRIren arduradunak iragarri zuen Euskadi EIT-Manufacturing deritzonaren egoitzetako bat izateko aukeratu dutela. Hauxe da EIT (European Institute of Innovation and Technology) erakundea osatzen duten 8 komunitateetako bat. Europako Batzordeak sortu zuen, mugaz gaindiko lankidetza-ingurune berritzaileen bitartez Europan berrikuntza eta enpresa-garapena bultzatzeko asmoz, laguntza-programak kudeatuz eta proiektuak finantzatuz. Aurreikuspenen arabera, EIT-Manufacturingek 400M€ inguru kudeatuko ditu 2020-2026 epealdian. Oyónek berariaz nabarmendu zuen klusterrek lankidetza-inguruneetan sortu eta garatutako ekimen horietan izango duten garrantzia.
Bestalde, Alberto Fernandez Eusko Jaurlaritzako teknologia arloko zuzendariak proiektuak toki mailan zein Europa mailan prestatzearen garrantzia izan zuen hizpide. Halaber, gonbidapena luzatu zien klusterrei lankidetza bidezko proiektuen eragile nagusiak bihur daitezen, enpresei lagunduz eta lankidetza bidezko ekimen berriak erakarriz. Proiektu-deialdiak lehiakorrak dira eta kluster-erakunde dinamizatzaileren baten laguntzaz landutako proiektuek euskal zein europar erakundeek aitortu eta baloratzen duten kalitate-plusa ekar dezakete.
Teknologia zuzendariak “funtsezkotasunaren” kontzeptua lantzeko premia nabarmendu zuen, baldin eta meritu zientifikoa eta teknologikoa duen proiekturen batek proiekzio ekonomikoa edo merkatukoa ere baldin badu. Klusterrek gaitasun handiak dituzte, dagozkien enpresei “funtsezkoa izatearen” balioa duten proiektuak aurkezten laguntzeko, eta horien bitartekaritza da kasu askotan beste proiektu-proposamen batzuekin lehiatzeko gaitasuna ematen duena.
Jendaurreko ekitaldian, Gaiker, Energia, Eraikuntza eta Fabrikazio-Teknologia Aurreratuen arloetako klusterren esperientziak eta lekukotasunak ezagutzeko aukera ere izan zen. Bestalde, Orkestrak eta Tecnaliak gogoeta egin zuten klusterrei buruz, teknologiari buruz eta etorkizuneko zein nazioarteko joerei buruz.
Topaketari esker, klusterren kolektiboari eman zaizkio ezagutzera Basque Research Technology Alliance (BRTA) Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoaren jarduera eta zerbitzuak. BRTAk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari atxikitako 16 eragile zientifiko-teknologikoak biltzen ditu, eta TNO, Fraunhofer eta Europa mailako beste erreferente batzuekin homologa daitekeen egitura du. Lankidetza-dinamiken bitartez Euskadiko ekosistema teknologikoa bultzatzea da BRTAren eginkizun nagusia.
Joseba Laka, ICT Dibisioaren Zuzendaria TECNALIA eta James Wilson, Orkestra – LEI
Cristina Oyón, Ekimen Estrategikoen arduraduna, SPRI
Rikardo Bueno, CEO, BRTA – Euskal Zientzia eta Teknoligia Partzuergoa
Alberto Fernández, Teknologia Zuzendaria, EUSKO JAURLARITZA
Patricia Tamés. AFM-INVEMA Fabrikazio Aurreratuaren Teknologia Klusterra
Jose Ignacio Hormaeche, Energia Klusterra.
Jon Ansoleaga.ERAIKUNE Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra.
Luis Madariaga. GAIKER Teknologia Zentroa
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?