Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategiako lehentasunekin lerrokatuta dago
Egun, zibersegurtasunari buruzko ezaguerak dituzten profesionalen gabezia handia dago maila globalean, eta hainbat txostenen arabera, eten hau handituz joango da datozen urteotan. Aurreikuspenek diotenez, 2021ean, bete gabeko 3,5 milioi lanpostu inguru egongo dira zibersegurtasunaren arloan, eta gaur egun, enpresen erdiek baino gehiagok esparru honetan dagoen gaitasunik ezari aurre egin behar diote.
Zibersegurtasunari buruzko ezaguerak sustatu eta goi-mailako hezkuntzari dagokion zeharkako gaitasun bihurtzeko asmoz abiarazi da Erasmus+ europar proiektuaren CyVETsecurity ekimena. Ipar Irlanda, Eskozia, Holanda, Finlandia eta Estoniako ikastetxeak ere parte hartzen ari dira Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen Elkartea (HETEL) buru duen ekimen honetan.
Proiektuan, Lanbide Heziketako ikasle zein irakasleei zuzendutako edukiak garatuko dira, etorkizuneko profesionalek zibersegurtasunaren inguruko gaietan dituzten gaitasunak handitzeko. Materialek arreta berezia ematen diete enpresa-inguruneetako datu sentiberen erabilera seguruari eta sarean gerta daitezkeen arazoen aurkako babesari.
CyVETsecurity 2018ko azaroan abiatu zen, eta aurtengo udazkenean, taldeak lehendabiziko esperientzia pilotuak egin ditu HETELeko ikastetxeetako batean, Gasteizko Egibiden, alegia. Automatizazioa eta robotika industriala, Mekatronika, Plataforma anitzeko aplikazioen garapena, eta Sistema mikroinformatikoak eta sareak prestakuntza-zikloetako lau irakaslek eta 71 ikaslek parte hartu dute guztira. Pilotuan, taldeek proiektuaren barruan landutako lehen erronka gainditu behar izan dute: konektatutako aparatuak (mugikorrak edo tabletak) erabiltzeak banku-kontuak nahiz posta elektronikoa kudeatzean edo Interneten nabigatzean atxikiak dituen arriskuak identifikatzea eta sarean partekatutako informazioa babesteko neurriak zehaztea.
Proiektua 2020ko urrian bukatuko da. Ordura arte, Lanbide Heziketako 12 ikaslek zuzen-zuzenean parte hartuko dute edukien garapenean, eta beste 90ek gai horiek irakatsiko dituzte ikasgelan. Proiektuaren barruan 1.800 ikasle inguruk gaitasun horiek hartzea da helburua, eta emaitzak webgune batean argitaratuko dira, berrerabiltzeko aukera bermatzearren. CyVET Europar Batasunak kofinantzatu du Erasmus+ programaren bitartez.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?