Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du aitorpen-diplomak banatzeko ekitaldian
SPRI Taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentzia buru duten BEINT bekek ia erabateko enplegagarritasun-indizea dute eta aukera paregabea ematen diete unibertsitateko goi-mailako titulua duten gazteei nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza hartzeko
30 urtetik beherako 45 emakume eta 52 gizon lan-merkatuan sartzeko zorian daude, Eusko Jaurlaritzak duela 34 urtez geroztik goi-mailako unibertsitate titulazioa duten gazteei nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan trebatzeko eskaintzen dien BEINT nazioartekotzeko beka ospetsuari esker. Egun, ekimen honek SPRI Taldeari atxikitako Nazioartekotzeko Euskal Agentzia du buru.
Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du gaur, nazioartekotzearen arloko talentu berriak bihurtu eta euskal enpresa eta erakundeei erantzungo dieten 97 gazteei aitorpen-diplomak banatzeko ekitaldian.
Jendaurreko agerraldian, Lehendakariak Lehendakariak gogoratu die gazteei “kanpora zabaldu eta nazioartekotzea ere mundua eraldatu eta hobetzeko tresna dela”, eta horren harira opa die “esperientzia hau zuen karrera profesionalerako pizgarria izatea, mundua eraldatzen eta mundu hobea eraikitzen laguntzeko aukera izan dezazuen”. “Euskal gizarteak egindako inbertsioa zarete, izan ere, ondo baino hobeto ikasia dugu gure Herriaren etorkizuna nazioartekotzeari lotuta dagoela”, ziurtatu du.
Era berean, Lehendakariak adierazi du beka hauek aukera bikoitza eskaintzen dutela; batetik, prestakuntza praktikoa hartu eta karrera profesionaletan lehenengo pausoa emateko aukera, “eta bestetik, zuen hazkunde pertsonalerako aukera, beste Herrialde bat, beste kultura bat eta beste hizkuntza bat ezagutu ahal izango dituzuen heinean”. Nazioartekotzeak herri mailako erronka bezala duen garrantzia nabarmenduz, Lehendakariak ziurtatu du “etorkizuna globala dela eta ekonomiaren zein enpresa eta merkataritza arloen maila guztiei eragingo diela, baita mundu akademikoari, aisialdiari eta kulturari ere. BEINT beka hauek agertoki globalean kokatu zaituztete”.
Bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak beren-beregi nabarmendu du beka hauek duten “erabateko enplegagarritasuna”, ekimen aitzindari honen helburua ere azpimarratuz: “zuei guztioi beharrezko prestakuntza eta gaitasunak ematea giltzarrizko pieza bihur zaitezten, profesional bikainak alegia, eta ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez erantzun ahal diezaiezuen. Merkatu berrietara sartzeko, nahitaezkoa da beharrezko prestakuntza teknikoa duten pertsonak izatea, askotariko kultur inguruneetan jokatzera ohitutakoak”, esan du.
Ekitaldian izan dira, halaber, SPRI Taldeak atzerrian dituen zenbait bulegoren arduradunak: María Sarrikolea, Municheko bulegokoa; Pablo Fano, Londreskoa, eta Iñaki Gambus, Brasilgoa. Hiruren artean, ikuspegi orokorra eman diete bekadunei, hemendik aurrera, prestakuntza-prozesuaren lehenengo fasearen barruan, erakundearen bulegoetan egin beharko dituzten lanei buruz.
Diploma-banaketan parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Arantxa Tapia Sailburuak, Javier Zarraonandia Industria Sailburordearekin, Alex Arriola SPRI Taldeko Zuzendari Nagusiarekin eta Ainhoa Ondarzabala Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Zuzendariarekin batera.
Beint bekak
30 urtetik beherako ehun bat gaztek eskuratzen dituzte urtero, euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzungo dieten nazioartekotzearen arloko talentu berriak prestatzea helburu duten BEINT beka hauek. BEINT bekek aukera paregabea ematen diete unibertsitateko goi-mailako titulua duten gazteei nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza hartzeko. Beken programa zabalari esker, erreferentziazko titulu propioa lortzeaz gain, prestakuntza praktikoa jaso eta 8 hilabeteko egonaldia egiteko aukera dute munduan zehar finkatutako euskal enpresetan.
Abiarazi zenetik 34 urte igaro direla, talentu berriak nazioartekotzea xede duen tresna honen enplegagarritasun-indizeak ia erabatekoak dira.
SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentzia buru duen ekimen honek hiru fase ditu. Lehenengoan, gazte parte-hartzaileek 300 orduko ikastaroa egiten dute Nazioartekotze arloko Unibertsitateko Espezialistaren Graduondoko Titulua eskuratzeko. Prestakuntza presentzial honetan, ikasleek sakonki lantzen dituzte nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea, euskal ekonomia-sarea eta enpresa multikokatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak.
Lehenengo fasea gainditu eta graduondoko ziurtagiria lortzen duten bekadunak bigarren fasera igarotzen, non 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa osatu behar baitute nazioartekotzeari laguntza emateko erakundeetan. Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulego-sarean eta Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan egiten dituzte praktika horiek. Hala, gazte parte-hartzaileek ezagutza handitzeko aukera dute hainbat kontinentetako 40tik gora herrialdetan.
BEINT beken azken fasean praktika profesionalak egiten dira nazioartekotutako euskal enpresetan. Programaren fase honetara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzari buruzko gaitasunak eta ezagutzak hobetzen dituzte benetako enpresa ingurune batean. Praktika horiek aukera paregabea dira atzerrian lan-aukerak aurkitzeko, eta horren erakusgarri da aurreko edizioetan parte hartu duten gazteen erdia-edo, gaur egun, lanean ari direla praktikak egin zituzten konpainietan.
BEINT bekak Euskadin bizi eta unibertsitateko titulazioa nahiz ingeles maila altua duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude. Programa honek 34 urteko ibilbidea du dagoeneko eta, denbora horretan, 800 gaztek baino gehiagok jaso dute nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza. Unibertsitateko edozein gradutako ikasleek parte har dezaketen arren, ohikoenak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ingeniaritza eta Zuzenbideko ikasleak izaten dira. Programak 3,7 milioi eurotik gorako aurrekontua du 2019-2021 epealdirako.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?