Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 abendua, 2019 Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Eduardo Jauregui, Irisbondeko CEOa: “Begirada izango da hurrengo pausoa industrian makinak kontrolatzeko”

Konpainia gipuzkoarra adimen artifizialeko tresnak txertatzeko lan egiten ari da 'eye tracking' teknologiaren erabilera hobetzeko

Konpainia gipuzkoarra adimen artifizialeko tresnak txertatzeko lan egiten ari da ‘eye tracking’ teknologiaren erabilera hobetzeko

‘Eye tracking’ teknologietan espezializatuta dagoen Irisbond enpresa donostiarrak garrantzi handiko erronkei aurre egin beharko die 2020an. Alde batetik, Cambridge Innovation Centerrek eman dion itzal handiko bekari esker, Bostongo CIC Cambridge delakoan antolatutako programa trinko batean azeleratu eta garatu ahal izango du esku artean darabilen proiektua. Bestetik, 4.0 Industriaren arloko soluzio berritzaileak sortzea xede duen UPTEK kluster berriko bazkide bihurtu da. Gainera, haren apustu teknologikoa indartuta atera da Osasun Ministerioak egindako iragarpenaren harira, izan ere, 2020ko urtarriletik aurrera, % 100eko dirulaguntzak emango ditu arazo neuromotor larriak dituzten pazienteentzako ‘eye tracking’ gailuetarako. Erronka hauei buruz hitz egin dugu Eduardo Jauregui Irisbonden CEO eta sortzailekidearekin.

 

Zein da zuen esperientzia 4.0 Industriaren arloan?

Irisbondek parte hartu zuen, ABBrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRI Taldearen bitartez bultzatu zuen BIND 4.0 industria adimendunaren arloko startupen azeleragailu publiko-pribatuaren lehenengo edizioan, robot bat begidaradarekin kontrolatzeko aukera ematen zuen sistema baten garapenaz. Kontzeptuaren proba baino ez zen izan, baina oso argi gelditu zen edozein aparatu begiradarekin kontrolatu ahal izatea garrantzi handikoa izan daitekeela 4.0 Industrian.

 

Orain, makina-erremintaren sektoreko enpresa trakziogileak eta oinarri teknologikoa duten beste enpresa apalago batzuk biltzen dituen UPTEK klusterreko bazkideak gara, 4.0 Industriaren arloko soluzio berritzaileak sortzen lagun dezakeen guztion arteko lankidetzari oratzeko. Makina-Erremintako Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM) bultzatu duen kluster honi atxikitako enpresek makina-erremintaren sektorean lan egitea da asmoa, esparru honetan ere teknologiak erabat aplikagarriak diren ustean.

 

Nolako inpaktua izan dezakete ‘eye tracking’ teknologiek 4.0 Industriaren arloan?

‘Eye tracking’ teknologiari esker, makinei aginduak eman eta edozein langilek makinaren interfazerako sarbidea har dezake begien mugimenduaren bitartez. Duela urte gutxira arte, gailu horiekin elkarreragiteko modu bakarra periferikoak erabiltzea zen, teklatua edo sagua. Gero pantaila ukigarrietarako pausoa eman genuen. Eta industrian, makinak kontrolatzeko hurrengo pausoa ez da ahotsa izango, begirada baizik. Industria-inguruneak zaratatsuak direnez gero, aginduak ahots bidez ematea ez da sistemarik egokiena. Gainera, ahots bidezko aginduen teknologia eboluzionatzen ari da, baina oraindik ez dago erabat doituta. Horren aldean, begiradak ez du inongo mugapenik. Lanari ekin aurretik, begiratzea da egiten dugun lehengo gauza, eta gero ekintza gauzatzea. ‘Eye tracking’ delakoa funtsezkoa izango da gizakiok munduarekin konektatzeko erabiliko dugun moduan. Etorkizun hurbilean, ordenagailuekin, tabletekin, smartphoneekin edo telebista adimendunekin elkarreragiteko, ahotsa eta keinuak erabiliko ditugu, baita begirada ere.

 

Nolako eboluzio teknologikoak beharko lirateke ‘eye tracking’ teknologien erabilera hedatzeko?

Telefono mugikorren eta bestelako gailuen konputazio-gaitasuna gero eta handiagoa da, eta horrek izugarri laguntzen du softwarean oinarritutako garapenek gero eta leku handiagoa har dezaten. Gauza bera gertatzen da aparatu horietako kamerekin, gero eta konplexuagoak direla. Duela hamar urte, ‘eye tracking’ eta bestelako sistemak ezin ziren mugikor batekin gobernatu, baina orain bai, kameren hobekuntzari esker eta adimen artifizialeko algoritmoen garapenari esker, izan ere, azken hauek modeloak entrenatzeko gaitasuna dute gero eta konplexu eta zehatzagoak diren datu-baseen laguntzaz, erabilera errealeko egoerak simulatzeko aukera erraztuz.

 

Adimen artifizialaren harira, Cambridge Innovation Centerren izango duzuen parte-hartzeari esker, aurrerapen berriak egin ahal izango dituzue orain arte eskaini dituzuen zerbitzuetan.

Guretzat, Cambridge Innovation Centerren itzal handiko bekarako hautatu izana sekulako aukera da. Duela hilabete batzuk hara joan ginenean, hiru helburu genituen. Bertatik bertara ikertu nahi genuen nola sar gintezkeen Estatu Batuetako merkatuan, eta horretarako, hango merkatua nola dagoen azaldu ziguten zentroekin, garatzaileekin eta enpresekin hitz egin genuen. Bestetik, aurrerapausoak ematen ari gara adimen artifizialeko tresnen garapenean, ‘eye tracking’ gailuak zehaztasunez eta hardware gehigarriaren premiarik gabe kontrolatu ahal izateko. ‘Eye tracking’ gailuek teknologia infragorria dute oinarri begirada detektatzeko eta hardware bat erabiltzen dute kontrolatzeko. MITen garrantzi handiko aurrerapausoak eman dituzte sare neuronaletan eta konputazio bidezko ikusmenean oinarrituta, eta horrek guztiak aurrera bultzatu du ‘eye tracking’ teknologia ere. Azkenik, Bostongo egonaldian lortu nahi genuen beste helburu bat zen teknologia honen beste aplikazio batzuk aztertzea, komunikazio alternatiboaz haraindiko beste sektore batzuetan; adibidez, ‘gaming’ delakoan, Defentsan edo neuromarketinean.

 

Antolaketa mailan, nolako eragina izango du Irisbonden Cambridge Innovation Centerren egindako egonaldiak?

Gure 16 langileetako bat Boston aldera joango da sei hilabetez. Aukera aparta da maila pertsonalean, baita enpresa bezala ere, izan ere, bertan izanik, harremanak estutu ahal izango ditugu nazioarteko erreferentzia bihurtu den MIT zentroarekin, eta gure produktua hobetu ahal izango dugu adimen artifizialaren arloko garapenekin lotutako alderdietan.

 

4.0 Industriatik harantzago, zein beste aplikazio ikertzen ari zarete ‘eye tracking’ teknologiaren inguruan?

Nire ustez, bidean galtzea da teknologia honek dakartzan arriskuetako bat. Aplikazioak eta potentzialtasunak mugagabeak dira. Makina bat edo Netflix goberna ditzakegu begiekin. Gure hastapenetan, oso naturala den aplikazioa identifikatu genuen: ahotsa ematea ahotsik ez duten pertsonei. Laguntza ematea desgaitasunen bat duten pertsonei ordenagailuaren pantailarekin molda daitezen eta mundurako leihoa irekitzea. Bostonen egoteak izugarri lagundu digu teknologia honen aplikagarritasuna ulertzen, baina denboraren eskalan. Adibidez, oso inpaktu handia aurreikusi diogu ‘eye tracking’ delakoaren erabilerari ibilgailu autonomoan, hainbat elementu kontrolatzeko. Hori iritsi egingo da, baina bostpasei urte beharko dira horretarako. Bertikal interesgarria da, baina ez bat-batekoa. Aitzitik, teknologia hau neuromarketinean erabiltzeak, pertsona bat nora begira dagoen eta publizitatearekin nolako interakzioa duen jakiteak balio handiko ekarpena egin dezake gaur egun ere, eta ondorioz, enpresekin harremanetan hasiak gara, epe laburrean teknologia hau eskaini ahal izateko.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Irakurri gehiago
8 urria, 2024 Eraldaketa digitala
Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”
Irakurri gehiago
5 iraila, 2024 Eraldaketa digitala
NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Berrikuntza
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
10 ekaina, 2024 Eraldaketa digitala
Worköholics: “Agenatzia gisa bereizten gaituena esperientzia digitalak sortzea da”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak