Diseinua International proiektuaren helburua da kultura eta teknologia arloetako gaitasunak eta talde-lanerako trebetasuna bultzatzea
Euskadiko eta Holandako Lanbide Heziketako 15 ikasle Diseinua International ekimenean parte hartzen ari dira. Ekimen horrek urtero aurkezten du erronka teknologiko bat, taldeen arteko lankidetzaren bidez gainditu behar dena. Aurtengo edizioko erronka da makina bat diseinatzea eta fabrikatzea 3D inprimaketarako plastikozko filamentuak egiteko. Baina ekimen honen ezaugarri nagusia da lantalde bakoitzean Euskadiko eta Holandako ikasleak daudela, eta horrek esan nahi du nazioartekotzearekin lotutako gaitasunak ere garatzen dituztela.
“Mugikortasun birtuala deitzen dioguna erabiltzen dugu” azaldu du Julen Elgetak, Euskadiko Lanbide Heziketako 24 ikastetxe biltzen dituen HETEL elkarteko presidenteak, “ados jarri behar dute balizko konponbideak aurkezteko, proiektua garatzeko eta gero defendatzeko, kontuan hartuz ezin dutela elkar ikusi fisikoki, toki desberdinetan daudelako”. Hala, proiektuaren helburua da benetako enpresetan erabili ohi diren lan-moduak imitatzea, eta, ezagutza teknologikoez gain, horretarako baliatzen diren gaitasunak garatzea, hala nola, ingelesezko komunikazioa, talde-lana eta kultura desberdinetako pertsonen arteko lankidetza.
Nazioartekotze arloko esperientzia hori Fabrikazio Mekanikoko Diseinuari buruzko Lanbide Heziketako Goi-mailako Zikloan egiten da. Euskaditik, bost HETEL ikastetxetako (hiru Bizkaikoak, bat Arabakoak eta bat Gipuzkoakoa) hamar ikaslek parte hartu dute; Holandatik, berriz, ROC Da Vinci zentroko bost ikaslek. Lantaldeak dagoeneko hasi dira lanean, eta martxoan Holandan aurkeztu beharko dituzte euren proiektuen emaitzak, hango irakaslez eta enpresaz osatutako epaimahai baten aurrean.
HETEL elkarteak 6 urte daramatza Diseinua International proiektua bultzatzen, eta edizio bakoitzean erronka desberdin bat aurkezten du, euskal ikasleek beste herrialde batzuetako ikasleekin lankidetzan gainditu behar dutena. Ekimen honek auto-prestakuntzan eta sormenean zentratzen den e-Motive metodologia darabil. “Erronka aurkezten denetik gainditu arte jarraitu beharreko urratsak ematen dizkiegu, baina metodologia honetan, eurak dira euren ikaskuntzaren protagonista. Irakasleek laguntzen diete jarraipena eginaz eta orientazioa emanez, baina ez diegu azaltzen nola egin behar dituzten gauzak” dio Julen Elgetak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?