Euskal startup-ak analisi prediktiboa erabiltzen du uraren erabilpen eraginkor eta jasangarria lortzeko
AquaDat proiektuaren xedea da konponbide integralak eskaintzea, batik bat, enpresei eta erakunde publikoei uraren kudeaketa adimenduna lortzeko. Startup horrek aholkularitza teknologikoko zerbitzu bat garatu du, eta baita ere ura denbora errealean neurtzeko eta aztertzeko plataforma bat. Helburua da informazio baliagarria lortzea baliabide hidrikoa modu eraginkorragoan kudeatzeko ziklo osoan, bai instalazio industrialetan eta bai hiri-ingurunean.
“Prozesu osoan aztertzen dugu ura, ez bakarrik ikuspuntu teknikotik, baita ere kostu ekonomikoen eta ingurumeneko kostuen ikuspegitik” azaldu du Jorge García del Arcok, AquaDat enpresako zuzendari nagusiak, “enpresa edo erakunde bakoitzaren premietara ongien egokitzen diren konponbideak eskaintzen ditugu, horretarako erabiliz ingurumen-araudi guztiak betetzen dituzten eta ekonomikoki eraginkorrak diren tresnak”.
Startup-ak sortu duen lehen garapena AquaRadar da, sentsore bidezko neurketa-sistema bat, uraren kalitatea neurtzen duena prozesu industrial batean, hasi instalazioetan sartzen denetik eta ateratzen den arte. Tresna horrek uraren zikloko puntu kritiko guztiak neurtzen ditu. Eskuratzen duen informazioarekin bermatzen du ura kalitatezkoa dela eta araudi guztiak betetzen dituela, eta horrekin batera, kudeaketa hobetzeko moduak proposatzen ditu.
Enpresak dagoeneko probatu du konponbidea, eta une honetan bezero profil desberdinen arabera pertsonalizatzen ari da. “Konponbide honen bidez enpresa batek bere prozesu industrialean gertatzen den guztia ezagutuko du, eta gainera, lotura estua du Erantzukizun Sozial Korporatiboko planekin”, dio AquaDat enpresako zuzendari nagusiak, “administrazioei, berriz, bermatzen die araudia betetzen dela”.
AquaDat aukeratuetako bat izan da Bind 4.0 programaren 4. edizioan (Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRI Taldearen bitartez bultzatzen duen Industria Adimendunaren azeleragailu publiko-pribatua) parte hartzeko. Programa horri esker, AquaDat enpresak bere konponbide teknologikoa garatu eta aplikatu ahal izango du Coca-Cola multinazionalarekin elkarlanean eginiko prozesu baten bidez.
AquaDat 2016an sortu zen, Bizkaia International Startup Connection programaren lehen edizioan parte hartu ostean. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimen horri esker, lantaldeak azelerazio-prozesu bat egin zuen CIC Boston-en. 2017an, proiektua finalistetako bat izan zen MIT Water Innovation Prize nazioarteko lehiaketan, eta 2019an lehen saria eskuratu zuen BIC Gipuzkoak antolatutako Galileo Masters lehiaketaren Euskadiko edizioan. AquaDat SPRI Taldeak bultzatutako Ekintzailetzaren Euskal Ekosistemako UpEuskadi plataformako kidea da.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?