Nazioarteko ekitaldi hori urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra ospatu da mundu osoko topaketekin
48 ordu lantalde bat sortzeko eta joko bat garatzeko, horixe da Global Game Jam ekitaldiak urtero proposatzen duen erronka. Nazioarteko ekitaldi honek dagoeneko eginak ditu 12 edizio eta ospakizun bilakatu da bideojoko zaleentzat -izan profesionalak edo izan amateurrak-, zeintzuk espazio batean sartzen baitira asteburu batez, proiektu bat sortzeko hutsetik hasita. Baina beren helburua ez da lehia, baizik eta lankidetza sustatzea, sormena aske uztea eta interes berberak dituen jende gehiago ezagutzea.
Global Game Jam garapen-maratoia mundu osoko 934 hiritan ospatu zen urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra, eta Bilbok ere bat egin zuen maratoi horrekin. Maila lokalean, Digipen Institute of Technology izan zen ekitaldiaren antolatzailea (ZAWP mugimenduaren laguntzarekin) eta 50etik gora pertsona bildu zituen asteburu bete-bete horretan. “Irabazi asmorik gabeko ekimen bat da, eta helburutzat dauka, batik bat, ondo pasatzea eta gustatzen zaigun zerbait ospatzea”, azaldu du Dani Andiak, Digipen institutuko irakasle eta Global Game Jam Bilbao ekitaldiaren antolatzaileak, “horrelako ekitaldien alderdi politenetako bat da bertan elkartzen direla enpresa handietan lan egiten duten profesionalak nahiz gazte hasiberriak eta profil oso desberdinetako pertsonak”.
Edizio bakoitzaren hasieran gai bat ematen da sorkuntzek ardatz gisa har dezaten, baina asmoa da inspirazio iturri izan dadila. Aurten repair (ingelesez konpondu) izan zen gako-hitza eta Bilboko egoitzako lantaldeek 13 bideojoko eta mahai-joko bat garatu zituzten ideia horren inguruan. Hona hemen horietako batzuk: FixThePhone izeneko 2D joko bat, non piezak ahokatu behar baitira smartphone bat konpontzeko; Pingu Crash, pinguino baten abenturak planeta urrun batean; edota Remedium eleberri bisuala, harreman baten gorabeherak kontatzen dituena. Garapen guztiak ekitaldiaren web orrian deskargatu daitezke.
Global Game Jam GGJ elkarteak bultzatutako ekimen bat da. Elkarte hori sortu zen elkarrekin batzeko bideojokoen sorkuntzan interesatuta dauden profil oso desberdinetako pertsonak, bai teknologoak, bai artistak eta baita ere gizarte zientzien munduko jendea. 12 urteren buruan, nazioarteko ekitaldi handiena da gaur egun eta aurten aldi berean egin da mundu osoko 118 herrialdetan, 934 egoitzarekin eta 48.700 parte-hartzaile ingururekin.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?