Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko (BCAM) ikerlariek COVID-19 gaixotasunaren dinamikaren modelizazioan dihartute Euskal Herriko Unibertsitateko, Ikerbasqueko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko adituekin batera
Euskadin pandemiak izan duen eragina aztertzeko eta gaixotasunak denboran zehar izango duen eboluzioa neurtzeko eredu matematiko zein estatistikoak eta adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen dituzte
Egunero jasotzen diren datuak erabiliz txostenak prestatzen dituzte, hurrengo zazpi egunetan Euskal Autonomia Erkidegoko OSI ezberdinetan izango diren kasu positiboak eta ospitalizazioak iragartzeko
Mundu osoko ehundaka matematikarik dihardute erloju kontrako ikerketan COVID-19ari aurre egiteko: birusaren propagazioa aztertzen, pandemiaren eboluzioa jarraitzen edota egoerari aurre egiteko hartu diren neurrien egokitzapena zehazten saiatzen.
Euskadin, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko (BCAM) ikerlariek COVID-19 gaixotasunaren dinamikaren modelizazioan dihardute Euskal Herriko Unibertsitateko, Ikerbasqueko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko adituekin batera. Euskadin pandemiak izan duen eragina aztertzeko eta gaixotasunak denboran zehar izan duen eboluzioa neurtzeko eredu matematiko zein estatistikoak eta adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen dituzte.
COVID-19aren inguruko lantaldea jarri du martxan zentroak. Taldea datu Zientzien eta Adimen Artifizialaren arloan zein Biologiako Modelizazio Matematikoan aritzen diren nazioarteko ikerlariek osatzen dute, EHUko, Ikerbasqueko eta Osakidetzako kideekin batera. Diziplina anitzeko talde honek Euskadi eta Italian jarduten du, eta eskarmentu handia du gaixotasun infekziosoen modelizazioan. Esaterako, denguearen, ebolaren eta gripearen hedapena aztertu dituzte. Gainera, beste instituzio batzuetako kideekin lankidetzan aritzen dira, arazoa ikuspuntu ezberdinetatik jorratzen eta administrazioarentzako erabilgarria den informazioa lantzen.
Aditu talde honek eredu epidemiologikoen (besteak beste, SIR eredua), ikerketa operatiboaren eta prozesu Gaussianoen bitartez gaixotasunaren dinamika deskribatzea lortu du. Ikerketaren emaitza COVID-19aren intzidentziaren datuekin balioztatu da, Osakidetzak partekatutako ospitalizazioen datuekin eta heriotza-tasarekin, hain zuzen ere. Emaitzek une honetan Euskal Herria fase linealean dagoela erakusten dute eta kasu positibo berrien kopurua egonkortu dela.
Horrez gain, BCAMeko taldeak egunero jasotzen dituzten datuekin txostenak prestatzen jarraitzen du, hurrengo zazpi egunetan Euskal Autonomia Erkidegoko OSI ezberdinetan izango diren kasu positiboak eta ospitalizazioak iragartzeko. Gainera, pandemiari aurre egiteko hartu diren neurriak ebaluatzen dituzte etorkizunean hartu beharko diren erabakien aurrean ahalik eta informazio gehien izateko.
Testuinguru horretan, COVID-19ren epidemiak eragindako eragin ekonomiko eta sozialaren aurrean, BCAMek gaixotasunaren aurkako borroka indartzen, suspertzen, eta etorkizunean gertatu daitezkeen inpaktuak txikitzen laguntzen jarraitzea proposatzen du, funtsezko ikerketa-gaitasunak bideratuz.
Ildo horretan, inteligentzia artifizialaren arloan ikerketa-proiektu berriak abiaraztea proposatzen du zentroak kaltetuen trazabilitaterako, COVID-19rekin bateragarria den sintomatologiaren detekzio goiztiarrerako, asintomatikoen modelatzerako. Horrez gain, beste erakunde batzuekin lankidetzan pandemiak beste faktore batzuekin duen harremana aztertzea planteatzen du, hala nola BC3 klima-aldaketaren ikerketa-zentroarekin. Horrez gain, egungo egoeraren datuak aztertzen jarraituko du BCAMeko lantaldeak, baliabideak behar bezala planifikatu eta kudeatzeko, Euskadiko ekoizpen-ehunean ahalik eta eragin txikiena izan dezan eta ekonomia suspertzeko neurri egokiak hartu ahal izan daitezen.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?