Ekonomia Zirkularreko Europako erreferentea den enpresak (Eko-REC taldeko spin off-a) plastikozko hondakinak eraldatzen ditu eguneroko bizitzarako diseinuzko osagarri bihurtzeko
Plastikozko botilak erabiliz produktu birziklatuak diseinatu nahi izan zituen ETE baten istorioa da hau. Horrelaxe sortu zen 2018aren amaieran Ekomodo, Ekonomia Zirkularreko Europako erreferentea eta Eko-REC euskal taldeko spin off-a, zeinak bost milioi plastikozko botila birziklatzen baititu egunero. Euskadin sortu zen, birziklapenaren aldeko testuinguru geldiezinaren erdian, helburutzat harturik zerbait desberdina eskaintzea sektoreari eta plastikoaren berrerabilpena kontsumoko merkatua bezalako eremuetara eramatea, non produktu berrerabiliek berriek baino ospe txarragoa baitute. Gauzak horrela, Ekomodoko hiru bazkideak duela pare bat urte hasi ziren plastikozko hondakinak eraldatzen eta diseinuzko eta kalitateko produktuak sortzen, hala nola, ordenagailuentzako zorroak, edalontzi-azpikoak, giltzatakoak, alfonbrak edo hoteletako geletako txartelak. “Hori guztia pertsonei eta enpresei mundua hobetzen laguntzeko” dio David Zabalak, Ekomodoko zuzendari nagusiak.
Egun hauetan, ia derrigorrezkoa da galdera egitea: nola daramazue egoera hau?
Nahiko ondo, ahalegina eginez ezohiko baldintza hauetara egokitzeko eta, ahal dugun neurrian, etxetik lan egiteko.
Laguntzen ari zarete pandemiaren aurkako borrokan?
Eko-REC enpresa taldearen barruan gaude, eta talde horrek plastikozko botilak birziklatzen ditu askotariko produktuak egiteko, besteak beste, elikadurarako ontziak fabrikatzeko erabiltzen dugun xafla bat, orain Euskadiko LHko ikastetxeei eta maker-ei eman dieguna, 3D bisera eta maskarak egiten jarrai dezaten osasun arloko langileak babesteko.
Zehazki, zer egiten duzue Ekomodon?
Plastikozko hondakinak eraldatzen ditugu eta eguneroko bizitzarako osagarriak egin. Esaterako ordenagailu edo tabletentzako zorroak, oihalezko poltsak, estutxeak, giltzatakoak, hoteletarako txartelak… Produktu horiek hiru ezaugarri dauzkate: onak dira gure bezeroentzat (pertsonak edo enpresak), kartara eginiko produktuak jasotzen dituztelako; onak dira gizartearentzat, bertako tailer sozialetan egiten ditugulako; eta onak dira planetarentzat, material birziklatu eta berrerabilgarriekin egiten ditugulako, baina batez ere, ikur moduko bat direlako.
Zer esan nahi duzu?
Produktu bakoitza tresna oso ahaltsu bat da, mezu irmo bat transmititzen duelako: keinu txikien bitartez, gutako bakoitzak bere aletxoa jar dezake eta jarri behar du mundu hobe bat lortzeko.
Badirudi filosofia horrekin go!ODS sariketako epaimahaia konbentzitu duzuela. Sari horien helburua da Garapen Jasangarriko Helburuak (ODS) lortzera bideratutako Estatuko proiektuak nabarmentzea eta babestea…
Hala da, sariketaren bigarren edizioan 200 hautagaitza zeuden eta 18 enpresa sarituetako bat izan gara. Garapen Jasangarriko 12. Helburuari (Produkzio eta Kontsumo arduratsua) eginiko ekarpenak eman zigun aitortza. Oso eskertuta gaude sariagatik, eta espero dugu horrelako ekimenak baliagarri izango direla ikusgarritasuna eta aitortza emateko eredu jasangarri eta justuago baten alde lanean ari diren enpresei. Gainera, ziur gaude ekintzailetzaren bitartez lagundu dezakegula (eta lagundu behar dugula) gizartea eta planeta hobetzen.
Nolakoa da prozesua? Zer gertatzen da plastikozko botila bat zuen instalazioetara sartzen denetik, adibidez, ordenagailu batentzako zorro bihurtzen den arte?
Adibide bezala produktu hori hartzen badugu, ikusiko dugu bere jatorria plastikozko botila bat dela: kontsumitzaile batek dagokion edukiontzian bota badu botila, hortik hautaketa instalazio batera iritsiko da, eta gero gurea bezalako birziklapen lantegi batera, non urtu egingo baitugu ehun-hari bihurtzeko. Azkenik, hari hori diseinu batean erabiliko dugu, eta gure produktuak egiten dituen tailer sozial batera eramango dugu, diseinu horretan oinarrituta forma har dezan. Eta azken urratsa merkaturatzea da.
Nolakoa da zuen enpresa zenbakitan jarrita?
Lau profesionalez osatutako ETE bat gara, 2019an sortua, eta 100.000 euro inguru fakturatzen dituena. Gure enpresa Eko-REC taldean dago, zeinak 120 langile baitauzka, eta 21 milioi euroko fakturazioa urtean. Sortu ginenean, gure asmoa zen proiektuaren bideragarritasuna bilatzea taldearen barruan eta autonomo izateko modu bat aurkitzea. Hori lortu dugu, horregatik, gure bidearekin jarraitzeko modu onena bilatu nahi dugu orain.
Nolako erantzuna ematen die merkatuak zuek fabrikatzen dituzuenak bezalako produktuei?
Eskaerarik badagoen galdetzen ari bazara, erantzuna baiezkoa da. Badago eskaera, baina oso garrantzitsua da azpimarratzea horrelako produktuek erantzun positiboa izango dutela, baldin eta bezeroak nahi dituen eskakizunak betetzen baditu. Ez da nahikoa produktua birziklatua edo jasangarria izatea, edo tailer sozialetan fabrikatua izatea. Diseinuaren aldeko apustua egin behar du, arina eta funtzionala izan behar du, eta lehiakorra prezioari dagokionez. Gauza horiek guztiak kontuan hartu behar dira, kontsumitzailea prest dagoelako gehiago ordaintzeko, baldin eta produktuak bere igurikapenak betetzen edo gainditzen baditu.
Zure ustez zer ikasiko dugu krisi honetatik?
Egoera honek utzi diezazkigukeen hiru gogoeta bururatzen zaizkit. Lehena, uste genuena baino zaurgarriagoak garela; bigarrena, planetaren baliabideak mugatuak direla, eta hori agerian gelditzen ari da maskara edo arnasgailu artifizialekin, ez dauzkagulako behar ditugun guztiak; eta hirugarrenik, mezurik itxaropentsuena: benetako borondatea badugu eta elkarrekin lan egiten badugu, aurre egin ahal izango diegu krisi hau bezalako erronkei eta epe laburrean berriz iritsiko zaizkigun larrialdiei. Inoiz baino lankidetza eta batasun handiagoa behar dugu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?