Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 20 apirila, 2020 Azpiegiturak Berrikuntza Ekintzailetza I+G BIND Bio-osasuna Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi Sprilur UP Euskadi

Larrialdiaren ondorengo eszenatokia prestatzea eta Covid-19a diagnostikatzeko alternatibak bilatzea, horra Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko enpresek eta teknologia-zentroek erdietsi nahi dituzten helburuak

Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko teknologia-zentro eta enpresa batzuk gogor ari dira lanean Covid-19aren diagnostiko proben alternatibak garatzeko eta egungo osasun larrialditik irteten garenerako eszenatokiak planteatzeko, adimen artifiziala eta big data erabiliz

Sarea proiektutan koordinatzen ari da, osasun larrialdiak sortutako premiei aurre egiteko emaitzak lortzeko.

Vicomtech, Ikerlan eta Ikusi bezalako enpresak lanean ari dira sektore publikoari eta pribatuari itxialdiaren ondorengo eszenatokietan lagunduko dieten konponbide teknologikoak sortzeko.

 

 Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko teknologia-zentro eta enpresa batzuk gogor ari dira lanean Covid-19aren diagnostiko proben alternatibak garatzeko eta egungo osasun larrialditik irteten garenerako eszenatokiak planteatzeko, adimen artifiziala eta big data erabiliz.

 

Aktibatu diren proiektu askok helburutzat dute kopuru ugaritan dauzkagun materialak darabiltzaten alternatiba azkarragoak bilatzea, alternatiba horien bidez birusaren material genetikoa detektatzen duten PCR probak (Polimerasaren Kate-Erreakzioaren ingelesezko siglak) ordezkatzeko edo osatzeko. Horretan ari dira UPV/EHUko ikerketa-taldeek, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroak, Biofisika Fundazioak, Ikerbasque-k eta BioCruces Bizkaia eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuek Leioako Zientzia Parkean instalatu duten diagnostiko-unitatean. Unitate horrek RT-PCR probak erabiltzen ditu (Covid-19aren material genetikoaren detekzio kuantitatibo eta espezifikoa egiten dute, azkar eta merke, kit komertzialik erabili gabe) test kopurua handitzeko.

 

Helburu berarekin, Gaiker teknologia-zentroa (Basque Research and Technology Alliance – BRTA aliantzako kidea) kit ultra-sentikor eta azkar bat garatzen ari da PCR proben alternatiba gisa, eta bi teknologia erabilerraz ere prestatu ditu, antigeno immunogeniko biralarekiko gainesposizioagatik sortutako antigorputzak detektatzeko. Era berean, elkarlanean ari da UPV/EHUrekin, CIC bioGUNErekin eta Neiker zentroarekin osasun ekipamenduak fabrikatzeko balioko duten ehun berriak garatzeko. Bestalde, Gaiker zentroak aholku ematen die enpresei eta administrazio publikoei, diagnostiko kit-ak ebaluatuz, eta orobat aholkatzen ditu entsegu antimikrobiologikoen arloan nahiz maskaren bio-bateragarritasunaren edo diagnostiko-laginen arloan. Azkenik, hiru aste daramatzate etengabeko harremanean arituz Eusko Jaurlaritzarekin eta bere lantaldeko profesionalak prestatuz PCR analisiak egiteko nahiz laginen garraio biralerako bitartekoak prestatzeko.

Bestalde, Abyntek Biopharma enpresak eskuragarri jarri ditu Covid-19ari aurre egiteko antigorputz espezifikoak, birusaren antigenoak, antigenoak eta antigorputzak detektatzeko kit-ak eta PCR kit-ak.

Matematikaren balioa

Matematikaren arloa ere bere hondar aletxoa jartzen ari da. Basque Center for Applied Mathematics-ek (BCAM), Eusko Jaurlaritzak babestutako nazioarteko ikerketa-zentroak, agintariei helarazten dizkie eguneroko balioespenak, jakiteko zenbatekoa izango den aurreikusitako ospitaleratze kopurua eta, ospitaleratze horien artetik, zenbat izango diren larriak, hau da, zenbatek beharko duten ZIUetako arreta.

 

Une honetan, zentro hori elkarlanean ari da Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU), Ikerbasque-ekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, besteak beste, pandemiaren inpaktua deskribatzeko eta hartu diren euste-neurrien ondorioak ebaluatzeko, informazio hori oinarritzat har dadin itxialdia malgutzeko erabakiak hartzean. Bestalde, teknika estatistikoak eta adimen artifiziala erabiliz, eredu matematikoak garatzen ari dira ospitaleratzeak aurreikusteko.

 

Gainera, BCAM zentroak adimen artifizialaren arloko ikerketa-proiektu berriak abiarazi nahi ditu gaixoen trazabilitatea jarraitzeko, Covid-19arena izan daitekeen sintomatologia sasoiz detektatzeko edo asintomatikoen ereduak egiteko.

 

Parke Sarearen barruan, Ikerlan teknologia-zentroak azterlan bat jarri du martxan, Euskadin egin diren larrialdietarako arnasgailu mekatronikoen garapena bideragarria den egiaztatzeko. Horretarako, kontuan hartuko dute ziklo osoa: osagaien hornikuntza, fabrikazioa, muntaia, zertifikazioa eta homologazioa; horrezaz gain, Euskadin dauden osasun sektoreko enpresen gaitasunak aprobetxatuko dira, eta gaitasun horiekin batera, IKERLANek produktu mekatroniko berrien garapenean duen esperientzia baliatuko da.

Etorkizuneko eszenatokiak

Ikerlan beste proiektu bat garatzen ari da Tecnalia eta Vicomtech zentroekin, aplikazio bat sortzeko. Aplikazio horren bidez, enpresek nahiz erakundeek kudeaketa-tresna egokia izango dute eskura, behin itxialdia amaitu ondoren, lan-jarduera presentzialak modu seguruan berraktibatzeko eta pertsonak ahalik eta gehien babesteko. Ekimen honen helburua da normaltasunerako mailakako itzulera segurua bermatzea.

 

 

 

Halaber, Vicomtech konponbide bila dabil etorkizuneko gertakizunak prebenitzeko edo gertakizun horiei aurre egingo dieten azpiegiturak prestatzeko. Horretarako, aplikazioen erabiltzaileek euren borondatez emandako informazioaz baliatuz, urruneko monitorizazio-lanak egiten ditu, norbanako bakoitzaren arrisku-maila aurreikusteko.

 

Bestalde, Ikusi enpresak bere teknologia jarri du prebentzioaren zerbitzura, kasuak garaiz eta zehatz-mehatz deskubritzeko eta gaitza duten pertsonak monitorizatzeko. Negozioen eraldaketa digitalerako integrazio, ingeniaritza eta garapen teknologikoko zerbitzuak ematen dituen enpresa horrek proposatu du Cisco Webex plataforma (24 ordu baino gutxiagoan instalatzen dena eta 90 egunez doakoa dena) instalatzea, konektagarritasuna bermatzeko eta lankidetza ingurune ziberseguru batean garatzeko.

 

Gainera, Ikusi enpresak ingeniaritza-lanak egin ditu bi hilabetean 5.000 arnasgailu fabrikatzeko Hersill enpresaren eta Osasun Ministerioaren proiektu batean (Tecnalia-k ere parte hartu du ekimen horretan). Hala, konponbideak sustatu dira epe laburrean arnasgailu gehiago fabrikatzeko eta zenbait piezaren hornidura arazoak konpontzeko. Teknologia-zentro horrek bi ekintza-bloke bultzatu ditu. Batetik, eskuragarri jarri ditu bere tresnak, PCR proben bitartez Covid-19aren diagnostiko azkarreko probak egiteko bere Pharma Lab Services eremuan. Bestetik, Arabako Teknologi Parkean kokatutako laborategi hori medikamendu berriak fabrikatzen eta haien kalitate kontroleko probak egiten ari da, zeintzuk ebaluazio-prozesuan baitaude koronabirusari aurre egiteko hainbat entsegu klinikotan.

 

Era berean, aeronautikako motorrak eta osagaiak egiten dituen ITP Aero enpresak maskarak eman ditu ospitaleetarako, bere superkonputazioko klusterra eskaini die organismo zientifikoei Covid-19aren aurkako simulazio intentsiboak egiteko, eta bere ekoizpena aldatu du 3D inprimigailuekin bisera babesleak egiteko, CovidEuskadi maker mugimenduaren barruan.

 

Ahaleginak batuz koronabirusaren aurka

Enpresa eta teknologia-zentro horiek abiarazitako ekimenez gain, badira beste ekimen batzuk ere bioteknologia eta osasun sektorean (hor dihardute Progenika Biopharma, Histocell, Osasen, Viralgen, CIC bioGUNE y CIC biomaGUNE, I+Med edo Graphenea eta  A3Z Advanced enpresek) manufaktura sektorean (sektore horretakoak dira Mizar Additive Manufacturing eta Optimus 3D enpresak), eta konponbide teknologikoen sektorean (sektore horretara biltzen dira Erictel, Ibermática eta Orvium enpresak). Besteak beste, zentro horiek hidrogel alkoholdunak eta osasun arloko langileen babeserako materialak egiten ari dira, eta PCR test gehiago egiteko formula bila dabiltza. Bestalde, ikerketa-taldeen esku jarri dituzte euren baliabideak, birusaren aurkako medikamenduak eta txertoak bilatzen laguntzeko. Esteka honetan daukazu proiektu horietako bakoitzari buruzko informazio zehatza.

 

Aipatu ditugunak Euskadiko Teknologi Parkeen Sarean garatutako ekintzen adibide batzuk baino ez dira. Sareak 18.489 pertsona enplegatzen dituzten 544 enpresa eta 43 teknologia- eta ikerketa-zentro biltzen ditu, eta enpresa eta teknologia-zentro horiek Euskadiko BPGaren % 7,1 sortzen dute, lan handia egiten ari direlarik berrikuntza arloan. Hain zuzen, sareko enpresa eta teknologia-zentroek (enpresa-sarearen % 0,9 hartzen dutenek) kontzentratzen dute Euskadiko I+G-ko inbertsioaren % 38.

 

 

Lotutako albisteak

22 Azaroa, 2024 Azpiegiturak
Eibarrek 9.625 metro karratuko hirugarren sektorerako eraikin berria izango du Erisonon urtea amaitu baino lehen
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 25 urria, 2024 Azpiegiturak
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
koldo iturriagagoitia eckoing 23 urria, 2024 Azpiegiturak
Eckoing bizkaitarrak hazkunde bidean dauden enpresei Asiako merkatuetarako sartzen lagunduko die
Irakurri gehiago
23 urria, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko Adimen Artifizialaren lehen diagnostikoak nazioarteko AAren arloan erreferentzia bilakatzeko duen potentziala egiaztatu du
Irakurri gehiago
22 urria, 2024 Azpiegiturak
Peddinghausek produzitzeko denborak lau aldiz gutxitzeko gaitasuna duen eta erabat digitalizatuta dagoen makina-erreminta eskaintzen du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak