Plataforma hau osasun zerbitzuei, enpresei eta antolakundeei zuzenduta dago
Covid-19aren pandemiak erronka handiak mahaigaineratu ditu, bai osasun sistementzat, eta baita ere enpresentzat nahiz oro har gizartearentzat. Osasun zerbitzuei nahiz antolakundeei laguntzeko asmoz, Init taldeak CoronaCare garatu du, osasunaren urruneko diagnostiko eta kudeaketarako plataforma. Aplikazio horrek osasuna zaintzeko eta monitorizatzeko plan espezifikoak eskaintzen ditu pertsona bakoitzaren egoeraren arabera, eta plataforma bat ere eskaintzen du osasun arloko profesionalentzat.
CoronaCare aplikazioa Init Health enpresaren osasuna kudeatzeko konponbidean oinarritzen da, baina egungo egoeraren premietara egokituta dago. “Gure helburua da pandemia kudeatzen laguntzea hala administrazio publikoei, nola enpresei eta gizarteko beste eragile batzuei”, azaldu du Joxean Saez de Ocarizek, Init Taldeko zuzendari nagusiak, “tresnak eskaini nahi dizkiegu, baina ez orain bakarrik, intzidentzia-puntu handienean gaudenean, baizik eta baita ere ondorengo faseetan, pixkanaka normaltasun berrira itzultzen hasten garenean”.
Plataformak badauka aplikazio bat, non erabiltzaileek aukera duten euren osasuna ebaluatzeko eta zaintza-plan espezifikoak jasotzeko, bakoitzak duen arrisku mailaren arabera. Gainera, osasun arloko profesionalek erabiltzailearen jarraipena egin ahal izango dute. “Herritarrak ematen duen informazioaren arabera, plan bat esleitzen zaio, esperientzia handiko mediku profesionalek diseinatzen eta etengabe eguneratzen dutena” azaldu du enpresako zuzendari nagusiak, “egoera bateragarria bada balizko Covid-19 kasu batekin, mediku taldeak orientazioa eta laguntza emango dio eman behar dituen hurrengo urratsetarako”. Sistemak etengabeko komunikazio-kanal bat ere eskaintzen du zalantzak argitzeko.
Tresna hau osasun sistemei eta kolektiboen osasuna kudeatu behar duten antolakundeei zuzentzen zaie. Osasun zerbitzuen kasuan, lagungarri da herritarren zaintza aktiborako eta arriskuan dauden pertsonak identifikatzeko; enpresen kasuan, langileen segurtasuna eta ongizatea hobetzeko modu bat da. “Plataforma etengabe ari da eboluzionatzen, pandemia eta gure bizitzak aldatzen diren neurrian” azaldu du Joxean Saez de Ocarizek, “adibidez, enpresak orain aztertzen ari dira nola bermatu dezaketen euren langileen osasuna jarduera pixkanaka berraktibatzen denean”.
Europako nahiz Latinoamerikako hainbat enpresa hasi dira CoronaCare erabiltzen euren langileen osasuna kudeatzeko. Lantaldea hainbat administrazio publikorekin eta osasun zerbitzurekin ari da hizketan, plataforma hori erabil dezaten itxialdiaren ondorengo etapetan.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?