Virtualware euskal enpresak bere errealitate birtualeko aretoen teknologia erabiliko du General Electric Hitachiren erreaktore nuklearren erregai mugimenduaren simulazioetan. Hiru urtez patentatutako hardware sistema garatu dute Basauriko egoitzan eta, multinazionalarekin urtebetez lan egin ondoren, nazioarteko proiektu honek hurrengo hilabeteetan AEBetan lehen instalazioa egitea aurreikusi du.
Lankidetza honek Bizkaiko konpainiaren VIROO teknologia erabiltzen du, eta pertsonak ingurune kontrolatu batean trebatzeko eta entrenatzeko beharrezkoak diren hardwarea eta softwarea barne hartzen ditu, Kasu honetan, berrikuntza honen erabiltzaileak erreaktore nuklearren erregaia manipulatzeaz arduratzen direnak dira. Prozesu konplexu horretan hainbat profesionalek parte hartzen dute aldi berean. Areto hauek simulazioan murgiltzea ahalbidetzen diete, errealitate birtualaren bidez, erabiltzaile bat baino gehiagori eta eskala errealean (1:1), GE Hitachirentzat funtsezkoa den xehetasuna.
Sortu den aretoan, simulazioa egiten ari den pertsonarentzako sentsoreak alde batera utzita, erreaktorean manipulatu behar duten ekipoaren erreplika fisiko bat ere egongo da. Kopia fisiko hori entrenamenduetarako sortutako ingurune birtualari lotuta egongo da, eta horrek nolabait ingurune birtuala eta erreala ‘bateratzea’ lortuko du. Horri guztiari esker, Virtualwarek adierazi duenez, “arriskuak murriztu daitezke, zereginaz arduratzen diren profesionalak hobeto prestatuz, eta, aldi berean, entrenamendu-kostuak murriztuz“.
Errealitate birtualeko gela mugikorra
“Prozesu nuklearretan entrenatzeko simulagailuen hurrengo belaunaldia da hau, gure taldea eta gure bezeroena trebatzea eta entrenatzea ahalbidetuko diguten simulagailuak“, adierazi du Ricardo Moreno Europako GE Hitachi taldeko presidenteordeak. Proiektuaren lehen zatiaren instalazioa aurtengo martxoaren amaierarako aurreikusita zegoen, baina Covid-19 gaixotasunak eragindako pandemiak kronograma aldatu du.
Virtualware enpresak azaldu duenez (Basauriko egoitzan ditu 50 langile gehienak baina Madrilen, Londresen, Mexikon eta Araban ere badituzte bulegoak), egoera hobetu bezain laster Estatu Batuetara joango dira instalazioa egitera; besteak beste, aretoaren muntaia, motxilak eta kaskoak gela bakoitzeko sei erabiltzailerentzat eta softwarea ingurune birtualentzat martxan jarriko dituzte.
Epe luzeko proiektua da bi enpresa hauen elkarlana, eta horri esker zentral nuklearretan lan-prozesu kritikoen simulagailuak garatzeko aukera izango dute hainbat erreaktore-motatara egokitzeko (BWR, PWR eta D&D), bai eta errealitate birtualeko areto ugari instalatzeko ere, GE Hitachik Willmingtonen (Ipar Carolinan) duen egoitza nagusiko areto finko bat sortuz eta formakuntza saioak dauden tokietara eramateko gela mugikor bat garatuz.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?