Metalaren FVEM patronalak bere 127 urteko historia osoan presidentetzat daukan lehen emakume honek malgutasuna, kontsumoa aktibatzeko planak, digitalizazioa eta berrikuntza eskatzen ditu ekonomia berraktibatzeko
Bere 127 urteko historian, Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzak (FVEM) lehen aldiz aukeratu du emakume bat, Tamara Yagüe, Bizkaiko ekonomiako sektore garrantzitsuenaren patronaleko presidente izateko. Euskadiren birika industriala den sektore horrek ia 35.000 langile enplegatzen ditu 863 konpainiatan. Yagüek kargu horren ardura hartu du sektoreak inoiz jasan duen ekaitz okerrenaren erdian, ekoizpen erritmoak oso baxuak baitira, eta ziurgabetasun giroa, aldiz, gero eta handiagoa. Oso eszenatoki konplexua da, zalantzarik gabe, baina Made in Basque Country programan emandako elkarrizketa batean adierazi du seguruenik distantziak murrizten joango direla merkatuek jarduera eta konfiantza berreskuratu ahala.
Zuzenbidean lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea) eta Bilboko Merkataritza Ganberaren Batzorde Exekutiboko kidea, Yagüek eskarmentu handia du enpresen zuzendaritzan, instalazio elektrikoen arloko Tecuni enpresako zuzendari nagusia baita 2007tik eta Grupo VINCI multinazionalaren zuzendaritza batzordeko kide ere bai.
Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Erabateko ziurgabetasun ekonomikoan murgilduta gaude. Eszenatoki historiko bat da, kolpe bakarrean eraitsi baititu orain arte guretzat normalak ziren negozio-ereduak eta ekonomia urri bat utzi baitigu, egoera ziurgabean dauden enpresekin. Baina konfiantza izan behar dugu, eta orobat aztertu behar dugu zer neurri hartu behar diren pixkanaka aurrera irteteko.
Zeintzuk dira sektorearen igurikapenak?
Federakuntzan dauzkagun azken datuen arabera, gure enpresen % 90ak dio merkatua estankatuta dagoela edo atzeraldian edo atzerakada gogor batean murgilduta. Hala ere, enpresen % 42k espero dute ekainerako merkatua berraktibatu egingo dela gutxienez jardueraren %50-%76raino. Horrekin batera, % 77k diote eskaera-zorroa ahula edo oso ahula dela, eta inbertsioak nabarmen murriztuko direla hemendik eta urte amaierara. Datu horiek ziurgabetasun handia sortzen dute enpresen bideragarritasunari dagokionez, kontuan hartu behar baita gaur egungo mehatxu handienetako bat dela enpresen altxortegien likidezia falta, eta horrek esan nahiko luke enpresak bideraezinak direla ekonomikoki. Baikorrak izan behar dugu, baina errealistak ere bai.
Zer espero liteke datozen hilabeteetan?
Gure enpresek esaten digute laguntzak behar dituztela jarduera mantendu ahal izateko, esaterako, kontsumoa aktibatzeko programak, dirulaguntza publiko gehiago, likidezia handiagoa ahalbidetzeko neurriak eta ezinbesteko ABEEak abendura arte luzatzeko aukera. Hiru enpresatik bik aurreikusten dute beren jarduera berreskuratuko dutela 6 eta 12 hilabete arteko epean.
Kontuan izanik metalaren sektoreak automozioarekiko duen menpekotasuna eta ikusirik azken horrek bizi duen egoera, nola eragiten die horrek zuen enpresei?
Enpresen erdia atzeraldi gogorra jasaten ari dira: % 94ren eskaerak gutxitu egin dira, eta uste dute gutxienez urtebete beharko dela beren jarduera berreskuratzeko.
Mende bat baino gehiagoko ibilbidearen ondoren FVEM bezalako euskal patronal handi bateko presidente izan den lehen emakumea albiste bihurtzea, zer iruditzen zaizu?
Hara, badakit Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzako presidente den lehen emakumea naizela, eta badakit hori albiste dela, baina horrek ez du esan nahi desberdina naizenik nire aurrekoengandik. Nire erronkak eta haiek izan zituztenak berdinak dira; baliteke koronabirusaren krisiaren ondorengo testuinguruan gauza batzuk desberdinak izatea, baina kargura iritsi naiz datozen lau urteetan lanari lotzeko buru-belarri, gogotsu eta ilusioz beterik. Ziur nago nire emaitzengatik epaituko dela nire lana, eta ez nire generoagatik.
Esan duzu garrantzitsua dela zuzendaritza batzorde orekatuagoak izatea eta emakumeek presentzia izan behar dutela, adimen emozional gehiago ekartzen dutelako lantaldeak kudeatzeko orduan… Zertan oinarritzen zara?
Gizonezko eta emakumezko liderren estereotipoetan sartu nahi izan gabe, egia da batzuek eta besteek estilo desberdinak dituztela. Emakumeak enpatikoagoak izan ohi dira, komunikatzaile hobeak, lidergo parte-hartzaileagoa eta kolaboratzaileagoa izaten dute eta gustatzen zaie taldeko lana. Gizonak, berriz, lehiakorragoak izan ohi dira eta zuzenago jotzen dute ekintzara. Zentzu horretan, logikoa dirudi pentsatzea enpresetako zuzendaritza taldeak zenbat eta orekatuagoak izan (eta ez generoaren ikuspuntutik bakarrik, baita ere ikuspuntu kulturaletik), hainbat eta gaitasun gehiago eta ikuspegi zabalagoa izango dutela emaitza hobeak lortzeko.
Eta horrelako teoria bat aurkezten diezunean pentsaera zurrunagoa eta mentalitate maskulinoagoa dutenei, nola begiratzen dizute?
Uste dut gizartea aldatzen ari dela, eta gaitzeko abiadan gainera. Zorionez, hori guztia normalizatzen ari da, eta pixkanaka lortuz joango da, gizarteak berak eskatzen duelako.
Zein izango da zure agintaldiko ibilbide-orria?
Uste dut jarraipena emango diodala nire aurrekoak (José Luis López Gil) egin zuen lanari, emaitza oso onak eman dituelako. Baina, aldi berean, Federakuntzaren ikuspegia eta aukerak zabaldu behar ditugu, ahalik eta ongien aurre egiteko egungo testuinguruari. Zentzu horretan, enpresengandik hurbil dagoen ibilbide-orri bat diseinatu dugu, enpresei laguntzeko egungo nahiz etorkizuneko eskaera eta premien aurrean. Gainera, jarraituko dugu sektorearen lehiakortasuna bultzatzen eta gure enpresentzat aukera bihurtuko diren aliantzak sortzen. Argi dago gurea bezalako merkatu global batean digitalizazioa eta I+G-a ezinbestekoak izango direla lehiakortasuna bultzatzeko.
Eta non gelditzen da malgutasuna?
Zalantzarik gabe, malguagoa izatea oso gauza beharrezkoa da, eta hala izaten jarraituko du, ekonomia berraktibatu eta hazkunde bidean jartzeko epe ertainean. Berdin garrantzitsuak izango dira kontsumoa aktibatzeko planak eta ekonomia eraldaketa digitalerantz eta berrikuntzarantz bultzatzeko ekimenak.
Zure ustez Digitalizazioa eta Berrikuntza, zutabe bi horiek, ezinbestekoak izango dira datorkigun eszenatokian?
Bai, zalantzarik gabe. Uste dut eraginkortasunez jokatu behar dugula barne-prozesuetan eta sistematikoki txertatu behar dugula eraldaketa digitalarekin eta 4.0 Industriarekin zerikusia duen guztia. Berrikuntzaren aldeko apustuari eutsi behar diogu produktuan, zerbitzuan eta pixkanaka aldatzen ari diren negozio-ereduetan, eta, horrezaz gain, apustu egin behar da nazioartekotzearen alde, sektorearen giltzarrietako bat izango baita. Federakuntzako enpresen erdia baino gehiago nazioartekotuta dago, eta atzerriko merkatuetan egiten dute euren fakturazioaren %40; beraz, lanean jarraitu behar dugu esparru horretan eta gai izan behar dugu industrian sartuko diren goi-mailako profesionalak prestatzeko.
Sektoreko enpresak prest al daude ongi moldatzeko eszenatoki horretan?
Hori dena ezingo da lortu behar dugun talenturik gabe; horregatik hurbildu behar diogu industriaren errealitatea gizarte osoari (genero guztiei), gazteek ikus dezaten erakargarria dela eta aukerak ematen dituela profesionalki garatzeko. Egia, oraindik gainditu gabe dugun ikasgaia da, eta baliteke gaur egungo egoera ez izatea onena gazteenei gure ateak irekitzeko, baina nola edo hala ildo horri eutsiko diogu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Uste duzu metalaren sektoreko enpresek proiektatzen duten irudia eta errealitatea bat datozela?
Gazteen jakin-mina elikatu behar da industria sektorearekin lotutako karrera profesionalak aukeratu ditzaten. Askok ez dakite nolako garapen profesionala izan dezaketen industrian, gaur egun ingurune hori ez da gehiago buzoz eta esku zikinez betetako ingurune bat, baizik eta gune oso teknologiko eta berritzailea. Errealitate berri hori gizarte osoari erakutsi behar zaio, erakargarri gerta dakien gazteei. Euren beharra daukagu, etorkizuna direlako.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?