Hiru urteko lanaren ondoren, Haritive proiektua amaitu da, eta aurrerapen handia lortu du fabrikazio aurreratuan. Fabrikazio mota hau kostu handiko materialak dituzten balio handiko eta tamaina ertain-handiko piezetan erabiltzen da, bereziki eskakizun handiko industria-sektoreetan, hala nola aeronautikan, ontzigintzan edo lanabes eta moldeen fabrikazioan.
Proiektu estrategiko hau 2017an Hazitek programaren barruan sartu zen, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bidez bultzatutako programa, eta Europako FEDERen diru laguntzak lortu zituen. Addilan izan da proiektuaren burua, eta, lan horri esker, Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Berrikuntzaren Saria jaso du, AFM makina-erremintaren klusterrak ematen duen saria. Gainera, beste bederatzi enpresak parte hartu dute proiektuan (Ona Electroerosión, Lagun Machine Tools, Cadtech, Sariki, Izar Cutting Tools, Grupo TTT, CT Ingenieros, Amondarain eta Vicinay Cadenas), eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko bost I+G+b unitate (Tecnalia, Lortek, Vicinay Marine Innovación, Mondragon Unibertsitatea eta Invema). Azken hau AFMko unitate teknologikoa da.
Haritiveren helburu nagusia arku elektrikoaren edo WAAMen (Wire Arc Additive Manufacturing) bidezko fabrikazio gehigarriko teknologiak garatzea zen, balio handiko pieza mota horiek fabrikatzeko beharrezkoak ziren prozesu eta zerbitzu osagarrien kate guztiarekin batera. Eta, hori guztia, enpresen balio-katean integratzea.
“Gure makina bere inguruko beste teknologia batzuekin interakzioa duelako sortu zen proiektua. Teknologia horiek osagarriak izan behar dira, bezeroarentzat irtenbide lehiakor bat lortzeko”, azaldu du Ivan Tabernero Haritiveko teknikari arduradunak. Konponbide hori euskal enpresen arteko elkarlanaren bidez lortzea da helburua.
Proiektuaren azken urtean, garatutako teknologia balioztatzeko erakusgailuak egiteko ahalegina egin da, eta azken erabiltzaileek fabrikatutako ‘demo’ piezetan emaitza oso onak lortu dituztela ziurtatu dute, teknologia hori aplikazio berrietan erabiltzeko aukera ematen baitu. Izan ere, une honetan “jada bi makina saldu dira eta erakusketak egiten ari dira, batez ere aeronautika eta oil & gas sektoreetan”, azaldu du Tabernerok. Proiektuaren hiru bazkide azken erabiltzaileak dira ere, eta beharrezko egokitzapenak egiten ari dira. Hau da, berrikuntza-proiektu hau berehala merkaturatu da.
WAAM teknologia hari metalikoaren eta arku-soldaduraren konbinazioan oinarritzen da, eta tamaina handiko pieza metalikoak fabrikatzea ahalbidetzen du (metro bat baino gehiagoko luzerakoak), beste teknologia gehigarri batzuk baino ekoizpen-tasa askoz handiagoekin. Erabileraren ondorioz, nabarmen murriztu dira bai ekoizpen-denborak eta kostuak (azken hauek % 38 murriztu dira, lehengaien erabilera % 79 murriztuz), bai piezaren bizi-zikloaren barruko ingurumen-inpaktua ere ( % 65 txikiagoa da). Beste era batera esanda, bloke batetik abiatuta eta bertatik pieza lortzeko materiala kendu beharrean, aurreformako pieza bat egiten da, lortu beharreko azken formatik gertu dagoena. Horrek denbora eta materialak aurrezten ditu.
Proiektuak 3,5 milioi euroko aurrekontua izan du.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?