Mondragon Unibertsitateak eta Teamlabs-ek gidaliburu bat argitaratu dute kolaborazio-dinamikak egiteko antolakundeetan
Azken hilabeteetan, gero eta tresna digital gehiago erabiltzen dira proiektu kolaboratiboak garatzeko, ikasketetarako edo antolakundeen barruan erabakiak hartzeko. Hala hezkuntza-inguruneetan nola enpresetan, lantaldeek azkar baino azkarrago murgildu behar izan dute teknologia berrietan eta onlineko inguruneekin lotutako antolakuntza-moduetan. Erronka handia da tresna digital berriak erabiltzea pertsona talde zabal batekin egiten diren prozesu kolaboratiboetan, baina, era berean, aukera asko irekitzen dira.
Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Teamlabs-ek Herramientas para la facilitación del aprendizaje colaborativo en entornos digitales izeneko gidaliburua argitaratu dute. Argitalpen horren helburua da laguntza ematea urruneko kolaborazio-dinamikak ahalbidetu behar dituzten pertsona edo lantaldeei, eta beraizik zuzentzen zaie irakasleei, nahiz lanerako eta erabakiak hartzeko onlineko prozesuak aztertu nahi dituzten antolakunde eta enpresei.
Gidaliburuan jasotzen dira proiektu bat ingurune digitaletan abiatzeko egin beharreko urratsak, eta horrekin batera, fase bakoitzean baliagarri izan daitezkeen tresnak ere aipatzen dira. Gidaliburuaren egile eta Mondragon Unibertsitateko Lit masterreko zuzendarikide Beatriz Garcíak azaldu duenez, argitalpena “beraizik zuzentzen zaie arlo digitala sakonago aztertu eta lankidetzarako urruneko dinamikak sortzeko erronka zailari aurre egin behar dioten pertsonei”.
Gidaliburuak eskaintzen dituen gomendioen artean aipatzekoa da IDOARRT tresna, proiektu baten ibilbide-orriak kolektiboki diseinatzeko estrategia bat, zeinaren bidez galdera garrantzitsu batzuk egiten baitira: zein da helburua, zein emaitza espezifiko lortu nahi dira, zein rol hartuko du pertsona bakoitzak, eta zenbat denbora eskaini behar zaio prozesuari. Lan kolaboratiboari dagokionez, argitalpenak hainbat teknologia proposatzen ditu: arbel birtualak, erabakiak hartzeko plataformak (adibidez Loomio) edo prototipoak dokumentatzeko tresnak (adibidez docART).
eBook horrek orobat barne hartzen ditu horrelako prozesuak errazteko hainbat giltzarri eta gomendio, horrela esperientzia hobetzeko, pertsonen inplikazioa zaintzeko eta parte-hartzaile guztiek barneratu dituzten ikaskuntzak partekatzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?