Laguntzen helburua da karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketetarako pizgarriak ematea eta horiek sustatzea
Gobernu Kontseiluak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren Agindua onartu du. Agindu horrek, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak proposatuta, aldatu egiten ditu EAEko industria-sektoreko ETE-etan eta enpresa handietan efizientzia energetikoko jarduketak egiteko laguntzen deialdiaren oinarriak.
Gaur onartutako Aginduak aldatu egiten du 2019ko uztailaren 30eko Agindua, 2019ko eta 2020ko deialdiaren oinarriak onartu zituena. Aldaketak ez dakar aldakuntzarik bideratutako guztizko kopuruan —15.000.000 eurokoa izaten jarraitzen du—, baina laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitu egiten du, bai onuradun bakoitzeko, bai aurkeztutako eskabide bakoitzeko. Eusko Jaurlaritzak espero du aldaketa bikoitz horrek, parte-hartzea sustatzean duenez, lagundu egingo duela lortu nahi diren helburu energetikoak hobeto betetzen.
Idazketa berriaren arabera, “Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzak ezingo du gainditu, aurkeztutako eskabideen multzoarengatik, 2.000.000 euroko guztizko zenbatekoa” (aurreko oinarrietan, kopuru hori 1.000.000 eurokoa zen). Gainera, eskabide bakoitzaren gehieneko zenbatekoa ere aldatzen da, eta honela geratzen da: c) Eskabide bakoitzerako, eta jarduketa-tipologiaren arabera, gehieneko laguntza-zenbatekoa 2.000.000 eurokoa izango da 1. tipologiarako (“Teknologia hobetzea ekipo eta prozesu industrialetan”) eta 30.000 eurokoa, berriz, 2. tipologiako jarduketetarako (“Energia-kontsumitzaile handiak ez diren enpresetan kudeaketa energetikoa gauzatzeko sistemak ezartzea”). Lehen, kopurua 1.000.000 euro zen.
Eskabideak aurkezteko epe berria
Eskabideak aurkezteko epea 2019ko irailaren 30ean hasi zen, eta 2020ko abenduaren 31n amaituko da. Deialdia hasi zenetik 8 hilabete igaro direnez, 70 eskabide aurkeztu dira, eta, zenbatespenen arabera, 3.986.152.90 euro eman dira. Parte-hartze maila txikia dela eta —ziurrenik alarma-egoerak eraginda—, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak deialdiaren oinarriak aldatu ditu, eragile berriek parte hartu ahal izan dezaten eta industria-enpresetan efizientzia eta aurrezpen energetikoa areagotzearekin lotutako konpromisoak bete daitezen sustatzeko.
Gaur onartutako Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera, interesdunek hamar egun izango dituzte dagoeneko aurkeztutako eskabideak eskatzeko edo berriz formulatzeko —eskabideak ezarritako zenbateko berrietara berregokitu ditzaten—.Horretarako, Euskadi.eus egoitza elektronikoan sartu beharko dute: https://www.euskadi.eus/micarpeta, gaztelaniaz, eta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta, euskaraz.
Baldin eta eskabideak birformulatzeak eskatu diren zenbatekoei eta birformulatze horren ondoriozko elementuei soilik eragiten badie, lehenengo eskaera behar bezala bete duten unea hartuko da kontuan ebazpena emateko.
Aldaketa honekin ezarritako mugak aplikatzeak ez dio inola ere kalterik egingo aldaketa honek ondorioak sortu baino lehen dirulaguntza eskatu duen eskatzaileari. Hortaz, baliabideak esleitzean, hasieran ezarritako esparruaren arabera legokiokeenaren pareko kopurua bermatuko zaio, gutxienez. Horren ondoren, soilik, berraztertu ahal izango da muga berriak eskatzaile guztiei aplikatzea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?