Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak -biak SPRI Taldean integratuak- zibersegurtasunaren euskal ekosistema aurkeztu dute Eslovakian, Euskadik Pragan daukan Txekia eta Eslovakiarako bulegoak antolatutako jardunaldi birtual batean. Horretarako, laguntzaile izan dute SARIO (Eslovakiako Gobernuko Inbertsioen eta Merkataritzaren Garapenerako Agentzia), iragan urte hauetan lankide dutena.
Eslovakia nahiko merkatu heldua da IT eta zibersegurtasun arloan, eta baditu nazioarteko pisua duten tokiko enpresa batzuk, hala nola ESET. Aipatzekoa da IKTen sektoreak ia 50.000 pertsona enplegatzen dituela, BPGan industriaren portzentaje handiena duen herrialdea dela, munduko per capita auto fabrikatzaile handiena, eta 10.000 langile bakoitzeko robot industrial gehien dauzkan herrialdeetako bat. Gainera, badauzka linea-integratzaile propioak eta herrialde askotan erabiltzen diren nazioarteko robotak.
Sektore horien kontzentrazio handiak nahasketa interesgarri bat eskaintzen du, eta Eslovakia merkatu potentzial bihurtzen du zibersegurtasunarekin eta 4.0 industriarekin lotutako teknologiak eskaintzen dituzten euskal hornitzaileentzat.
Eslovakiak interesa agertu du BIND 4.0 eta BDIH bezalako ekimenetan eta nazioarteko proiekzioa duten eta Eslovakiako merkatuan interesatuta dauden zibersegurtasun sektoreko euskal enpresetan; hala, alderdi biek elkarrekin lan egingo dute urtearen azken hiruhilekoan ekintza zehatzak antolatzeko eta aldebiko lankidetza indartzeko.
Bideokonferentzian parte hartu dute Javier Dieguezek, Basque Cybersecurity Centre-ko zuzendariak; Gabriel Fedorko-k, Eslovakiako IT elkarteko idazkariak; David Dvořák-ek, SOITRON konpainiako IT Advisory Manager-ak; Stanislava Plascencia-k, SARIOko inbertsio proiektuetako senior aholkulariak; eta Martin Uhnak-ek, Berrikuntzako Ekonomiaren aldeko Eslovakiako Aliantzako zuzendari exekutiboak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?