Proiektuaren barruan ekimen pilotu bat egingo da zoladura iragazgarri berri bat jartzeko
Bilbao Urban & Cities Design elkarteak, GAIA klusterrarekin eta SUDS-ekin lankidetzan, “Otxarkoaga Auzo Green Factory”–Birnaturalizazioa auzo-eskalan proiektua jarri du abian, arlo ekologiko eta sozialerako konponbide jasangarriak bultzatzeko Bilboko auzo horretan.
“Proiektuaren helburua da naturan oinarritutako konponbideen aplikazioa aztertzea, hirien naturalizatze-maila handitzeko, energia kontsumoa eta klima aldaketaren ondorioak murrizteko, atmosferaren kalitatea hobetzeko eta iragazgaiztasun gradua gutxitzeko” azaldu du Xabier Arruzak, Bilbao Urban & Cities Design elkarteko koordinatzaileak.
Ekimen honen barruan eskala txikiko proba pilotu bat egingo da, zoladura iragazgarri eta ibilgarri bat instalatzeko. 200 m² inguruko plataforma hori atseden hartzeko eta erakusketa txikiak egiteko gune bat izango da, eta lorategi itxurako espazio bat izango du, nahi izanez gero, hiri-baratze bat jartzeko. Ekimen pilotua Otxar Urban Lab ikerketa espazioan kokatuko da, hots, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak hiriaren birsorkuntza ikertzeko bultzatu duten laborategian.
“Urbanizazioak lurzoruaren hidrologia eta ezaugarri naturalak aldatzen ditu, zigilatu eta iragazgaiztu egiten delako” azaldu du Xabier Arruzak, “baina, klima aldaketara egokitzeko politikei buruzko nazioarteko eztabaidaren testuinguruan, argi ikusten da natura ingurune antropizatuetan integratzeko neurriak bultzatu nahi direla, eta, gainera, udalerrien egokitzapen-potentziala nabarmentzen da”.
Zoladura iragazgarri batekin posible izango da putzurik gabeko zelai bat izatea, euri asko egiten duenean saneamendu-sareen karga hidraulikoa murriztea, eta udal drainatze- eta saneamendu-sarearen egitura hobetzea. SUDS zoladura mota berri hori hartxintxar egonkortu eta ibilgarrizkoa izango da, eta aukera emango du espazioaren funtzionaltasuna handitzeko, abantailak eskainiz egitura eta ingurumen arloetan eta arlo sozialean.
“Otxarkoaga Auzo Green Factory” proiektuaren barruan asmoa dago Domotech bat eraikitzeko, eta, Living Lab ereduari jarraiki, eraikin horrek hiri-baratzeetarako teknologia berriei buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak ostatatuko ditu. “Helburua da jasangarritasun soziala erdiestea, auzotarrak birnaturalizazio prozesuan parte hartzera bultzatuz eta etorkizun oneko sektore batean lan egitea ahalbidetuko duen ezagutza sustatuz” azaldu du Bilbao Urban & Cities Design elkarteko koordinatzaileak.
“Auzo Green Factory” proiektua Eusko Jaurlaritzaren BAI+D+I programaren lehen deialdian aurkeztu zen. Plan horren helburua da hiriaren birsorkuntza integralerako proiektu berritzaileak babestea eta Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren “Hiri Habitat” aukera-nitxoko helburuak betetzeko proiektuak sustatzea.
Bilbao Urban & Cities Design elkarteak elkarrekin biltzen ditu profesionalak eta enpresak think tank baten moduan, hiri-eredu berri inklusibo eta jasangarriagoak sustatzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?