Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea laster hasiko da 8 pabilioi berri eraikitzen Zamudioko Pinoa industrialdean.
SPRILUR Taldea BIM* (Building Information Modeling) teknologia txertatzen ari da bere proiektuetan eta eraikuntza-lanetan.
* BIM (Eraikuntzarako Informazio-modelatzea). Eraikinak 3Dn eta denbora errealean modelatzeko metodologia eta software-teknologia dinamikoa, gauzatze-denbora eta baliabideak hobetzen eta murrizten dituena diseinuan nahiz eraikuntza-prozesuan. Bere baitan hartzen du obraren geometria eta diseinu osoa: eraikuntza, erlazio espaziala, informazio geografikoa, osagaiak, propietateak eta eraikin edo azpiegitura zibil baten eredua sortzeko behar diren materialak.
SPRILUR Taldea BIM (Building Information Modeling) teknologiaren erabilera bultzatzen ari da teknologia hori txertatuz bere eraikuntza-lanen eta azpiegituren diseinu- eta gauzatze-prozesuetan.
Uztail honetan abiatuko dira Zamudioko Pinoa industrialdean 8 nabe industrial eraikitzeko lanak, Sprilur-en filiala den Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea sozietatearen bitartez. Nabe horiek 2.598 m²ko eraikigarritasuna izango dute eta 3.784 m²ko lursail baten gainean eraikiko dira, BIM teknologia berritzailea erabiliko delarik eraikuntza-prozesuan.
Teknologia hori lan-metodologia kolaboratibo bat da, eraikuntza eta obra zibileko proiektuen sorkuntzan eta kudeaketan erabiltzen dena, zeinak egingo den eraikinaren 3D eredu bat sortzen baitu lanei ekin aurretik. Teknologia horrek hobekuntzak dakartza bai eraikinaren diseinuan, bai eraikuntza-lanetatik sortuko den azpiegituran eta haren mantenimenduan, lagungarri delarik hasierako proiektuarekiko sor litezkeen disfuntzioak ezabatzeko.
Halaber, BIM teknologia inplementatuz eraikuntza-lanetako material desberdinak aztertu daitezke, proiektuaren jasangarritasuna neurtuz eta obren akaberak hobetuz, gauzatze-prozesuaren fase guztiak optimizatzen direlako.
Bestalde, Sprilur Taldeak erabaki du BIM eredua integratuko duela berak sustatutako proiektuetan, oso eraginkorra baita eraikuntza-lanak gauzatzeko. BIM teknologiari esker hobeto kontrolatu daitezke gauzatze-fase guztietako kostuak, eta baita ere eraikinak bere bizi-ziklo osoan beharko duen mantenimendua eta kudeaketa.
Teknologia berritzaile horren erabilpenak bi gauza bermatzen ditu: eraikuntza eta azpiegituren kudeaketa eraginkorragoa, eta gauzatze-epeak gutxiago luzatzea.
SPRILUR Taldeak BIM teknologia darabil arestian abiatu dituen eta hemendik gutxira burutuko dituen 5 proiekturen eraikuntza-lanetan. Proiektu horiek Kanpandegi (Lazkao), Bildosola (Artea), Ballonti (Ortuella) eta Larramendiko (Bergara) industrialdeetan egingo dira, eta horiei gehitu behar zaie gorago aipatu dugun Zamudioko proiektua.
SPRILUR Taldea, ERAIKUNE eraikuntzako euskal klusterraren bazkide den aldetik, aitzindari izan da 2018tik BIM metodologia txertatzen bere eraikuntza-proiektuen kudeaketan, eta metodologia hori erabiltzeko eskatu die bere hornitzaile guztiei, berrikuntza digitala sustatzeko eraikuntza sektorean.
Bestalde, Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, Europako kontratazio publikorako zuzentarauekin bat etorriz, esplizituki babestu du BIM metodologia integratzea proiektuak idazteko edo eraikuntza-lanak gauzatzeko lizitazioetan, alegia, administrazio edo sozietate publikoek eta SPRILURek berak sustatutakoetan.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?