Bost Machine Toolsek Europako kohete berrien garapen programan parte hartu du, euskal enpresa honek sortutako makinen bidez, hain zuzen ere. Ariane 6 Europako Espazio Agentziaren (ESA, ingeleseko siglengatik ezagututa) motorrak babestuko dituzten karbono-zuntzezko kanpaiak eraikitzeko erabiliko dira makina horiek.
Kohete belaunaldi berri honen lehen espazio-jaurtiketa 2021aren amaierarako aurreikusita dago, eta, hori lortzeko, Bost enpresak makineria berria sortu du, sektore aeroespazialak eskatzen dituen ezaugarri zorrotzak betetzen dituena. Aurrerapenak Fusée proiektuaren parte dira, Eusko Jaurlaritzako Hazitek programaren barruan eta Europako FEDER diru-laguntzekin elkarlanean.
Proiektuak konpositeen eta karbono-zuntzarekin sortutako egiturazko piezak mekanizatzea lortuko duten teknologien aurrerapenean zentratu da. Tornu bertikalaren kontzeptuan oinarritutako bi mekanizazio-zentro dira, eta hainbat funtzio dituzte. Makinek suziri aeroespazialaren motorrak babestuko dituzten kanpaiak sortzen dituzte: “Tolerantzia handiko piezak dira, eta Bost makinaren birtuterik garrantzitsuena pieza hauek “set-up” batean bukatzeko kapazitatea da “, azaldu dute proiektuaren arduradunek. Emaitza horiek lortzeko, “proiektu honetan oinarri oso garrantzitsua Bost eta bezeroaren artean egindako taldekako lana izan da”.
Berrikuntza profesionalak karbono-zuntzezko hautsetik babesteko
Proiektu honen emaitza “zehaztasun eta dinamika paregabeak dituen” makineria sortzea izan da. Baina, gainera, karbono-zuntza mekanizatzean sortzen den hautsa xurgatzeko berrikuntzak egin dira. Hauts hori oso arriskutsua da langileentzat, eta makinetan ere kaltegarria izan ahal da. Kasu honetan, xurgatzea bi metodo desberdinen bidez egiten da: xurgatze lokala, makinaren ondoan, eta orokorra, xurgatze-puntuak lan-bolumen osoan dituena. “Esfortzu handiak egin dira langileen osasuna babesteko helburu oso garrantzitsuan. Eta, beste aldetik, makina bera karbono hautsetik babesteko presurizazio injenieritza handia garatu da, puntu zehatzetan makinak inongo arazorik ez izateko”, aditzera eman dute Bosteko arduradunek.
Gipuzkoako enpresa honek makina-erreminta astunak eta ultra-erreminta astunak diseinatu, fabrikatu eta instalatzen ditu bere Asteasuko egoitzan. Bere I+Gko taldea, Bostek Innovation, ingeniaritza taldearekin batera, sektore aeroespazialerako bost ardatzeko karbono-zuntzezko piezen mekanizazioaren garapen teknologikoa bultzatu du. Bost enpresako bi taldeak proiektu honetan murgildu dira, eta ingeniaritza mekanikoko, elektronikoko eta elektrikoko profesionalak eta aplikazio-ingeniariak lan egin dute. “Esperientzia oso positiboa izan da eta emaitza bikainak lortu ditugu”, nabarmendu dute.
Bostek ehun profesional inguru ditu bere instalazioetan – 35 pertsona ingeniaritza arloan, garapena bultzatuz – eta tolerantzia handia eskatzen duten esparruetarako aplikazioak sortzen dituzte, besteak beste, aeroespazialerako, aeronautikarako, sektore eolikorako eta oil&gaserako.
Nazioartean presentzia handia duen enpresa
Bosten bezeroen % 90 inguru atzerrian daude, eta Alemania, Txina, AEB eta Frantzia bezalako herrialdeek horietako asko biltzen dituzte, baina enpresatik Euskadin ere bezero garrantzitsuak dituela nabarmentzen dute. 45 urteko jardueran, doitasun handiko tornu bertikaleko makinen arloan, mundu mailan buru diren enpresetako bat izatea lortu du. Bosten arabera, bere konpetentzia Alemanian eta Italian dago.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?