Vicomtech zentro teknologikoa adimen artifizialean eta bistaratze konputazionalean espezializatuta dago, eta ikusmen artifiziala edo errealitate areagotua bezalako teknologiak garatuko ditu, larrialdiren bat gertatzen denean tokian bertan jarduten duten profesionalen zerbitzura egongo diren belaunaldi berriko ekipamenduak sortzeko.
Respond-A izeneko proiektu europarra uda honetan hasi eta 2023ko maiatzean amaituko da. “Klima-aldaketaren arazoaren bilakaerarekin eta industria-istripuen ondorioen areagotzearekin, gero eta beharrezkoagoa da larrialdi-erantzun azkarreko taldeek informazioa kudeatzeko sistema fidagarriak eta arinak izatea, egoeraren kontzientzia handiagoa eta operazio-panorama hobea eskaintzeko”, adierazi du zentro teknologikoak.
Respond-An, 5G-a erabilita, aukera berriak irekitzen dira: errealitate birtual eta areagotuko aurrerapenak, robot autonomoak, dronak eta sentsore adimendunak erabiltzea, besteak beste. Tresna horiekin guztiekin, Vicomtech irudi operatibo komunari buruzko lan-sorta baten buru da, zeinak “datu-formatuen fusioa eta iturrien kudeaketarako, baita aginte- eta kontrol-aplikazioen garapenerako ere” balio duen. Proiektuan Europako beste 33 erakundek ere parte hartzen dute, horien artean daude ikerketa zentroak, administrazio publikoak eta Frantzia, Alemania, Grezia edo Italia bezalako enpresa pribatuak. Vicomtech lanean ari da dagoeneko datuak, irudiak eta ahotsa kalitate altuan transmititzea errazteko, landa-basean lan egiten duten taldeen artean, bai eta haien eta aginte-zentroen artean ere.
Azken finean, helburua “gertakariak azkar eta modu fidagarrian iragartzea eta ebaluatzea” da, salbamendu-ekintzak “modu efizienteagoan eta efikazagoan” egin daitezen, pertsonen eta profesionalen babesa areagotuz, “hondamendiak pasa aurretik, bitartean eta ondoren”.
BRTA aliantzako kide den euskal zentroaren zeregina ikusmen artifizial aplikatua bezalako teknologiak garatzea da, errazagoa izan dadin pertsona eta objektuen antzematea, errealitate areagotua eta gailuetan komunikatzeko baliabideak ezartzea. Horrela, lekuan bertan dauden pertsonen eta aginte-zentroen arteko informazio-fluxua hobetzea posible da.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?