Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 4 iraila, 2020 Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Fundiciones Gamarra: 150 urte galdaragintzan

Covid19ak markatutako testuinguru ekonomikoa gorabehera, Fundiciones Gamarra konpainia arabarrak digitalizazioaren eta inbertsioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du  

 

Nahiz eta profil baxua eta proiekzio publiko apala duen, Fundiciones Gamarra enpresak ibilbide industrial paregabea dauka, 150 urte baitaramatza Gasteiztik bere jarduera garatzen siderurgiaren sektorean. Arabako enpresa zaharrenetakoa da, Lascaray eta Amurrio Ferrocarril y Equipos konpainiekin batera.

 

Gamarra familiak 1870ean sortua, duela pare bat urte sartu zen ETEetan espezializatutako Vergara inbertsio-kapital funtsean; 75-100 langile bitarteko plantilla dauka Gasteizen, eta bere produkzio osoaren % 95 esportatzen du. Enpresako zuzendari nagusi Asier Arocenak Made in Basque Country saioko mikrofonoetan kontatu digu zein den ehun urtetik gorako konpainia honen aktualitatea eta nolakoak diren normaltasun berriak ekarriko dituen etorkizuneko erronkak.

 

Zer egiten du zehazki Gamarra-k eta zein sektoretarako?

 

Altzairu moldeatua egiten duen galdaragintzako enpresa bat gara, eta goi-mailako erresistentziako piezak egiten ditugu, besteak beste, burdinbideen sektorerako. Zerbitzu integrala ematen diegu gure bezeroei, hala, gure produkzio-prozesuan sartzen ditugu ez bakarrik galdaketa, baizik eta baita ere mekanizazioa eta osagaien soldadura.

 

 

Nolako eragina izan du egungo krisiak zuen konpainian?

 

Pandemiak gogor kolpatu dituen sektoreentzat lan egiten dugu, bereziki automozio sektorearentzat. Beraz, ikusten ari gara eskaera-zorroa aurreko urtekoetakoa baino txikixeagoa dela. Nolanahi ere, kontuan izanik Gamarrak 150 urteko historia duela, nahiago dugu epe laburrera baino epe luzera begiratzea. Garrantzitsua da horrelako egoera larrietan halako egonkortasuna izatea finantza arloan, horrela ekaitzari aurre egiteko eta, batez ere, enpresa gisa hobetzen jarraitzeko. Horregatik, aurrera jarraituko dugu enpresaren digitalizazio eta inbertsio planekin, hobetzen jarraitzeko eta gure bezeroei zerbitzu gehiago eskaintzeko.

 

 

Duela pare bat urte sartu zineten Vergara arrisku kapitaleko funtsean,  ikusi baitzuen Gamarra potentzial teknologiko handiko ETEa zela, negozio oinarri onak dituena… Non egon nahi zenukete datozen urteetan?

Vergara funtsean sartu ginenetik enpresa profesionalizatu egin da, eta eraginkortasunean eta ekipoetan egin ditugun inbertsioek aukera eman digute hazteko. Epe luzera, asmoa da konponbide-sorta zabalago bat eskaintzen jarraitzea, eta uste dugu horretarako teknologian inbertitu beharra dagoela. Denok dakigu 150 urteko historia izatea harro egoteko modukoa dela, baina horrek erantzukizuna ere eskatzen du, gauzak ondo egiten eta epe luzera pentsatzen jarraitu behar dugulako.

 

 

Enpresaren negozioaren zati bat dibertsifikazioan oinarritzen da, hori al da egun duzuen egoera onaren giltzarrietako bat?

 

Bai, zalantzarik gabe. Krisi honek baieztatu digu dibertsifikazioa oso puntu garrantzitsua dela gure estrategiaren barruan. Burdinbideetako salmentek pisu handia dute, baina beste merkatu batzuk ere atenditzen ditugu, eta horrek arnasa eman digu paralisi globala iritsi denean. Dibertsifikatuago bageunde are lasaiago egongo ginateke, beraz, lanean jarraituko dugu sektore eta industria berrietan sartzeko.

 

Galdaketako enpresa handien aldean tamaina ertaineko ETEa zaretenez, nola ikusten duzue sektorea etorkizunean? Gerta liteke enpresa handi eta txikien arteko aliantza gehiago sortzea?

 

Dagoeneko ikusi eta egiaztatu dugu ezin dugula bizi soilik pieza galdatuekin, iraganean bezala. Gure negozioaren marjinak oso txikiak dira, eta lehia gogorra daukagu kostu baxuko piezak egiten dituzten herrialdeekin. Horregatik, ezinbestekoa da balio erantsia ematea gure produktu guztiei. Iraganean, Gamarra-k galdatutako piezak bakarrik egiten zituen; orain, aldiz, galdaketaz gain, mekanizazio lanak egiten ditugu, eta gainera osagai batzuk soldatzen hasi gara zenbait bezerorentzat. Prozesu horien bidez konponbide gehiago eman diezazkiekegu bezeroei, eta bestalde, balio erantsia ematen diegu gure produktuei. Bezeroekin aliantza handiagoa sortzeko modu bat da.

Lotutako albisteak

16 urtarrila, 2025 Eraldaketa digitala
Marijo Pagalday (Mondragon Korporazioa): “Gure helburua balio kate osoa hartzen duen 360º digitalizazioa eskaintzea da”
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Irakurri gehiago
8 urria, 2024 Eraldaketa digitala
Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”
Irakurri gehiago
5 iraila, 2024 Eraldaketa digitala
NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Berrikuntza
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak