Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendaria 2013tik, Alex Arriola ordezkatuko du, zeinarekin batera hainbat estrategia abiarazi baititu, hala nola, Basque Industry 4.0, BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatua, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA)
Aitor Urzelai Inza izango da SPRI Taldeko (Arantxa Tapia sailburuak zuzentzen duen Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundea) zuzendari berria. Urzelai Sail horretako kide da 2013tik, non Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendari kargua bete baitu.
Aitor Urzelai oñatiarrak Alexander Arriola Lizarriturriren lekua hartuko du, zeina enpresa pribatura itzuliko baita. Azken bi legealdietan lankidetza estuan aritu dira biak, hainbat estrategia garrantzitsu eta arrakastatsu martxan jartzeko, besteak beste, Basque Industry 4.0, BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatua, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA).
SPRI Taldeko zuzendari nagusi berria -2013tik bere kargua bete duena Arantxa Tapiaren Sailean- doktorea da Ekonomia eta Enpresa Zuzendaritzan, eta lizentziatua Enpresa Zientzietan (Marketin espezialitatean). Eusko Jaurlaritzara iritsi baino lehen, Mondragon Innovation & Knowledge (MIK) kooperatibako zuzendari izan zen 2009tik 2012ra, eta bide luzea egin du Mondragon Unibertsitatearen barruan. Hala, Mondragon Unibertsitateko Estrategia, Antolakuntza eta Ekintzailetza Saileko zuzendaria izan da, Enpresa Zientzien Fakultateko Zuzendaritza Batzordeko kidea, eta Logistikako irakaslea eta ikertzailea unibertsitate bereko LADEn eta MBA programan.
SPRI Taldea Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat da, eta bere helburua da euskal enpresen lehiakortasuna babestea, bultzatzea eta sustatzea, bide horretatik, aberastasuna sortuz Euskadin eta herritarren ongizate-maila hobetuz, giza-garapen jasangarria indartuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Sustapenerako Politikaren arloan.
SPRI Taldeak euskal enpresari laguntzen dio zortzi arlo estrategikotan: 4.0 Industria, Zibersegurtasuna, Nazioartekotzea, Inbertsioak erakartzea, Ekintzailetza, Eraldaketa Digitala, Teknologia, Berrikuntza eta Lurzoru industriala. Laguntza hori emateko, sail bereiziak dauzka SPRIren sozietate filialen barruan (Sprilur, Nazioartekotzeko Euskal Agentzia, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa eta Arrisku Kapitaleko Sozietatea) eta, bestalde, parte-hartze maioritarioa du Euskadiko Teknologi Parkeen Sarean eta BIC Araban, eta % 50ekoa BIC Gipuzkoan eta BIC Ezkerraldean (Bizkaian).
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?