Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 28 iraila, 2020 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Bideko segurtasuna ikusmen artifizialarekin bat eginik

ASIMOB enpresak teknologia bat garatu du asfaltoaren egoera eta edozein errepidetako seinaleak denbora errealean automatizatu eta digitalizatzeko
Estíbaliz Barañano e Ibon Aretxalde, ASIMOB-eko sortzaileak.

 

Ikusmen artifiziala, sentsorika, datuen analitika eta Gauzen Interneta (IoT). Teknologia disruptiboa automatikoki eta denbora errealean aplikatzea edozein errepideren mantenimendu-lanetarako. Horixe da ASIMOB (Advancec Services in Mobility) ETE bizkaitarraren leitmotivea. 2016an sortutako enpresa horrek urrats erraldoi bat eman du edozein errepide-sareren mantenimendu-lanak automatizatu eta digitalizatzeko, “hasi errepideko seinaleen egoeratik eta asfaltozko zoruraino” azaldu du Estíbaliz Barañanok, enpresako zuzendari nagusiak. Made in Basque Country programan eginiko elkarrizketan, Telekomunikazioetako ingeniari honek aztergai izan ditu prozedura zaharrak baino askoz “eraginkor eta bat-batekoagoa” den sistema “berritzaile” honen abantailak.

Zein testuingurutan sortu zen ASIMOB enpresa?

Ibilgailu autonomoak mugikortasun-ingurune berrietan nola ibiliko ziren pentsatzen ari ginenean sortu zen. Ildo horri jarraiki, pentsatu genuen errepide-sareen, hau da, gure errepideen mantenimendua ere hobetu zitekeela teknologia berriak aprobetxatuz, ahalik eta seguruenak izan zitezen.

 

Zein prozesu erabiltzen duzue errepide zehatz bateko asfaltoaren edo seinalitikaren “erradiografia” bat egiteko?

Bideo-irudiak hartzen ditugu errepideetan dabiltzan mantenimenduko ibilgailuetatik, horrelako azpiegiturak zaintzen dituzten kontraten ibilgailuetatik, eta ingurune urbanoagoetan, udaltzaingoaren autoetatik. Sentsorez eta kameraz hornitzen ditugu ibilgailu horiek, ordutako grabaketak pilatu ditzaten. Grabatutakoa ia unean bertan igotzen da lainora, eta irudi horiek erabiltzen ditugu benetako egoera eta izan behar lukeena alderatzeko; adibidez, ikusmen artifiziala aplikatzen dugu inbentarioak markatutako trafikoko seinaleak detektatu, sailkatu eta geo-kokatzeko. Horrela egiaztatzen dugu seinaleak egokiak direla, egoera onean daudela eta ongi ikusten direla errepideko kontrol zentrotik. Intzidentziaren bat detektatuz gero, sistemak alarma bat bidaltzen du eta unean bertan iristen zaio errepideko mantenimenduaren arduradunari, dela administrazio publikoa edo dela kontrata bat.

 

Zein abantaila dauzka sistema honek?

Inbentarioen mantenimendua, erreakzio-denbora azkarragoa gabeziaren bat detektatzen denean, inpaktu ekonomiko txikiagoa eta konstantzia errepideak behin eta berriro gainbegiratzean. Uste dut gauzak egiteko modu berri bat dela, kasu honetan, errepideak mantentzeko modu desberdin bat. Esaterako, eraginkorrago izateaz gain, azken bezeroak informatu ditzakegu aurrez aurre egon beharrik gabe.

 

Berrikuntza…

Bai, dudarik gabe. Gure izateko arrazoietako bat da. Garraio Sistema Adimendunen Espainiako Kongresuak sari bat eman zigun uda aurretik, proiektu pilotu batean parte hartu genuelako Kantabriako errepide-zati bat monitorizatu zuen Alviac enpresa madrildarrarekin (azpiegituren mantenimenduko enpresa). Eta iaz, Innobasque-k berrikuntza disruptiboko startup gisa sailkatu gintuen.

 

Aurrerapen digital hauek iritsi aurretik, nola egiten ziren horrelako diagnostikoak?

Eskuz egiten ziren, eta hala egiten dira oraindik ere; hau da, mantenimendu-taldeko pertsona bat errepidean ibiltzen da dena ondo dagoela egiaztatzeko, trafikoko seinale guztiak banan-banan errepasatzeko… Kontuan izan posible dela horrelako profil batek, baldintza normaletan, milaka seinale gainbegiratu behar izatea egunero…

 

Mantenimendu-protokoloen arabera, noiz esan liteke seinale batek gabeziak dituela?

Askotan ikusi ditugu landarediak estalitako seinaleak, aire zabalean egoteagatik narriatuta edo herdoilduta gelditu direnak edo ekintza bandalikoren bat jasan dutenak. Hiru adibide horietako edozeinek alarmak piztuko lituzke.

 

Nori interesatzen zaio zuen lana? Nolakoak dira zuen bezeroak?

Normalean erakunde publikoak izaten dira, errepide-sareen mantenimendua kontratei eta enpresa espezializatuei azpikontratatzen dietenak; hortxe kokatu dugu gure merkatu-nitxoa.

 

Agian ASIMOBen inflexio-puntua iritsiko da auto autonomoen presentzia errealitate bihurtzen denean gure errepideetan

Esango nuke oraintxe bertan ere baduela zentzua. Gidariontzat ezinbestekoa da trafikoko seinaleak ikustea, interpretatzea eta errespetatzea, eta horretarako, egoera bikainean egon behar dute. Hala ez bada, arazoak sor litezke, eta nahikoa da egunero albistegiak ikustea jakiteko oraindik ere gertatzen direla trafiko-istripuak seinalizazio txarragatik. Beraz, arazo bat da, gaur egun ere ondorioak dituena.

 

Erabiltzen dituzuen teknologiek lengoaia unibertsala dute. Noiz emango duzue nazioarterako jauzia?

Buruan daukagu, zalantzarik gabe, eta baliteke unea iristean herrialdeko enpresa eraikitzaile handien eskutik egitea, zeintzuek negozioak baitauzkate mundu osoan.

Lotutako albisteak

GLO910 13 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Elkarrizketa ‘glo910’-eko Ixone Elosegui eta Miren García-Chazarrari
Irakurri gehiago
José Luis López de Ciordia. Urberri 16 urria, 2024 Ekintzailetza
Zure negozioaren webguneak Interneten arrakasta izateko behar duen guztia eskaintzen dizu UrBerrik
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Azpiegiturak
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
25 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Vrainhax: “Min iraunkorra duten pazienteak tratatzen ditugu, haien bizi-kalitatea errealitate birtualaren bidez hobetzeko”
Irakurri gehiago
17 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak