Merkatuan hiru urte baino ez daramatzan Stockare startup-ak sistemak garatzen eta fabrikatzen ditu zenbait aldagaik (bibrazioak, kolpeak edo tenperatura aldaketak) kaltetu ditzaketen ondasunen bidalketa-egoera lokalizatu eta zaintzeko, eta erreferente bihurtzen ari da arlo horretan. Koronabirusaren pandemiak eragindako arazo logistikoen ondorioz, enpresei gero eta gehiago interesatzen zaie euren produktuen bidalketa eta harrera digitalizatu eta zaintzea. Erronkei buruz mintzatu gara Stockare enpresako zuzendari nagusi Lander Unanuerekin.
Zuen estrategia aldatu egin da 2017an martxan jarri zinetenetik. Une honetan, nola definitzen duzue zuen burua?
Lokalizazioko eta sentsorikako teknologiak eskaintzen ditugu ikusgarritasuna emateko hornikuntza-kate itzulgarriari; gure teknologiek helburutzat dituzte aktibo logistiko itzulgarriak, hala nola, plastikozko paletak edo lurreko logistikako edukiontziak. Horietako batzuk dira automozioan erabiltzen diren edukiontziak, ondasun eta produktuak garraiatzeko balio dutenak, eta behin jomugara iristean berriro jaso behar direnak hornitzailearen biltegira itzultzeko. Hau da, edukiontziak zirkulu itxiko bidaia bat egiten du. Gure neurketa- eta lokalizazio-gailuak palet edo edukiontzi horien barnealdean integratuta egoten dira.
Azaldu diezagukezu adibide zehatz batekin nola erabiltzen diren zuen gailuak?
Gure sistemak hiru aldagai neurtzen ditu nagusiki: tenperatura, inpaktuak edo kolpeak eta lokalizazioa. Hiru aldagai horien bidez kontrolatu ditzakegu produktu hauskorrak edo tenperaturak kaltetu ditzakeenak. Kolperen bat badago edo hotz-katea hausten bada, jakin dezakegu noiz eta non gertatu den. Esaterako, badugu bezero bat tenperaturak kaltetu dezakeen produktu bat garraiatu behar izaten duena eta 0 gradutik jaitsi ezin duena. Bezero honek neguan ere bidaltzen ditu bere produktuak Europako hainbat herrialdetara, eta gure gailua instalatu du bere bidalketa guztietan. Gailu horietako batek detektatzen badu tenperatura bost gradutik beherakoa dela, alerta bat bidaltzen du, horrela badakigu non dagoen edo norantz doan produktua, eta arriskuaz ohartaraz ditzakegu garraiolaria edo bezeroa, astia izan dezaten egoera arriskutsuei aurre hartzeko eta tenperaturak produktua kaltetu baino lehen erreakzionatzeko.
Nolako teknologiak erabiltzen dituzue informazio hori denbora errealean transmititzeko?
Sigfox erabiltzen dugu. Sigfox enpresaren partner-ak gara; teknologia berezia da, oso energia gutxi kontsumitzen duelako denbora errealean transmititzeko. Kontsumo baxu horri esker, gure gailuen bateriak, esku ahurrean sartzen denak, 10 ordura arte iraun dezake. Guretzat lehiakortasun-abantaila bat da gailuaren eraginkortasuna paletaren edo edukiontziaren bizitza erabilgarria baino luzeagoa izatea, ez duelako zentzurik lokalizagailuak aldatzen ibili beharrak, eta, gainera, bezeroek horixe eskatu digute.
Non diseinatzen edo fabrikatzen dituzue neurketa-lokalizazio gailu horiek?
Guk eskaintzen dugu konponbide osoa. Diseinua Stockare startup-arena da. Sigfox enpresaren partner-ak garenez, komunikatzeko gaitasuna ere ematen diegu. Bistaratze-plataforma bat garatu dugu, gai dena alarmak sortzeko, gailuak enpresako ERP desberdinekin konektatzeko edota informazio hori hirugarrenekin partekatzeko. Gure bezeroak harrituta gelditzen dira esaten diegunean hardwarea guk fabrikatzen dugula, asko baitira softwarea egiten duten enpresak, baina gutxi hardwarea egitera ere ausartzen direnak. Hasi eta buka fabrikatzen dugu konponbidea, hardwaretik logikara eta dekodifikaziora, datuen transmisiora eta bistaratzera. Full-packet konponbide bat da. Egia da osagai batzuk beste herrialde batzuetatik ekartzen ditugula, esaterako Estatu Batuetatik, Txinatik eta Europako beste herrialde batzuetatik, baina denak muntatzen ditugu Zamudion (Bizkaia).
Hitzetik hortzera dabiltza koronabirusaren aurkako txertoek izango dituzten logistika beharrak, batez ere Pfizer enpresaren txertoa, 70 gradu azpitik mantendu behar baita, bai batetik bestera eramatean eta bai biltegiratzean. Pentsatzen dut zuena bezalako konponbide bat egokia izan litekeela erronka horri aurre egiteko, ezta?
Esango nuke bi alderdi hartu behar direla kontuan. Bata da txertoek eta antzeko elementuek behar duten tenperaturaren kontrola, eta bestea COVID-19aren ondorioz munduko hornikuntza-kateak berregituratu egin direla, sentikorrago izateko eta sistema arin bat edukitzeko logistikan edo hornikuntza-katean, hau da, ez dadin izan hain estatikoa. Hala, posible da hornitzaile bat baino gehiago izatea eta edukiontzien ibilbidea bistaratzea. Zentzu horretan, gure sistemak aukera ematen du iritsiera denborak hobetzeko, uneoro jakiteko zein egoeratan dauden herrialde desberdinetan dituzun merkatu-gaiak, hots, garaiz erreakzionatzeko bezeroei edo garraiolariei deika ibili beharrik gabe eskaera non dagoen jakiteko… hori baita logistika sail askoren buruhauste nagusia.
Nolako inpaktua izan du koronabirusaren pandemiak zuentzat?
Otsailean, pandemia artean Europara iritsi gabe zegoenean, Txinako enpresak hainbat arazo izaten hasiak ziren birusagatik, eta erosi genituen zenbait osagai atzeratuta iritsi ziren. Pandemiak bi aurpegi izan ditu. Bata positiboa, azkartu egin duelako enpresa askoren eta enpresa barruko prozesuen -besteak beste, 4.0 logistikarekin lotutakoen- digitalizazioa. Baina, bestetik, zenbait bezerorekin genituen proiektu batzuk alde batera utzi behar izan ditugu, egoera kritikoa delako enpresa askorentzat, eta horrek baldintzatu egiten ditu martxan dauden proiektuak.
Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronka hurbilenak?
Gure bezeroek eskatzen digute gai izan gaitezela edozein aktibo lokalizatzeko, edonon dagoela ere. Onak gara kanpoaldeko lokalizazioan, baina bezeroek orain eskatzen digute zehaztasun bera izan dezagula lantegi barruan ere. Jakin nahi dute prozesuaren zein zatitan dagoen edukiontzia fabrikazio-lantegiaren barruan, zenbat denbora igarotzen duen prozesu bakoitzean, eremu zehatz batean metatuta dagoen, erabiltzen ari den eta, bestalde, informazioa atera nahi dute biltzen ditugun datuetatik. Horregatik, RFID teknologia gehitu diogu gailuari, barrualdeko zehaztasun hori lortzeko. Horrekin konpondu dugu bezeroaren premia bat, hau da, produktua prozesuaren zein zatitan dagoen jakitea lantegi barruan dagoenean.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?