AEBetako Defentsa Saileko Berrikuntza Unitateak (DIU) CounterCraft euskal enpresa aukeratu du zibermehatxuei aurre egiteko. Egoitza zentrala Donostian duen eta defentsa aktiboan eta ziberinteligentzian espezializatuta dagoen konpainia hori arduratuko da Defentsa Saileko operazio unitateak mehatxuen inguruko inteligentzia-gaitasunez hornitzeaz eta mehatxuen detekzio goiztiarra hobetzeaz.
CounterCraft enpresaren konponbide berritzaile eta sarituak antolakundeetako ingurune errealen berdin-berdinak diren ingurune digitalak diseinatzen eta hedatzen ditu; ingurune horiek informazio eta zerbitzari faltsuz hornituta daude, erasotzaileak erakartzeko. Helburua da ingurune horietan gertatzen diren jarduera susmagarri guztiak detektatzea, zibererasotzaileei buruzko inteligentzia aurreratua eskuratzea eta denbora errealeko alertak sortzea antolakundeen defentsa aktiboa indartzeko. Estatu Batuetako Defentsa Sailean bildu duen arrakasta bultzada handia izan da konpainiarentzat, eta horri esker, bikain hasi du 2021. urtea, bulego berri bat inauguratuz New Yorken eta bere lantaldea zabalduz zibersegurtasun arloko aditu garrantzitsuekin, zeintzuek aurretiazko esperientzia baitute izen handiko organismoetan, hala nola, National Security Agency (NSA), Goldman Sachs eta Estatu Batuetako Aireko Armadan.
CounterCraft enpresak finantzaketa-erronda bat jaso du arestian Adara Ventures, ORZA, eCAPITAL, Elewit, Evolution Equity Partners eta Wayra bezalako arrisku-kapitaleko erakundeen eskutik, eta hamar milioi dolar bildu ditu bere sorreratik. DIU eta Defentsa Saila gehitu zaizkio bere bezero-zerrendari, zeinetara biltzen diren Fortune500 indizeko beste hainbat konpainia, finantza eta gobernu sektoreetan jarduten duten bazkideak eta azpiegitura kritikoen arloko erakundeak.
Countercraft dugu Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak (BCSC) duela hiru urtetik gidatzen eta bultzatzen duen zibersegurtasunaren euskal ekosistemaren adibideetako bat. Eusko Jaurlaritzak zentro hori izendatu du zibersegurtasuna sustatzeko Euskadin. Bere helburuak dira zibersegurtasunaren kultura sustatu eta garatzea euskal gizartean, zibersegurtasunaren aplikazioarekin loturiko jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta alor horretako sektore profesionala indartzea.
CounterCraft-i buruz
CounterCraft-ek zibermehatxuei aurre egiteko inteligentzia eta defentsa aktiboko belaunaldi berri bat eskaintzen die antolakundeei. Fortune 500 indizeko 20 konpainiak baino gehiagok erabiltzen dute konponbide saritu hau. 2015ean sortua, CounterCraft enpresak bulegoak ditu Londres, New York eta Madrilen, eta Donostian du egoitza zentrala.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?