Basamortuaren erdian kokatutako Las Vegas hiria (Nevada) argi, kasino eta ikuskizunen sinonimo da, baina duela hainbat urtetatik, lehorte eta ur-hornikuntzako arazo larrien sinonimo ere bada. Euskal enpresa batek bultzatutako ingeniaritza-obra batek konpondu du Mead aintzira urtez urte murrizten duen estres hidrikoak eragindako ur-faltaren arazo larria. Enpresa hori Beasainen dago, Indar Bombas du izena (Ingeteam Taldekoa), eta mundu mailako liderretako bat da ur-punpen diseinuan eta fabrikazioan. Tamaina eta gaitasun handiko garapenak, bai diseinu fisikoan eta bai ingeniaritzan, gero eta eraginkorrago izateko eta ingurumena gero eta hobeto errespetatzeko. Las Vegaseko proiekturako fabrikatutako punpak adibide ona dira. Konpainia gipuzkoarreko zuzendari nagusi Néstor Campok azaldu duenez, goi-mailako ingeniaritzako 32 ekipo instalatu dira ia 300 metroko sakoneran, zeintzuek 3,4 milioi litro kubiko punpatzen baitituzte egunero “35 milioi pertsona hornitzeko”.
Nolakoak dira, zehazki, Las Vegaseko proiektu honetarako diseinatu eta fabrikatu dituzuen punpak?
Unitate bakoitzak 3.878 Kw-eko potentzia du, 13.800 volteko tentsioa eta ia 28 tonako pisua hutsean. Munduko punpa murgilgarri handi eta indartsuenak dira eta beren balio bereizgarria da ur horrek berak aktibatzen duela motorraren eta bere kojineteen hozte-sistema, olio edo bestelako hondakinen isurketak saihestuz.
Duela hilabete batzuk jarri zenituzten martxan; aurreikuspenak betetzen ari dira?
Duela ia urtebete bukatu genuen ekipo horiek martxan jartzeko prozesua, 2020ko apirilean hain zuzen, eta punpek errendimendu betean funtzionatzen dute harrezkero. Hala ere, Mead aintzirako ur-maila espero baino handixeagoa izan denez, ez dago punpak potentzia osoan martxan eduki beharrik.
Nola lehia daiteke Beasaingo enpresa bat nagusiki Alemanian eta Japonian dauden sektoreko erraldoiekin?
Punpak eta motorrak diseinatzeko daukagun gaitasun teknikoagatik dela uste dut. Espezialistak gara arlo horretan, eta esperientzia metatu handia dugu. Horrez gain, tamaina ere kontuan hartu behar da, zeren korporazio handiak baino askoz arin eta malguagoak gara edozein bezeroren presazko premiei erantzuteko orduan.
Las Vegasekoa bezalako proiektu baten emaitzak ikusita argi gelditu da berrikuntza dela lehiakor izateko giltza. Indar bezalako enpresa batek nolako baliabide material eta ekonomikoak eskaintzen dizkio berrikuntzari?
Sektore askotan presentzia duen enpresa teknologiko bat gara, eta ezagutza da gure balio erantsia, bai Indar enpresa barrukoa eta baita ere Ingeteam taldean garatzen dena. Zentzu horretan, Indar-en kasuan, konpainiaren negozio zifraren % 3 bideratzen dugu urtero I+G-ra, eta 25 pertsonako lantalde bat daukagu soilik lan-ildo horretarako. Gainera, Europako makina elektroniko aurreratuenak dauzkagu gure laborategietan, eta baita ere proba-banku bat, mundu mailako erreferentzia dena punpa murgilgarrientzat.
Helburuak eta aurreikuspenak bete izanak beste proiektu batzuetarako ateak zabaldu dizkizue Estatu Batuetan…
Las Vegaseko arrakastaren ondoren, beste kontratu oso garrantzitsu bat lortu genuen Bud Lewis Carlsbad gatzgabetze lantegian, Kaliforniako San Diego eskualdean. Estatu Batuetako gatzgabetze lantegi handiena da. Kasu honetan, hiru punpa-motor murgilgarri egin behar izan ditugu, neurrira diseinatuak eta eduki teknologiko handikoak, arrainei pasabide bat egiteko sistema hidraulikoko kanaletan barrena (fish friendly). 270 kWko potentzia unitarioko gure motorren akzionamenduari esker, ekipo horietako bakoitzak 37.500 m3-ko emaria garraiatzen du egunero hiru metroko altueran.
Zergatik dago zuen etorkizuna Estatu Batuetan?
Txinaren atzetik berau delako datozen lau urteetan uraren sektorean inbertsio-potentzial handiena duen bigarren herrialdea, zehazki, 260.000 milioi dolarrekoa. Horregatik, herrialde estrategikoa da Indar-entzat, bai gatzgabetze aplikazioetan eta baita ere ureztatze arloan edo urak batetik bestera eramateko proiektuetan. Hortik abiatuta, Asiako merkatua da gure plan estrategikoaren bigarren zutabea. Zergatik? Uraren sektoreak mundu mailan mugitzen duen guztiaren % 30 Asian dagoelako, beraz, hazi nahi badugu, guretzat ezinbestekoa da han egotea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?