Euskal enpresa txiki eta ertainek martxoaren 19tik aurrera eskatu ahal izango dituzte zibersegurtasun industrialeko eta digitalizazioko programetako laguntzak, startup teknologiko eta berritzaileek hilaren 31tik aurrera eskatu ahal izango dituzte ekintzailetza programakoak, eta gazteek martxoaren 26tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte nazioartekotzeko 125 BEINT bekak. Programa horiek Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren “Oso ETEzaleak gara” laguntza-programaren barruan kokatzen dira (SPRI Taldearen bitartez).
Laguntzei buruzko jardunaldi telematikoen ostean (zeintzuetan 1.300 enpresak azalpenak jaso zituzten eskaintzen diren 68 laguntzei buruz, eta 5.000tik gora enpresak azalpen horiek ikusi dituzten SPRI Taldearen kanalaren bitartez), enpresak eta beste erakunde batzuk ere jardunaldiak eskatzen eta antolatzen ari dira helburu berarekin, besteak beste hauek: Metalaren Bizkaiko Federazioa, Elikaduraren Klusterra, Elkargi, Innobasque, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea (DEBEGESA), Debagoieneko Garapen Agentzia, SEA Arabako Enpresak, Euskadiko Ekipamendu, Zur eta Diseinu Klusterra (HABIC), Basque Health Cluster, e.a.
Urteko lehen hilabeteetan Euskadiko I+G-ko jarduera babesteko deialdiak egin ondoren Hazitek eta Elkartek programen bitartez (131,3 milioi euro), SPRI Taldeak hilaren 19an irekiko du Zibersegurtasun Industriala (2,5 milioi euroko zuzkidura) eta enpresak digitalizatzeko Industria Digitala laguntza-programetarako (3,6 milioi euroko aurrekontua) eskaerak aurkezteko epea.
Era berean, unibertsitateko goi-mailako gradu titulua duten eta ingelesa menperatzen duten 31 urtetik beherako pertsonek aukera izango dute 125 Beint beketatik bat eskuratzeko martxoaren 26tik aurrera. Beka horien bitartez kanpo-merkataritzaren arloko nazioarteko esperientzia lortuko dute atzerrian praktikak eginaz eta lan-mundurako sarbidea segurtatu ahal izango dute. Programa honek 5 milioi euroko aurrekontua du.
Azkenik, ekintzaileek Ekintzaile programaren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte (3,1 milioi euro), BIC-Business Innovation Center-en bitartez startup teknologiko eta berritzaile berriak martxan jartzeko eta euren heltze-prozesuak babesteko.
Eusko Jaurlaritzak 18.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emango dizkie zibersegurtasun arloko neurriak aplikatzen dituzten enpresa industrialei. Gainera, laugarren edizio honetan Zibersegurtasun industrialeko programak –zeinaren helburua baita zibermehatxuen aurkako babesa sustatzea eta zibersegurtasuna aprobetxatzea lehiakortasun abantaila bezala- bere aurrekontua bikoiztu du, 2,5 milioi euro guztira.
SPRI Taldearen eta Zibersegurtasunerako Euskal Zentroaren (BCSC, ingelesezko siglak) bitartez kudeatutako programa honek 178 proiektu babestu zituen iaz. 1,3 milioiko aurrekontuarekin, 3,3 milioi euroko inbertsioa mobilizatu zuen.
Hona hemen diruz lagundu daitezkeen jarduerak: sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT inguruneetarako, lantegietako ekipo industrialetarako urruneko sarbideen sekurizazioa, auditoretzak, kanpoko erasoen simulazioak, plantillaren kontzientziazioa, enpresa bakoitzaren egungo egoeraren diagnostikoa eta jardunbide egokiak barneratzeko edo ziurtagiriak eskuratzeko proiektuak.
Laguntza eskaerak SPRI Taldearen web orritik tramitatuko dira, eta eskaerak aurkezteko epea martxoaren 19tik azaroaren 26ra bitartekoa izango da.
Martxoaren 19tik irailaren 24ra arte, zabalik egongo da euskal ETEen eta industriaren eraldaketa digitalerako laguntzen eskaerak egiteko epea. 3,6 milioi euroko zuzkidura duen Industria Digitala programak erantzuna ematen dio industri arloko enpresetan eta produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzuetako enpresetan Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKTak) txertatzeko erronkari, helburua baita bultzada bat ematea euskal sektore industrialaren digitalizazioari.
Urtean 18.000 euroraino banatuko ditu enpresa bakoitzeko, diagnostiko-proiektuak egiteko edo/eta EIKTak ezartzeko:
– Enpresa barruko Informazio Sistemak Cloud zerbitzuetara migratzeko proiektuak;
– Sentsorika, SCAD, zerbitizazioa, prozesuen automatizazioa, BIGDATA eta Blockchain:
– Errealitate birtuala, areagotua, mistoa eta ikusmen artifiziala;
– Smart Factory. Prozesu industrialen simulazioa, elkarrekin uztartuko direlarik gaitasun fisikoak eta birtualak;
– Fabrikazio gehigarria: ingeniaritza- eta aholkularitza-zerbitzuak, laguntza emateko hasierako ideiatik eta diseinutik produkzio faseraino;
– Gamifikazioa. Aholkularitzako proiektuak, zeintzuen helburua baita jokoetatik ateratako teknikak aplikatzea erabiltzaileak leialtzeko, motibatzeko eta konprometitzeko, e.a.
Bestalde, martxoaren 26an irekiko da eskaera epea unibertsitateko goi-mailako gradu titulua duten eta ingelesa menperatzen duten 31 urtetik beherako pertsonek Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren 125 beketako bat lortu dezaten. Programa honek 5 milioi euroko aurrekontua du, bekadunek kanpo-merkataritzari buruzko nazioarteko esperientzia lortu dezaten atzerrian praktikak eginaz eta lan-mundurako sarbidea segurtatu dezaten. Epea apirilaren 26an bukatuko da.
BEINT nazioartekotze-beken programaren helburua da nazioarte arloari buruzko trebakuntza ematea bekadunei, atzerriko merkatuen inguruko ezagutza akademikoak eta esperientzia praktikoa jaso dezaten, eta horretarako, mugikortasuna errazten zaie nazioartekotutako enpresa eta erakundeen bidez.
Funtsezkoa da nazioarteko merkatu berrietara sartzeko eta ingurune kultural desberdinetan lan egiteko behar diren gaitasun teknikoak eta trebetasunak ongi menderatzea, biziki garrantzitsuak direlako karrera profesionalak bultzatzeko eta euskal enpresa-sarea sendotzeko nazioarteko esperientzia duten profesional berriekin. BEINT programak 2 urteko iraupena du, 3 fasetan banatuta. 30.000 eta 60.000 euro bitarteko zuzkidura du pertsona bakoitzeko, atzerriko jomugako bizi-mailaren arabera.
Oinarri teknologiko eta berritzaileko startup bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei zuzendutako programa honek osatzen du bigarren laguntza-sorta. Ekintzaile programa historikoak 3,1 milioi euroko aurrekontua du, eta eskaerak egiteko epea martxoaren 31tik abenduaren 10era bitartekoa izango da.
Bere helburua da Bussiness Innovation Center (BIC) baten babespean dauden enpresa-proiektu berriei (berritzaileak edo/eta oinarri teknologikokoak, industrialak edo industriarekin lotutako zerbitzuetakoak) laguntzea ideiaren heltze-fasean eta enpresa Euskadin martxan jartzeko fasean.
Asmoa da 30.000 eurorainoko dirulaguntza eta 18 hilabeteko sostengua ematea Bizkaiko, Ezkerraldeko, Gipuzkoako edo Arabako BIC batean garatuko den enpresa-ideiaren heltze-faseari (berritzailea edo/eta oinarri teknologikokoa).
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?