Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 15 apirila, 2021 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Udalek eremu sozioekonomikoan eragiteko gakoak emango ditu Udaltopek

Maiatzaren 5ean eta 6an egingo da eta zabalik dago izena emateko epea

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa online egingo dugu, aurreko edizioan bezala. Maiatzaren 5ean eta 6an izango da, eta aurreko edizioari jarraipena emanez, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak emango dira, hain zuzen, udaletatik zer eta nola egin daitekeen aztertuko da. Jardunaldia jarraitzeko, beharrezkoa izango da gaur zabaldu den izen-emate formularioa betetzea.

 

Zer eta nola egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko? Izenburu horrekin, eremu sozioekonomikoa izango du bigarren urtez ardatz nagusi Udaltopek. COVID-19aren pandemiak behartuta, jardunaldia online izango da osorik. Honela arrazoitu dute erabakia antolatzaileek: “Pandemiak zein bilakaera izango duen asmatzea ez da erraza, eta aurreko urtean izandako arrakasta ikusita, indarrak online bidezko jardunaldia antolatzen jartzea erabaki dugu”.

 

Iazko edizioarekin alderatuta, ordea, egitaraua goiz bakarretik bi goizetara pasa da. Gai nagusiari dagokionez, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak emateko  ahalegina egingo da. “Horixe izango da aurtengo Udaltopen ardatz nagusia. COVID-19ak bete-betean harrapatu gintuen aurreko edizioan, eta egitaraua pandemia egoerara moldatu behar izan genuen. Gure asmoa zen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak ematea, lan-mundua euskalduntzeko beharraz aritu ginen. Aurten, gaia berreskuratzeko beharra eta aukera ikusi dugu”, azaldu dute antolatzaileek.

 

Miren Dobaran, lehenengo hizlaria

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek zabalduko du aurtengo jardunaldia. Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 aurkeztuko du; planaren lehenengo aurkezpen publiko zabala izango denez, sailburuak adierazi duen bezala, “oso baliagarria izango da plana Udaltop bezalako foro batean aurkeztea, azken finean, bertako publikoa izango baita plana garatuko duena”.

 

Plana aurkeztuta, udaletara begira jarri eta plana aplikatzeko jarraibideak emango dira. Ikuspegia zabaldu eta helduleku ezberdinetatik erreparatuko zaio: Siadecok, plana udalerrietan nola aplika daitekeen azalduko du; Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak, udalek plana garatzeko dituzten tresna juridikoen inguruko gogoeta egingo du; Emakundek, bere kontratuetan ezartzen dituen klausula sozialei jarraipena nola egiten dion argituko du, euskara lehenesteko klausulen jarraipena egiteko baliagarria izango delakoan; eta azkenik, Garapen Agentziek esparru sozioekonomikoan esku-hartzeko dituzten tresnen berri emango dute.

 

Bigarren eguna zabaltzeko, Joan Pujolar Kataluniako Unibertsitate Publikoko irakasleak bizitzan zehar ezaugarri linguistikoetan izaten diren aldaketen (mudes lingüístiques) azterketa aurkeztuko du. Haren ikerketaren arabera, Katalunian langunea da hizkuntza aldatzeko, mudatzeko, abagune garrantzitsuetako bat. Hari horri jarraituz, gertuagokoak ditugun abaguneen berri emango da praktika onen bidez: Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntza eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako Ariguneak.

 

Ohikoa den bezala, jardunaldia talde-lanarekin amaituko da. Guztiz berritzailea izango da aurtengo talde-lana, online egingo baita. “Eskura dauzkagun baliabide teknikoek horretarako aukera ematen dutenez, saiakera egitea erabaki dugu”, azaldu dute antolatzaileek.

 

Talde-lanaren emaitza, gainera, eskuliburu batean jasotzeko asmoa dagoela aurreratu dute. “Lehen eguneko hitzaldi nagusien osagarri izango da talde-lana;  bertan jasotzen diren ekarpenak hitzaldi horietan jasotako argibideak osatzeko baliagarriak izango direla ziur gaude; gure asmoa da Eusko Jaurlaritzak garatutako planaren gauzatzea erraztuko duen eskuliburua sortzea, eta bide batez, euskara teknikarien lana erraztea” aurreratu dute.

 

Izen-ematea, zabalik

Egitaraua aurkeztuta, izen-ematea martxoaren 17tik aurrera zabalik dago, apirilaren 23ra bitarte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da. Prezioa 15 € izango da. Arrazoi teknikoengatik, ezinbestekoa da izen-ematea; formularioa betetzen dutenek soilik jasoko dute jardunaldia online jarraitzeko pasahitza.

 

Antolatzaileek udaletako eta beste erakundeetan euskara teknikariei gonbitea egin diete Udaltopeko hamahirugarren edizioan parte-hartzeko, baina gonbita zabaldu diete beste alorretako eragileei ere: “Esparru sozioekonomikoan aritzen diren eragileak gurean ikusi nahiko genituzke, hala nola, enpresa pribatua, administrazio publikoa, sindikatuak…”.

 

Azkeneko edizioetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala.

Lotutako albisteak

25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Sidenorrek estrategia bat sustatu du enpresaren balio-kate osoan emakumearen presentzia handitzeko
Irakurri gehiago
25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eximportek irtenbide itsasgarriak eta urratzaileak eskaintzen ditu automobilgintza, trenbide edo energia berriztagarriak bezalako sektoreetarako
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Berrikuntza
SPRI, Budapesten egiten ari den SME Assembly 2024an parte hartzen ari da
Irakurri gehiago
18 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Solve Wind itsas eolikarako gabarra garatzen ari da
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Berrikuntza
‘ekinBarri 2024’ enpresa-topaketak Bizkaiko enpresa-garapenaren eta lehiakortasunaren erdigunean jarriko ditu pertsonak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak