Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Basque Circular Hubak Circular Berrindartzea 2021 programa abiatu du, gazte-enplegua Euskadin sustatzeko eta enpresa txiki eta ertainen prestakuntza hobetzeko, ekonomia zirkularrak planteatzen dituen erronken aurrean.
Programak Novia Salcedo Fundazioaren lankidetza du, eta sektore industrialeko ETEetara zuzentzen da bereziki, eta baita konponketa-zerbitzu aurreratuak eta sektore industrialarekin lotutako beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten enpresetara ere. Bete beharreko baldintza da euren sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan egotea edo bertan gutxienez jarduera-zentro bat izatea.
Helburua da unibertsitateko edo LH2ko titulazioa duten 100 gaztek praktikak egitea atxikitako enpresetan, ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza aditua jaso eta gero. Bertan, haien helburua izango da bide-orri bat inplementatzea, konpainia gai izan dadin ekonomia zirkularraren alorrean jarduteko, aukerak detektatzeaz eta haren lehiakortasuna hobetzeaz batera.
Euskal ETEei programa horretan parte hartzen laguntzeko, Ihobek zenbait hitzarmen sinatuko ditu Euskadiko kluster, elkarte eta garapen ekonomikoko erakunde batzuekin -10 baino gehiago-.
Circular Berrindartzea 2021 programan parte hartzeko lehenetsitako sektore industrialak honako hauek dira: makineria eta ekipoak; garraiobideetarako osagarrien fabrikazioa; metalaren transformazioa; kimikoa, plastikoaren transformazioa barne sartuta; eraikuntza; elikagaiak eta ontziak.
Ekonomia zirkularreko prozesu industrialetan prestatutako profesional gazteak integratzeari esker, programan parte hartzen duten enpresek “identifikatu ahal izango dituzte eredu ekonomiko berri honek haien lehiakortasunaren hobekuntzarako eskaintzen dituen erronkak eta aukerak”, adierazi du Alexander Botok, Ihobeko zuzendari nagusiak.
“Zehazki, enpresak jakingo du nola aplikatzen ari diren ekonomia zirkularra sektoreko liderrak, nola ezarri bezeroaren eskakizunei hobeto erantzuten dieten produktu eta zerbitzu propioak, zer tresna dauden enpresaren jarduera konkurrentziatik bereizteko, zer arau- eta lege-garapenek izango duten eragina negozioan datozen urteetan, edo zer-nolako negozio-eredu alternatiboak gauzatu litezkeen modu osagarrian”, zehaztu du Ihobeko zuzendariak.
Basque Circular Hubaren aurreikuspenen aurrean, programak espero du guztira Euskadin bizi diren 100 gazte biltzea, dela unibertsitateko titulatuak dela LH2koak; gazte horiek, prestakuntza-aldi baten ostean, praktikak egingo dituzte programari atxikitako enpresetan, ekonomia zirkularreko bide-orri bat enpresa bakoitzean definituz eta inplementatuz.
Gazteek jasoko duten prestakuntza presentziala izan daiteke, Basque Circular Hubaren Bilboko instalazioetan, edota telematikoa edo mistoa. Prestakuntza maiatzean egingo da, eta guztira 80 ikastordu izango ditu. Enpresen banakako proiektuak ekainaren 1etik aurrera hasiko dira garatzen, urriaren 31ra arte.
Circular Berrindartzea 2021 programan parte hartzeko interesa duten enpresek maiatzaren 14ra arte aurkeztu ditzakete euren eskabidea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?