Arrasatetik mundura eta berrikuntza ikurtzat harturik. Horrelaxe azaldu daiteke Ternua Group-en arestiko historia, zeren nazioartean erreferentziazkoa den arropa-enpresa honek tamaina esanguratsua hartu baitu kirol-ekipamendu teknikoak eta moda diseinatuz, garatuz eta merkaturatuz. Balea isatsaren markak bere baitan biltzen ditu aski ezagunak zaizkigun hainbat marka, hala nola, Astore, Lorpen edo Loreak Mendian. Konpainia horiek 180 profesional enplegatzen dituzte, presentzia dute 1.200 salmenta-puntutan eta Europa, Amerika eta Asiako 50etik gora herrialdetan saltzen dute, dio pozik Jokin Umerez zuzendari nagusiak.
1994an sortu zenetik, Ternuak keinu bat egiten die balea bila munduaren beste muturreraino joaten ziren euskal abenturazaleei…
Hala da, keinu bat da baleak arrantzatzera hain urruti joaten zen eta baleek ematen zietenetik bizi zen jende harentzat. Denborarekin, markak irauli egin du historia, eta ugaztun handi horiek defendatzen hasi da, hori dela eta, bere gain hartu zuen Mexikoko Golkoan bizi ziren lau balea babesteko ardura, eta haietako batzuek kumeak izan dituzte dagoeneko…
Nolakoak dira gaur egungo abenturazaleak?
Uste dut balore berberak dituztela, horrexegatik dugu guk ere helburu bera: arima abenturazalea eta ingurumenarekiko sentsibilitatea duten pertsonak janztea eta ekipatzea. Horregatik diseinatzen ditugu aire libreko jardueretan dabiltzan pertsonak babesten dituzten arropak eta, aldi berean, natura ere babesten dutenak, ingurumenarekin abegitsuak diren material eta tratamenduak erabiliz.
Berrikuntzaz ari garenean, Zientzia, Teknologia edo Industria arloetako enpresa eta profesionalengan jartzen da fokua. Halere, zuena bezalako sektorean ere errealitate bat da hori. Zenbat baliabide (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak) bideratzen ditu Ternua Group-ek I+G-ra?
Berrikuntza gure borondateari lotuta dago; guretzat aukera estrategiko bat da, merkatuan bereizten laguntzen diguna, eta inbertsio bezala ikusten dugu. Horregatik, 2015ean gure Taldea osatu genuenean erabaki genuen Berrikuntza Sail bat sortzea teknologia propio bat garatzeko eta, horrela, gero eta produktu jasangarriagoak egiteko eta berrikuntza irekiko prozesuak lantzeko gure balio-katean. Gaur egun bi profesional ditugu sail horretan, zeintzuek hainbat erakunde, teknologia-zentro eta organismoren laguntza jasotzen baitute gauza desberdinak egiteko. Jarrera hori betidanik egon da gure ADNan.
Berrikuntzaren aldeko lan-ildo hori bat dator Europako Orienting proiektuarekin, zeinetan paper garrantzitsua izango baituzue. Zertan datza?
EBren Horizontea 2020 programaren barruan kokatutako proiektu bat da (5,9 milioi euro); Europar Batasunak ikerketa eta berrikuntza arloan martxan daukan programa handienetako bat da, eta helburutzat du inpaktu hirukoitzeko metodologia bat (ingurumena, gizartea eta ekonomia) garatzea produktu eta zerbitzuen bizi-zikloaren jasangarritasuna aztertzeko.
Bizi-ziklo horrek erantzunak eman behar dizkie…
Honelako galderei: “Zenbat litro ur kontsumitzen dira jaka bat ekoizteko?”, “Zenbat CO2 isurtzen da atmosferara prozesu horretan?” edo “Nolako lan-baldintzak dituzte jaka hau egin duten pertsonek?”. Prozesu hori zortzi herrialde desberdinetako 17 antolakundez (lau ikerketa-zentro, bi unibertsitate, hiru aholkularitza, hiru elkarte eta bost enpresa) osatutako partzuergo batek garatuko du, eta Ternua Group da Estatuko enpresa bakarra partzuergo horretan. Hizkera arruntean esango genukeen bezala, Champions League-a jokatzera iritsi gara.
Berriz ere I+G gidaritzat harturik…
Horixe da gure errealitatea. 1994an sortu ginenetik modu desberdin batean egiten ditugu arropak, ingurumena errespetatzen duten material, betegarri eta tratamenduak lehenetsiz. Hain zuzen, gure lehen bilduman dagoeneko bazeuden plastikozko botilak birziklatuz eginiko forro polarrak. Berrikuntza jasangarriko parametroak erabiliz diseinatzen eta ekoizten dugu outdoor arropa teknikoa, eta Estatuan eta nazioartean merkaturatzen dugu, presentzia baitugu Europa, Asia eta Amerikako 50etik gora herrialdetan.
Azkenaldiko proiektu garrantzitsuenetako bat Artileshell (2020) izan da. Zuen markak sortutako ekimen horrek proposatzen du maila lokalean garrantzi handia duen baliabide natural bat erabiltzea: ardi latxaren artilea. Irteerarik ez zuen materiala zen, baina bere propietate teknikoak ikusirik, Ternuak erabilpen berri bat eman dio isolatzaile termiko ekologiko eta jasangarri bezala, eta oso produktu berritzailea da…
Jasangarritasuna gure balio-eskalaren parte da, gure erabakiak gidatzen dituen ardatzetako bat. Eta esan beharra daukat ez dela ikuspegi oportunista bat, baizik eta aspalditik aplikatzen dugun zerbait, Ternuaren helburua ez baita soilik ehun birziklatuak edo organiko biodegradagarriak erabiltzea, baizik eta orobat metodologia eta teknika berriak aplikatzea sektorean, ikuspegi berrietatik abiatuta gai izan gaitezen denborarekin baztertu ditugun ehunak berriz erabiltzeko, esaterako, ardi latxaren artilea.
Aspalditik sustatzen dituzue beste ekimen berezi batzuk eta tokiko ingurunean inpaktu positiboa duten ekonomia zirkularreko proiektuak, sektoreko eta inguruko enpresak horrelako ekintzetan parte hartzera bultzatuz…
Redcycle izan zen ildo horretan abiarazi genuen lehen ekimena. Ekimen horren bidez eta Euskadiko arrantzale kofradien lankidetzari esker, Kantauri itsasoan abandonatutako hamabi tona arrantza-sare berreskuratu genituen eta Econyl haria egin genuen haiekin (Aquafil enpresarekin lankidetzan). Gero, hari hori erabili genuen mota guztietako produktuak ekoizteko, batzuk ez oso teknikoak (hirian erabiltzeko prakak, trekking egiteko txanoak edo motxilak) eta beste batzuk, aldiz, teknikotasun handikoak (mendiko eskia egiteko txapelketetarako jantzi bat, gailur handietara igotzeko jaka bat edo trekking egiteko mailak eta galtzak).
Nola tratatu zaituzte pandemiak?
Kontuan izanik 2020a zaila izan dela denontzat, oso gustura gaude lantaldeak egin duen lanarekin eta lortu ditugun emaitzekin… Poz handia izan zen ikustea lantalde osoak konpromiso eta inplikazio-maila handia erakutsi zuela, jakitun izanik une oso berezia zela. Zentzu horretan, joan den ekitaldiaren amaierako zenbakiak lantalde osoak eginiko lan bikainaren isla dira, eta 2021aren hasieran ziurgabetasun handiarekin jarraitzen dugu lanean, baina nahiko baikorrak gara.
Zuen taldeak 25 milioi euro inguruko diru-sarrera bateratuak izan zituen iaz, pandemiak eragindako beherakada gorabehera, eta salmentak % 4 bakarrik murriztu ziren… Zergatik uste duzu izan dela?
Besteak beste, kirol arloak modarenak baino bilakaera hobea izan du, eta ehun teknikoen eboluzio onak konpentsatu egin du modari eta osagarriei lotutakoak izandako beherakada. Horrez gain, kontuan hartu behar da aire libreko kirolaren praktika asko ugaritu dela pandemiarekin. Aipagarriak dira baita ere arlo digitaleko salmentak, zeren zuzeneko salmenta digitalaren (B2C) fakturazioa hirukoiztu egin zen 2019koarekin alderatuta, hori dela eta, indartu egin behar izan dugu gure konpainiako merkataritza elektroniko, marketin digital eta logistikako lantaldea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?