2017an sortutako QB Pop Up enpresa arabarrak birziklatutako azpiegiturekin berritzen du. Zehazki, itsas-garraioko edukiontziak eraldatu eta birziklatzen ditu instalazio iragankorrak eta erdi-iraunkorrak eraikitzeko. Erraz instalatu eta garraiatzen dira eta askotariko konponbide deigarriak eskaintzen dituzte: igerilekuak, dendak, tabernak, food truck-ak, bizikleta aparkalekuak eta hotelak ere bai. Konpainiako bazkide fundatzaile Roberto Martínez de Guereñu SPRIrekin mintzatu da enpresaren gorabeherak azaltzeko bere bosgarren urtean.
Zein testuingurutan sortu zen proiektua?
Anekdota bitxi bat da abiapuntua: 2017an bidaia bat egin genuen Valentziara, eta han ikusi genuen edukiontzi bat hondartzako taberna-txosna txiki bihurtua. Bazkideak eta biok pentsatu genuen bideragarri izan zitekeela enpresa-proiektu bezala epe ertain-luzera. Eta halaxe, garagardoa joan eta garagardoa etorri, bideragarritasun-plana eta negozio-eredua gorpuzten hasi ginen.
Zer zioen lehen merkatu-azterketa hark?
Bi gauza: lehena, penintsularen iparraldean ez zegoela horrelakorik egiten zuen enpresarik; eta bigarrena, eraikuntzaren sektoreko industrializazio-prozesuak aldatzen ari zirela eraikitzeko joera berriei dagokienez. Hortaz, taberna baten barran sortutako ideia hura eraldatzen joan da eta bost urteko bidea egin duen negozio bihurtu da.
Nolakoa da itsas garraioko edukiontzi horietako bat azpiegitura iragankor bihurtzeko prozesua?
Itsas garraioko edukiontziak soberan daude munduan barrena. Duela 10 edo 15 urte, itsas konpainiek inolako ezagutzarik gabe fabrikatu edo erosten zituzten horrelako edukiontziak, batik bat Txinan, ez zuelako merezi edukiontziak itzultzea eta berrerabiltzea. Zer gertatu zen? Askotan ez zela jakiten zer egin edukiontzien soberakin horrekin, eta bertan behera uzten zirela inorenak ez ziren lurretan… Eta hortxe hasi ziren ideiak sortzen. Ikusirik Europa iparraldean eta Hego Amerikan oso ondo funtzionatzen dutela, erabaki genuen Euskadin ere edukiontzi horiek birziklatzea, eta bigarren bizitza erabilgarri bat ematea.
Nola eboluzionatu du testuinguruak gaurdaino?
Egoera aldatu egin da, altzairuaren merkatuaren testuingurua ere aldatu egin delako eta orain garestiagoa delako. Baina itsas konpainien premiak ere aldatu egin dira. Ondorioz, edukiontzien bizitza erabilgarria luzeagoa da; lehen hiruzpalau urtekoa bazen, orain ia bikoitza da.
Badago mugarik horrelako edukiontziak egokitzeko orduan?
Ez dut uste. Edukiontziak egokitu egin daitezke imajinatzen dugun edozer bihurtzeko, baldin indarrean dagoen araudia errespetatzen bada. Egin daitezke tabernak, dendak, bizikletentzako aparkalekuak, janari azkarreko postuak, igerilekuak, Durangon instalatu duguna bezalako garbitokiak, gimnasioak…
Eta etxebizitzak?
Eta etxe-orratzak ere bai! Gure kasuan, arkitektura eta diseinu arloko lantalde batekin dihardugu lanean gure enkarguak aurrera ateratzeko, betiere indarrean dagoen legeria errespetatuz. Baina hori ez da gure helburu nagusia. Gure gaitasunagatik eta tamainagatik, ez daukagu behar beste indar eraikuntza edo bulego-zentro handiak egiteko, baina iritsiko da hori ere. Momentuz, neurriko proiektuak egiten ditugu goi-mailako kalitate eta diseinudun eraikuntza iragankor edo erdi-iraunkor bat nahi duten bezeroentzat. Horretan gara lehiakorrak.
Zure ustez, zergatik dira hain erakargarriak horrelako instalazio birziklatuak?
Esango nuke kaxoi formako egitura deigarria dela eta fidagarritasun handia ematen duela, besteak beste kalitate handiko altzairu ebakiz egina dagoelako, zeina bereziki prestatua baitago itsaso zabaleko muturreko bizi-baldintzak jasateko, kontuan izan behar baita itsasoko gazitasun-maila oso handia dela eta ura ere faktore erabakigarria dela. Pentsa, askotan itsasora erortzen dira eta merkatu-gaiek ez dute kalterik jasaten barrutik hermetikoak direlako, beraz, esan liteke baldintza aproposak dauzkala eraikigarritasunaren aldetik.
Badirudi proiektu honek lotura estua duela Ekonomia Zirkularraren joera geldiezinarekin…
Hori iruditu zitzaigun duela bost urte. Ikusi genuen jasangarritasunak, birziklapenak eta ekonomia zirkularrarekin lotutako gainerako politikek etorkizuna aldatuko zutela, eta zorionez halaxe ari da gertatzen, ez daukagulako B planetarik. Horri gehitu behar zaio eraikuntzaren sektoreko adierazle guztiek ohartarazi dutena: sektoreak gero eta gehiago eraldatu eta industrializatu behar duela. Hala, ondorioztatu genuen beste alternatiba bat izan zitekeela eraikuntza modularraren arloan. Horren adibide dugu Munduko Futbol Txapelketan erabiliko den Qatarreko futbol zelaietako bat, Madrileko arkitekto talde batek diseinatu duena 5.000 edukiontzi erabiliz. Baliteke harrigarria iruditzea edo ez oso fidagarria, baina erabat logikoa da, zeren posible izango da dena desmuntatzea behin ekitaldia amaitutakoan, eta horrela ez zaio aurre egin beharko futbol zelai arrunt bat eraikitzeak berekin dakarren hipoteka urbanistiko zentzugabeari.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?